kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Postmodernitatea euskal kontagintzan / Jon Kortazar / Utriusque Vasconiae, 2007

Gurean ere bai Aritz Galarraga / Gara, 2007-09-15

Utriusque Vasconiae argitaletxeak, literatura kritika sustatzeko ahalegin eskergarrian, izenburu berri bat gehitu dio orain arte argitaratutako liburuen zerrendari: Postmodernitatea euskal kontagintzan, Jon Kortazar irakasle, idazle eta kritikari “noranahikoak” txukundutako saiakera lana. Izenburu berri-berria ere ez da, nahiz eta Euskal Herrian eta euskara hutsean lehenengo aldiz argitaratu den: aurretik Cuencan (Cuadernos de Mangana, 2003) argitaratu zuten jatorrizko gaztelaniazko bertsioan eta Juan Kruz Igerabidek egindako euskarazko itzulpenarekin. Kontua da, orain, eskurago dugula euskal kontakizungintzan postmodernitatea zertan den ezagutzeko aukera.

Postmodernitateak euskal kontakizungintzan duen isla aztertzen hasi aurretik, ordea, beste hainbat kapitulu jakingarri bildu ditu Kortazarren saiakerak. Lehenengo atal batean, adibidez, postmodernitatearen definizio bat eskaini da, Peter Zima teoriko austriarraren eskutik. Zimak postmodernitateari aitortu dizkion ezaugarriak aipatzearren, pluralismo estilistiko eta politikoa, estilo bakar baten hegemoniaren falta, konstruktibismoa edo testuak eraikitzeko joera, bestearen onarpena, generoen arteko mugen galera edota irakurlearen aurkikuntza lirateke garrantzitsuenak. Kortazarren tesiaren arabera, balioen trukagarritasuna eta utopia nagusiak ez onartzea dira korrontearen ezaugarri nagusiak, bide batez, gure gizartean eta literaturan islatzen omen direnak.

Oinarriak ezarrita, euskarazko narratiban postmodernitatearen zantzuak egon badaudela ikusarazteko lanean jarri da Kortazar eta horren adibidetzat, lehenengo adibidetzat, Bernardo Atxagaren Obabakoak lanean dauden aztarnak aipatu ditu: pluralismoaren estilo bat eta jolasaren garrantzia, esaterako. Euskal literaturaren inguru izaera ahantzi gabe eta euskal nobelagintzaren mapa marraztu ondoren, lehenengo kapituluan aipatu diren ezaugarri nagusiak euskarazko literatur lanetan nola agertzen diren azaldu zaigu, azken kapitulu nahi baino laburrago batean. Horiek horrela, “emigrazioaren gaia gero eta gehiago agertzea, feminismoaren agerpena, irakurlearen bila joatea eta, beharbada, baita ere literatura errazago bat egitera joatea, abangoardia ahaztea” jo izan ditu Kortazarrek postmodernitatearen ezaugarritzat gurean.

Era berean, euskal literatur sistema osatzen duten elementu guztien baitan existitzen den arazo edo kezkarik handiena ere islatu du Kortazarren liburuak: irakurle faltarena, hain zuzen. Postmodernitatearen ezaugarrietako bat irakurlearen bilaketa eta aurkikuntza bada ere, argi samar dago ikastetxe eta hezkuntza zirkuituetatik kanpo ibilbide laburra egiten dutela liburuek, irakurleria sendo baten faltan. Inoizko idazle kopuru altuena eta kalitate handikoena dugula bai, baina oso irakurle gutxi daudela euskaraz.

Batzuek (Jon Juaristi eta enparauek, adibidez) defendatzen dute euskal kultura ez dela oraino modernitatera iritsi, edota izkin egin diola modernitateari, harengandik garrantzitsuena alde batera utzi eta gauzarik azalekoenak harturik, txerto bat ipintzeko-edo modernitatearen gaitza sar ez dadin; beste batzuek (Gilles Lipovetsky filosofoak, esaterako), aldiz, postmodernitatea bera azkenetan dagoela defendatzen dute, azkena emanda, hiperkontsumoa ezaugarritzat duen garai eta gizaki hipermodernoaren mesedetan. Lehenengo iritzi horren aurrean, gure literaturan, kontakizungintzan, postmodernitatearen zantzuak badirela defendatzera dator, beraz, Jon Kortazarren lan hau, eztabaida pizteko balio beharko lukeena.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak