kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Atari ahantziak / Aurelia Arkotxa / Pamiela, 1993

Urdinarekiko lilura Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1994-03-12

Aurreneko liburua da Aurelia Arkotxa irakasle eta poetak kaleratzen duena, eta ezin esan forma bakarrekoa denik liburu hau, poesia formalarekin batera, prosa poetikoa ere lantzen baitu bertan.

Asmo estetikoa nagusia da liburu honetan. Eta estetika horren barnean, koloreekiko lilura, pinturarekiko atxekimendua, Klein edo eta Magritte, Kandinsky, Giotto, Fra Angelikorenganako miresmena. Koloreak dakarzkigu Aurelia Arkotxak, gama anitza ez baina bai distiratsukoak. “Der Blaue Reiter”, “Planeta Bluieko Gizonari” dira bi testuren izenburuak. Biak dira kolore urdinez pintatutako koadroak bezalakoak. Honela dio “Planeta Bluieko Gizonari”ko zati batek: “Kolore arraro hori jastatua nuen jadanik Giottoren zeruetan, Kandinskyren zaldizko bluiean, tatamietan, erreka bazterreko zenbait orhoit-lilietan. Bainan zurekin bluiak koadrotik ihes egin nahi zuen, mugak puskatu”. Testu horretan datza, nire ustez, liburuaren zentzu estetikoaren giltza. Mende haserako pintura klase bat ekartzen digu oroimenera, Inpresionismoa. Baina ez dira kolore bakarrak. Tonalidadeari begiratuz gero, esango nuke, urdinetik oso urruti ez dabiltzala. Hitsak, goibelak, bluiak.

Kolore horiek ematen diete liburu honetako testuei irudi inpresionista. Erabilitako koloreek erabakitzen dute poemen barne-paisaiaren kromatismoa. Barrura gehiago begiratzen baitu Aurelia Arkotxak, kanpora baino. Eta kanpora daramatzanean bere begiak, barnean duena azalaratzeko izan da, eskuarki.

Tragikoak dira prosazko testu batzuk, poema batzuk ere bai. Gerra, sarraskia, indarkeriaz ari dira, ifernu baten irudi testuala: “Laugarren zaldia”, “Hiroxima lorez estali zen”, beltza eta gorriaren arteko kolorez pintaturik. Gorria, noski, odolarena. Jon Miranderen heredentzia dirudite testuok.

Hala ere ez dira falta liburuan zehar erreferentzia literarioak, musikarenak, zinematografikoak: Nausikaa, Nadja, Win Wenders, Tracy Chapman… Guztiak modernoak ez diren arren, modernidadearen ikur bilakatuak..

Benetan interesgarria da liburu hau. Biribila, estetikoki bederen. Kultoa. Ondo zainduta, lehen orrialdetik azkeneraino. Irakurri besterik ez liburua banatuta dagoen hiru zatien izenburuak: “Saturnaro”, Circumambulatio”, “Ibisaren Urratsa”. Aurelia Arkotxak bere fantasma pertsonalak kaleratu ditu. Eta oso giro berezian kokatu ditu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak