kritiken hemeroteka

6.933 kritika

Azken kritikak

« | »

Haize hegoaren aroak / Luis Garde / Pamiela, 2007

Ahantz ez dezagun Aritz Galarraga / Gara, 2007-09-08

Aurtengo poesia liburu produkzioa motz xamar ez ote doan otu zitzaidan Luis Garderen Haize hegoaren aroak eskuratu bezain pronto. Hiruzpalau titulu aurtengoak orain arte eman duena, Durangoko azokaren esperoan, akaso… Eta, egia da, poesiak egun ez du hamarkada gutxi batzuk lehenago zuen indar eta garrantzi soziala. Poesiaren nagusitasunetik ezer gutxi geratzen da orain. Iñaki Aldekoak, arrazoi osoz, zera idatzi du bere Historia de la literatura vasca saio lanean: “60etan, 70etan genero prestigiotsuena zen poesia; 80ko hamarkadaren erdialdera indarra galduz joan zen; 90etan, dagoeneko, poesia liburu on batek narratibako erdipurdiko batek baino zarata gutxiago ateratzen zuen”.

Luis Garde iruindarraren ibilbide poetikoan bigarren emaitza den Haize hegoaren aroak (aurretik Oihan nabarra kaleratu du, eta aurki Urtzailearen beharra kaleratuko du) batasun sendo eta markatuko poema bilduma dugu: oroimena da poema hauetan landu den gaia, oroimen historikoa, nahiago bada. “Oroimenaren zingiretan urturik natza. / Oroimenaren lainoa naiz, agian deuseztear nagoen lainoa / jainkoek utzi mundu baten zerua” aldarrikatu du liburu osoaren tonua argi utzi digun sarrerako testuak. Eta oroimenaren bideetatik barrena, gure historiaren errepasoa egin digute Garderen poemek eta ohartu gara, batetik, bakerik aspaldi ezagutu ez duen herria dela gurea eta, bestetik, historia errepikatu egiten dela, egiten dugula, gure historia ziklikoa dela, alegia, liburuko poema batean ongi baino hobeto aitortzen den gisan. Horrela jaso du “Haize hegoaren aroak” izeneko testuak: “Haize hegoaren olatuek oroimena jotzen dute; / aroak badabiltza, defenda ezazu aberria. / Horrela badakit iragana aurreikusten. / Horrela etorkizuna errepikatzen dut. / Zirkuluka biratzen da haize sukarduna. / Zaldi urdinen irrintzia gelditu ez zeneko gaua oroitzen dut”.

Modu horretan, gerraz hitz egiten digute poemok (“Gerra irabazten ari gara. / Gerra guztiak galdu ditugu”), geure gerrez (karlistaldiak, gerra zibila, gaur egungo hau) eta darabilten hiztegia ere halakoxea izango da, tiro hots eta odol usaina gogorarazten diguna: zaldi, tren, jainko, hauts, su, Herio eta abar, behin eta berriro errepikatzen diren hitzak dira, elementu sinbolikoak horietarik gehienak, testuinguru historiko jakin batean. Horrexegatik, seguru, tonu ilun, lodia gailendu zaio poema bilduma guztiari, ez da samurra irakurleak orriotan zehar egin beharreko bidea: “Gogorapenek asetzen eta husten naute. / Neureak, bertze batzuenak. / Bizi izanak, oinordetzan jasoak”. Eta hasiera batean, poema narratiboak direnak (“Baso hauen zuhaitzek hitz galduak aditu zituzten. / Nor bere doinuz mintzatzen zen / zuhaitz orotan bizi zen jainkoarekin”), lehenengo pertsonan idatzitako poema bilakatu dira, esperientzia pertsonaletatik abiatukoak balira bezala: “Maskorra baldin banintz / ene barruko ahotsa adituz / zein itsasertzetatik abiatu ziren arbasoak / aipatuko nieke auzoei”.

Zenbait mementotan irakurketa errepikakor xamarra egin bazait ere, hitz jolasen, hoskidetasunen erabileran (“Hitzen hats hotza: / hitzek hiltzen dute”) edota goraxeago aipaturiko sinboloen erabileran, ezin uka batasun eta izaera handiko poema bilduma osatzea lortu duela Luis Gardek, “gure garaiko epikak” bildu dituen bilduma, egilearen beraren hitzetan. “Izan ginena ahantz ez dezagun / zapalduriko gatzaren antzigarraz / ezpainak igurzten ditugu” irakurriko dugu liburuko poemen artean. Oroimenaz jardutea izan daitekeelako bidea, izan ginena ahantz ez dezagun.

Azken kritikak

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Javier Rojo

Horma
Anjel Lertxundi

Iratxe Retolaza

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak