kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Zer gerta ere / Karlos Linazasoro / Alberdania, 1994

Ipuinlaria Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1994-12-10

Norbait, zaleturen edo eroren bat, Estatistika Instituturen bateko zerbitzari edo morroi, liburu honetan maizenik errepikatzen den hitza zein den aztertzen hasiko balitz, eldarnioa dela jakingo luke (esan dezaket neuk ere nire insomnio gauetan horretara saiatzen naizela, eta xehe-xehe kontatu ditudala liburuko hitzen maiztasuna, maiaztasuna eta maitasuna, jakinik, etorkizun eskergutxiko horrek kaso zipitzik eginen ez diola nire lan erraldoiari). Eldarnioak izan zen Karlos Linazasorok duela urte batzuk kaleratu zuen ipuin liburua. “Amigo, ez duk ihesbiderik, hirea hortik doan bidea duk, eta ez besterik”, esanen ziokeen Sam Spade detektibeak Karlos Linazasorori, ezagutzeko parada (eta fonda) izan balu.

Hamabost ipuin, guztira, bildu ditu T-ko idazle oparoak liburu honetara, zer gerta ere, inor ipuinik irakurtzeko gogorik faltan gera ez dadin. Eta egia esatera, liburuaren izen bera daraman ipuina, “Zer gerta ere”, maisu lana da bere jeneroan, euskaraz idatzitakoen artean esan nahi dut. Jolas moduko bat, ironia eta umorea (beltza, noski) nahastuta. Itxuren munduari, eta munduen itxurari zastakada bat erdi-erdian. Baina bada liburuan barrena, horretaz gainera, zer aipatua ere.

Giro itxia da nagusi. Protagonistak, leihorik ez aterik gabeko etxeetan bizi dira, beren baitan bildurik, berak ez direnaz mozorroturik, ispilua dutela askotan lagun bakarra. Baina mozorroak, azken finean, haragia edo larrua baino benetakoagoak izan ohi dira. Bada ipuin bat, “Ipuinlaria” izenburua duena. Bertan adierazten du Karlos Linazasoro idazleak zein den ipuin bati berak eskatzen diona. Badira beste ipuin batzuk ere, doinuz kafkianoak diruditen arren, Pragako idazleak bere bizian pentsa zezakeenetik haratago doazenak: “Hegaldia”, “Efren Beraun”, besteen gainetik jartzen direnak, ipuinaren egituraketa beragatik, nola amaierako sorpresarengatik.

Jenero bat azpimarratzen du idazleak. Eta jenero horretan fantasia eta irudimena dira elementurik garrantzitsuenak. Aipagarria ere bada idazleak siniestrotasunarekiko, itxuraldekatarekiko duen jaiera eta debozioa. Krudelak badira ere, ipuin batzuek, azken unean bederen, irribarrea dakarte ezpainartera.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak