kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Otto Pette / Anjel Lertxundi / Alberdania, 1994

Narratzaile petoarena Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1994-06-25

Nik hura piska bat ezagututa esan dezaket Anjel Lertxundik orain arte idatzi duen libururik zainduen eta landuena dela Otto Pette hau; eta ez dut hori horrela ziplo botatzen orrialdeen kopurua ikusita, edozein irakurlegai beldurrarazteko modukoa, baizik eta haren liburu guztiak eskatzen zuten arreta berberaz irakurri eta, batzutan, neurri berberaz gozatu ondoren.

Anjel Lertxundi eleberrigile peto-petoa dugu, baita ipuinak idazten dituenean ere, eta urtetan hartu duen ofizioko trebezia erakustera datorkigu oraingo honetan; Carla edo Kapitan Fracassa-n erakustera etorri zen modura; baina nire iritzia da, oraingoan lehengokoetan baino beteagoan lortu duela bere xedea. Liburu hau, izan ere, oso ondo pentsatutako eraikuntza da, ez dago ezer, edo ia ezer, halabeharraren asmo dardaratienen esku. Oso disfrutatu zuela aitortu zuen idazleak liburua irakurtzean, eta egia izango da, jolas modura baitago liburu osoa planteiatua. Zeinuz beterik gainera, alusioz goraino. Irakurleak orrialde batzuk dastatu ondoren pentsa dezake: “Hi, Andu, bazekiat noraino eraman nahi nauan”, baina ustel joko dio uste horrek, narratzaileak beste ibilbide bat hartuko baitu, despistagarria erabat, eta irakurleak orduan ere narratzailearan asmoak eta helbideak harrapatu dituelakoan egongo da, baina alferrik.

Liburu honetan, dena dela, hizkuntzarekin lotuta dauden gora-beherak ditugu deika: estiloa, hitzak, esaterako. Jakina da euskal idazle bakoitzak bere norabidea daukala hartuta, edo hartzeko bidean: batzuek kultoagoa nahiago, bestetzuek herrikoagoa maite, baina denak ahaleginean euskara eder batez idazten. Andurena, horretan ere, oso berea da, oso bide propioa. Baina hori garrantzitsua izateaz gain, edozein literaturaren zoruan hizkuntza baitago, niri, partikularki, garrantzitsuagoak iruditzen zaizkit nobelaren beste alderdi batzuk.

Narratzailea bata edo bestea izan dagoen aldaketa; irudiak adierazteko darabiltzaten konparazioak; elkarrizketek duten indarra; pertsonaiak nola dauden definituta, edo erdi definituta, berriak balira bezala agertzen baitzaizkigu beti. Irekia da oso eleberria, eta horrek biribildu egiten du bera, nahiz eta irakurlearen lanak zailagoak jarri.

Bere buruarekin zuen erronka irabazi du Anjel Lertxundik. Har dezake piska baterako lasaitasuna.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak