kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Sex abaroa / Paddy Rekalde / Txalaparta, 2000

Sexuaren artxipelagoan barrena Laura Mintegi / Gara, 2001-04-21

Paddy Rekalderen Sex abaroa liburuaz mintzatzeko unean, titulua bera izan daiteke aurkezteko lehena. Hiztegiak dio artzainak abereak babespean jartzen dituenean, abaro eginarazten diela. Babesa eta atsedena hartzen omen dute ardiek abaroan egoten direnean. Eta hori izan daiteke Rekaldek proposatzen diguna, sexua har dezagula babes eta atseden.

Paisaia berezkoa aurkeztu du Paddyk. Paisaia hiritarra, gau-zalea, desolatua, samurra, gordina eta —gauza guztien gainetik— gizatiarra. Pertsonez ari da. Abaro bila dabiltzan pertsonak dira hauek, babes bila bizi diren indibidualitateak, irla bakartiak.

Irla batzuen multzoa artxipelagoa da. Eta artxipelagoa da, Borgesen hitzetan, “el conjunto de islas unidas por aquello que las separa: el agua”. Horixe dugu Paddyren pertsonaien patua: banandu egiten dituen hori da, hain zuzen, batu egiten dituena: bakardadea. Irlak eta bakardadea. Bakardadeak banandu, eta bakardadea batugile aritzen da pertsonaien artxipelagoan.

Kontrastea ere deigarri suertatzen da poemetan, aurretik argitaratu zuen “Whiskey koloreko gauak” liburuan gertatzen zen bezala. Kontrastea azal eta hondoaren artean. Azala zuzena, gordina eta maskulinoa den bitartean, hondoa xuabea, samurra eta femeninoa da. Maitasuna gizon baten moduan kontatzen du, baina emakume baten moduan bizi du haren behar eta falta.

Ikusmira maskulinoa da, bidezidorrik gabe jotzen duelako sexua asetzera, zakartasunez batzuetan, kontzesiorik gabe. Femeninoa da, ordea, bere balio eskalan. Esaten ez badu ere, maitasun erromantikoa jarri du lehenengo postuetan, maitasun utilitarista eta trukezalearen gainetik.

Liburu honek aurkezten digun gizona gizon egile eta biktima da aldi berean. Ekintzailea da, batetik, eta objektu gisa tratatzen dute, bestetik. Arraren desira adierazten du, baina desira desmaskulinizatua da. Poema erotikoak dira, baina ez da sexu soilaz ari. Afektibitateaz mintzo da, sentimenduez, femeninotzat jo izan diren balioez alegia.

Hala ere, eta honek guztiak besterik pentsarazi balezake ere, liburuaren tonua ez da transzendentala. Jainko eta lege gutxikoa da Paddy. Konbentzioei barre egiten die. Barre egiten du sinesmen finkatuenaz. Mesfidati agertzen da aldez aurretik ezarritakoaz. Ez da fidatzen bere burua berritzat, gaztetzat edo iraultzailetzat aurkezten duenaz. Sinesmen mugiezinezkoei barre egiten die, iseka.

Beste edozeren gainetik, sexuaz ari da. Eta sexua, Paddyrentzat, bizigogoa da, bizitzeko antsia, bizitasun kontzentratua, bizi-dosiak txute gisa sartuta. Sexua da grisarekin ez konformatzea, errealitatea bakoitzari bere utopia dosia eranstea, gehitzea. Sexua da komunikazio gosea adieraztea, trukerako egarria, entzuna izateko beharra.

Eta sexua hori guztia izanik ere, sexuak badu bere miseria: mediatizatua izan daiteke, komertzializatua, trukerako neurri bihur daiteke, salerosketa merkea, txanpon faltsua. Eta berak, jakina, hau guztia salatzen du, sexua garrantzitsuegia baita horrela zikin dadin.

Paddyk sexuaren lilura maite du, sexuaren ilusioa, xarma, beroa, misterioa, indarra. Gozamena maite du, plazerra. Gorrotatu egiten du sexuaren totalitarismoa, komertzializazioa, konbentzioa, debekua, moralismoa, simulakroa, instrumentalizazio literarioa eta sexualtasuna hitzez itotzea.

Eta maite, emakumeak maite ditu gehien. Begi bistakoa da. Horrenbeste maite ditu, ezen argazki gehienak emakumeenak diren, 21 argazkitik 4tan bakarrik agertzen baitira gizonezkoak. Zergatik jarri ditu emakumeak emakumeekin larrutan?

Norbaitek zioen emakumeak horrenbeste gustatzen zitzaizkiola, bera, emakumea izanez gero, lesbiana izango baitzen, zalantzarik gabe. Agian Paddy Rekalderen kasua hori bera da. Baina hori, berari galdetu beharko litzaioke.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak