kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Kaxa huts bat / Beñat Sarasola / Susa, 2007

Ironiazko begiratu kritikoa Patxi Sarriegi / Deia, 2007-06-22

Aditu, editore eta irakasle askoren esana da gazteek poesia gutxi irakurri eta idazten dutela, poesiaren irakurzaletasuna bultzatzeko koska libratzea ez dela erraza izaten. Euskaraz aukera berria da Susa argitaletxeak eskaini berri duena, egile gazte baten eskutik gainera. Aurreneko poesia liburua duen arren, Beñat Sarasola donostiarra ezusteko atsegina suertatu zaigu bere Kaxa huts bat liburuan isuritako poesiekin.

Lehenik eta behin, bere interes propioak ederki jorratzen dituelako, sinesgarritasunez, metaliteratura eta metahizkuntzaz ari delarik. Bere baitatik ari da poeta. Bigarrenik, etengabe sumatzen zaion kritikarako joera ezin zintzoagoa egiteagatik, bere inguruko errealitatea interpretatzeko egarri da sortzailea, eta horretarako ironia eta umorea erabiltzen ditu bere nahierara, gaiak hartaraturik.

Hartzaileari zuzenduko zaio zorroztasunez idazle gaztea, 23 urte dituen arren eszeptizismoa agertuko du zenbaitetan, esate baterako Aberriaren inguruko poesia lanetan. Egilearen kezkak gaurko gaiekin uztartuta agertuko dira orduan, garaiko belaunaldi berrien ispilu gardena bihurtzeraino. “Gure belaunaldiak ez du deus balio… utopia eta ideologiek ez dute lekurik gaur egun… gure belaunaldiak ez du diktadurarik ezagutu, ez dugu demokrazia besterik bizi izan, gure belaunaldiak erreklamazio orriak ditu eskura bere kexak bideratzeko…”

Erromantizismotik ihesi, kritikarako joera nabari zaio poetari, ironia baliabide poetiko bikaina bihurtzen du langintza horretan. Poesiaren zeregina bere egiten du, irakurlearengan eragiteko poesia egin nahi du, iradokizun ugari lagun. Horretarako, hitzen hautaketa erabakigarria egiten du, ez nolanahikoa, ez da edozeinekin konformatzen… irakurlea kolpatu nahi balu bezala.

Kaxa huts bat ostu du Beñat Sarasola donostiarrak bere lehenengo libururako. “Osten dira ametsak, amoranteak, imintzioak, liburuak, banketxeak, futbol partidak…” dio halako batean poetak. Badu, izan ere, tonu narratiboarekin batera kontaketa hutsetik harantzago joateko nahia, lerro artean estilo ulerterrazean idatzi eta bere ideiei ñabardura kolokialagoa emateko borondatea. Orduan, irakurlea harrapatuta daukalarik, tonu kritikoagoa erabiliko du pentsalariak, poeta zer da ba bestela?

Mezuak erraztasunez agertuko zaizkio, sormena eta artea komunikaziorako tresna bihurtua duelarik. Sintaxia errazeko poesia bigarren zentzuetan murgildua emango du orduan, egitura hertsi eta korapilatsuetatik ihesi hizkuntza poetikoa ia testu narratiboa bihurtzeraino. Horixe Sarasolaren berezitasuna.

Gogoetaz, bizipenez hustutako kaxa da liburua. Hutsik dagoelarik betetzen joango dena irakurlearen baitan. Kontaketak batzuetan, iritziak besteetan… Sarasolaren estraineko emaitza da bere ibilbide literario-poetikoan: ez makala horregatik! Liburu freskoa da ideietan, egituretan, plazaratzen dituen kontraesanetan… autoreak bizi izandakoen ispilu. Eta gaztetasunaren osagarri, izaera kritiko ironiatsua, horixe Sarasolaren ekarpena: “Ezin izan dugu etxetik alde egin, komuna hippie batera joan. Gure gurasoek ulertu egin nahi izan gaituzte… gure bandora pasa dira… Gure belaunaldiko inor ez da eromenez, gosez akabatuko… ez dugu katekesirik egin, ezin izan gara apaizen kontra oldartu…”

Nork dio poesia irakurtzea zaila eta korapilatsua dela? Prosa poetikoaren, kritika poetikoaren indarra deskubritzen laguntzen du egileak Kaxa huts batean. Irakurleak, liburua irakurri ahala, laster beteko duena.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak