kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Beste eguzkia / Itziar Madina / Txalaparta, 2007

Adarretatik Aritz Galarraga / Gara, 2007-06-09

Orain eta hemen existitzen diren arazoei adarretatik heltzeko asmoz idatz daiteke liburu bat. Eta orain eta hemen existitzen diren arazoei adarretatik heldu nahian idatzi du Itziar Madinak liburu bat, nobela bat: Beste eguzkia. Bertan, besteren gainetik, (ia) guztion baitan bizi den kezka bat azaleratu da, kultura, bizimodu eta izate jakin batzuen heriotzaren ingurukoa. Aurreko belaunaldiek, gure arbasoek bizi izandako bizimoduaren galera. Ez ote du atzera bueltarik galera horrek? Zer egin oraindik bizirik den jakintza hori guztiori transmititzeko? Gisa horretako galderek akuilatuta idatzitako liburua dugu Madinaren eleberria. Baina kontuz: erraza da horrelakoetan topikoetan erortzea, ongiaren eta gaizkiaren dikotomia sinplista enegarrenez errepikatzea; erraza, orain artean biziraun duen bizimodu tradizionala baldintzarik gabe idealizatzea.

Nobelaren gertabidea ezagututa, gainera, ezin esan liburua irakurri aurretik beldur pixka bat sentitu ez nuenik: eraikuntza enpresa batek “Antzinako Euskaldunen Herria” eraiki nahi du Alkabehere herrixka zahar eta (ustez) utzian, “goi mailako eta turismo historiko-kulturalerako gunea”, hain zuzen. Parke tematiko moduko horren aurka baina, artzain bat eta okupa batzuk arituko dira elkarlanean. Artzain bat eta okupa batzuk, bai. Horiek irakurrita, nahi gabe ere, segituan datorkizu burura Txomin Agirreren Garoa-ko artzaina (bitxia, hemengo artzaina Domingo baita) eta, nahi gabe ere, euskal literaturaren tradizioan izan diren artzain guztien zerrenda. Baina baita beste alde batetik, SPrako tranbia-n ezagutu genituen Lukas eta Markos, agure eta okuparen oihartzun urrunagoak ere. Berritik, berrikuntzatik beraz, eskas.

Eta, hala ere, topiko batzuk gorabehera eta hasierako inpresioa hasierako inpresio gisa utzita, gustura irakurtzen den nobela da Beste eguzkia, ez da pisu egiten den horietakoa. Hizkera txukunean idatzia dago eta hizkuntza aldetik ere aberatsa da, baina deskribapen eta irudiek egiten dute nobela honen irakurketa atsegin, bai eta akzioaren erritmo egoki eta neurtuak ere. Izan zitekeen planteamenduan berritzaile eta ausartagoa, jakina, baina horrek ez du kentzen istorioa zuzen harilkatua eta doitua egotea. Eta bide batez erakutsi digu Madinak baduela gaitasuna kontakizuna taxuz lotzeko, interesatzen zaizkion istorioak ganoraz garatzeko.

Baina interesgarriena, akaso, hasieran aipatu bezala, nobela honekin arazo bati erantzuna ematen saiatu izana da. Ipar Euskal Herriak zehazki, baina modu orokorrago batean mendebaldeko gizarteek bizi dituzten bidegurutzeak azaltzen dira bertan: herri txikien hustea, turismoa gailentzea, etxebizitzak garestitzea, gazteen lekualdatzea edota, oroz gain, bizimodu “arkaiko” baten galera ezinbestekoa (ados gaude puntu honetan, ezta?). “Arkaiko” deitu dio Madinak berak, “tradizional” edo bestelako adjektiboen aldean, “oso urrun begiratu beharreko iragan historikoa” baita galtzen ari dena. Eta bidegurutzeak azaltzearekin batera, zubi lana egin nahi izatea ere aitortu behar zaio liburu honi: Domingo artzainaren eta okupa gazteen arteko harremanean islatu den zubi lan hori. Modu horretan, eta harreman horren bitartez islatu du Itziar Madinak tradizioaren lekua edo lekutzea gaur egungo mundu modernoan.

Liburua irakurri aurreko aurreiritziek nagikeria pixka bat sorrarazten badute ere, gustura irakurtzen den nobela da Beste eguzkia, bide batez eta prezio berean, zer pentsatua eskaintzen duena.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak