kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Jalgi hadi plazara / Itxaro Borda / Susa, 2007

Nüzü Aritz Galarraga / Gara, 2007-07-14

Amaia Ezpeldoi detektibearen ibilerak ezagutzen ez dituenak (orain hamaika urte, Amorezko pena baño, auskalo non ote ginen), ustekabe atsegina hartuko du Jalgi hadi plazara abentura berri honekin. Ustekabe atsegina batetik, gure literaturan bakana den haize freskoa baitakar liburu aske eta probokatzaile honek. Baina baita plazera ere, irakurtzearen plazera, gustura irensten den horietakoa baita Itxaro Bordaren lan berria, orobat irri eginarazlea. Detektibe nobelaren atzean ezkutaturik gainera, hamaika konturi buruz arituko zaigu hausnarrean Jalgi hadi plazara: euskara, euskararen egoera, euskal literaturarena, hego-ipar Euskal Herrien arteko harremanak, gizabanakoen identitate eta identitate sexuala besteren gainetik, baina maila apalagoan adierazi diren beste hainbat kontu ere larrutu dira bertan.

Gertakizuna azaltzearren, inkesta abiaraziko du Ezpeldoik telefono dei misteriotsu baten ondotik: Gexan Hiriart, ipar Euskal Herriko apez euskaltzain adindua, ez da inondik ageri Bilbora onomastika bilkura batera joan zenez geroztik. Ikerketak, beraz, Bizkaiko hiriburura eramango du detektibea eta bertan konturatuko da, ez bat, lau direla (Ipar Euskal Herriko laurak) desagertutako euskaltzainak. Modu horretan, Euskal Herriko geografian barnako bidaiari emango zaio hasiera, road-movie baten gisan, desagertutakoen atzetik: Isturitzetik abiatu eta Bilbora, Gasteizera gero, Errioxan sartu-irtena, korapiloaren askatzea, azkenik, Nafarroako Bardeetan gertatzen dela. Bidean, eta ikerketaren lagungarri, hainbat pertsonaia bitxi bilduko zaizkio Ezpeldoiri: Carmen maitale eta nobela arrosen idazlea, Estevez ertzaina edota Haizemin, Bilboko gauetan Ipar Euskal Herriko aireak kantatzen dituen transexuala.

Eta liburuak eskaintzen duen abentura eta akzio dosi interesgarriaz gainera (eta benetan da interesgarria, irakurlea zut mantentzen baitu lehenengo orrialdetik azkenera), interesgarriagoak dira bertan proposatzen diren askotariko gaiak. Amaia Ezpeldoi protagonistak badu joera barne-gogoetarako, sarri bidaideek aurpegiratzen diotena, baina gogoeta une horiei esker ezagutuko ditugu hainbat hausnarketa, ipar Euskal Herriko euskararen galeraz, euskal lurraldeez, horien arteko harremanez, norberaren askatasun pertsonalaz, (Zuberoa) sorterriaren nostalgiaz eta (Bilbo) hiriaren distiraz…

Gai guztietan garrantzitsuena, akaso, Amaia Ezpeldoiren identitate sexuala onartzea, aitortzea eta, azken batean, plazaratzea izan daiteke. Orain artean emakumeekin harremanak izan bai, baina homosexualtasunaren aldarrikapena egin gabea zuen. Oraingoan jalgi da plazara, kostata, hori bai. Carmen maitalearekin duen elkarrizketa hau aitorpenaren zailtasunen lekuko: “—Ene bizitzako erregina… / —Hi ere hala haiz. / —Hala, zer? / —Lesbiana. Errepika ezan: lesbiana naiz. / —Eheeeem… Eta hala ez banaiz? / —Zalantzan hago ala? Aukera ez dun gehiago izan ala ez izan, izan eta ez izan baino! Erran ezan behingoz / —Hara:… ni ere… nüzü. / —Berrogei urte izan eta ez izanaren onartzeko eta aditz-laguntzailea bederen zuberotarrez murmuratzeko”.

Hori guzti hori da, beraz, irakurleak Jalgi hadi plazara aske eta probokatzaile honetan aurkituko duenaren lagin bat, lagin txiki bat, ez baita guztia hemen sartzen. Irakurleak deskubritu beharko du esan gabe doana. Eta hori guzti hori, jakina, Bordak ohi duen eran: zorrotz, oso zorrotz, eta zuzentasun politikoari men egin beharrik gabe. Eta hori askatasuna ez bada, esango didazue zuek zer demontre ote den.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak