« Ziberou herri maitiari | Korrikalarien bakardadea »
Hari hauskorrak / Rikardo Arregi Diaz de Heredia / Erein, 1993
Begiaren legera Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1993-04-09
Rafael Argullolek eta Eugenio Triasek elkarren artean idatzi duten “Mendebaleko Nekea” liburuan bada pasarte bat, guztiz interesgarria, liburu osoa bezala, eta pentsarazten duena, pentsatzea modatik kanpo dagoen garai honetan. Labur adierazia datorrenez, eta sinplea denez haren formulazioa, erositako prezioan salduko dizuet, euskaratuta gainera, keja ez zaitezten: “Gaur egungo gizon-emakumearen ezaugarriak bilatzen hasiz gero, begiralea dela konturatuko gara, pasiboa inondik inora”.
Ezaugarri horretaz ohartu naiz “Hari hauskorrak” liburua irakurri ahala; “begia”, “begirada”, “begiratu” baitira sarri askotan agertzen zaizkigun hitzak. Begiarekin egindako poemak ditugu; buruarekin baino; begiak ematen die gauza guztiei, bizidun eta bizigabeei, iragan eta orainari beren nortasuna; begiak seinalatzen du, kasuan kasu, besteekiko distantzia, bakoitzaren lekua; begia baita zentzumenen artean objetiboena eta hotzena, eta ez, batzuek dioten modura, belarria edo eskua edo ahoa. Begia da errealitatearen lekuko, baina horrek ez du esan nahi engainatuko ez gaituenik batzutan. Begiak objeto bihurtzen du inguratzen gaituena oro.
Begia desiraren zerbitzuan dago poema hauetan. Halaxe irakurtzen dugu “Ezpata herdoilduak” ataleko lehen poeman: “…Desira, begiratzea soilik/ nola hazten diren antzinean landatutako zuhaitzak”. “Desira” da beste hitz garrantzitsua, hori gabe nekez ulertuko ditugu Rikardo Arregik eskaintzen dizkigun poemak; tentsioa baita desira, bizi garen espazioaren eta gure pentsamenduan agertzen denaren artekoa. Desirak ez du denborarik, ez benetakorik edo errealik, ezta asmatutakorik ere. Errealitatearen eta asmakizunaren denbora gainditzen du desirak. Denborarik eza da liburu honen beste ezaugarria. “Hilezinak gara goizaldera arte/ piztu baita antiagoaleko desira/ pikondoen gainetik”.
Poema horietan objetuak daude: estatuak, museoan gordetzen diren edergailuak. Mundua museo baten antzera eraikita dago; dena da gure begien ikuskizun, gure begien gozagarri. Pasiboa da poema horietako gizon edo emakumea. Ez du inguruan eraginik; baina inguruak astintzen du bere edertasunaren indarrez. Sentsualak baitira poemak. Euskal poesian gutxitan dastatu izan dugun sentsualitateaz kutxatzen gaituzte.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera