kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Zakur kale / Harkaitz Zubiri / Susa, 2007

Zakurkeriaz Aritz Galarraga / Gara, 2007-05-12

Ekoizpen txikia zen, xumea, baina gogoratzen duzue “Smoking room” filma? Bertan, egun batetik bestera, multinazional amerikar bateko langileei debekatu egin zitzaien enpresako instalazioetan erretzea. Zigarroak, esango nuke. Kontua da langile horien artean bat, bakar bat, mugitu zela lankideen artean sinadurak bildu eta erretzaileentzako eremu bat lortzeko. Laster jabetu zen, ordea, lankide uste zituen langile horiek guztiek bazutela aitzakiaren bat edo beste “istiluetan” ez sartzeko. Filmak ikusleari transmititzen zion giro hertsia alde batera utzita (gogoratu enpresa barruko eszenatoki itogarriak, etengabe), Harkaitz Zubiriren estreinako lan honetako zenbait ipuinek zuzenean gogorarazi digute aipatutako filma (“Kanpotik datoz, barrutik dator” edota “Despedida” ipuinak, esaterako), inor gutxi agertzen baita prest horietan sortzen diren gatazkak konpontzeko. Eta, oro har, liburu osoak islatzen ditu enpresa eta lan eremuetan sarri askotan sortzen diren zalantza eta ezinegonak, baina baita arazo sozialak ere, immigrazioarena kasurako. Eguneroko gatazkak dira, azken batean, protagonista Zakur kale-ren luze zabalean.

Hedabideetan argitaratu izan denagatik ezagunak ziren liburuaren gaineko hainbat kontu: Donostian girotutako ipuinak zirela edota, ipuinotan, burgesiaren gaineko erretratua egiten zela, adibidez. Eta neurri batean, horiek hala dira, narrazio bilduma osatzen duten hamar ipuinotan erretratu zehatz bat egin baita: gaur egunean egunerokoa bilakatu den oihaneko legearena, hain zuzen (behin baino gehiagotan errepikatzen dute liburuko pertsonaiek “oihaneko legea” esamoldea). Horrexegatik aukeratu da Donostia atze-oihal gisa (hiri burgesik bada?) eta horrexegatik aukeratu da gizartean maila jakin bat, hain zabaldua dagoen klase ertain horretako koskarik altuena. Baina eszenatoki horiek aukeratu baditu Harkaitz Zubirik jendearen zakurkeriaz, bi hankakoen zakurkeriez hitz egiteko izan da. “Pentsa, nire adinean konturatu behar jendearen zakurkeriaz, bertatik bertara”, aitortu du “Lapurrak” izeneko ipuinean. Etengabeak dira liburuko pertsonaien artean gertatzen diren jukutria eta maltzurkeriak.

Horiekin batera, esan dezakegu Zakur kale literatur lan garaikidea dela, arazo garaikideez mintzo den neurrian. Zehatzago esateko, gaur egungo gazteen (gazteen sektore zabal baten), 30 urteen bueltan dauden horien kezka eta arazo behinenak erreproduzitu dira narrazio hauetan: hileroko gastu arruntez gainera hipoteka ordaindu beharra, lan batetik bestera ibiltzearen kondena, gai sozial, politikoekiko konpromisorik eza, nagusi alfer eta kontentagaitzak, pilatutako zorrak ordaintzeko ehun urtera arte bizi beharko duten gazteak eta horren ondorioz jendearengan sortzen den ezinegona, ekonomikoa naiz animikoa. Gai gaitz horiek guztiak lantzeko orduan zuzen eta zorrotz agertu zaigu Zubiriren prosa, kontzesiorik gabe, ironia fina erabiliz zenbaitetan (adibidez, gatazka askoren iturburu den eta hainbat ipuinetan errepikatzen den enpresari Abegi SA izena jarri dionean). Eta izan ere, horixe da Zakur kale honi eskertu diogun beste gauza bat, gauzak esateko aukeratu den modua, xehea, apaindura handirik gabekoa, baina zuzenean mamira jotzen duena: “Martinez jaunari edo bere gisako bati mehatxu egitea Pandoraren kutxa irekitzea da, Iñaki”.

Esandakoa: txukuna da Harkaitz Zubiriren lehen literatur lana, txukuna eta interesduna, bere orrietara gerturatzen den irakurleak egiaztatuko duen bezala.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak