kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Obligazio bat / Manu Ertzilla / Hiria, 2006

Hizkuntza ereduak / mundu ikuskerak Iratxe Retolaza / Berria, 2007-05-06

Liburuaren izenburuak dioen moduan, Manu Ertzillak lagun batzuk omentzeko obligazioa sentitu du. Horretarako, bi narrazio luze eta epilogo moduko bat eskaini ditu. Lehen narrazioan, Heriotze edo mutilazio kasuan… izenburukoan, Goti milizianoaren bizitzaren zenbait zertzelada ematen ditu. Gerra Zibilean miliziano ibili zen Goti, eta baita guda-zelaian besoa galdu ere. Gotiren bizitzan besamotz geratu zeneko une hori erabakigarria izango da, azalean tatuaturik eramango duen bizipena. Gaiaren interesa onartuta ere, narrazio hau oso gorabeheratsua egin zait, batzuetan erabat hartu nau, baina beste batzuetan gertaeren loturak eta korapiloak motel antzeman ditut. Dena den, azken aldiko literaturan Gerra Zibilari buruz irakurri ditudan pasarterik onenetakoak antzeman ditut narrazio honetan: esate baterako, Gotik besoa galtzen dueneko unea gogoangarria da, guda-zelaiaren giroa trebetasunez deskribatzen duena, hitz gutxitan, irudi indartsuz. Halaber, Gotiren gogoan iltzaturiko une horren arrastoa pertsonaiaren nortasunean irudikatzen ere asmatzen du.

Hala ere, liburu honen bigarren atala gozatu dut gehien, Modu optativo verbalaren inzertitudea: apaltasunezko exerzizioa izenburukoa. Narrazio honetan FKS-ren bizitza kontatzen da; alegia, Federiko Krutwigen bizitzaren irakurketa pertsonala egiten da, fikziozko diskurtsoan harilkatua, baina gogoeta-bideei ateak zabalduz, batez ere. Are gehiago, Krutwig idazle eta pentsalariaren inguruan sorturiko irudiak eta mitoak berrirakurtzeko gogorik ere badago, Krutwigen pentsamendua eta obra ibilbide pertsonal horren arabera irakurriz, Krutwigen irudi politikoaren aurrez aurre irakurketa pertsonala eta bitala jarriz. Esango nuke —irudipen hori izan dut narrazioa amaitzerakoan—, bereziki lapurtera klasikoaren eredua proposatu zuen Federiko Krutwig idazlearen hizkuntza eredua/mundu ikuskera azalarazteko beharra sentitu duela, eta horretarako, ezin hobeto, Krutwigek proposaturiko idaztankerari heldu diola, haren mundu ikuskerara hurbiltzeko molde ezin aproposagoa.

Horiek horrela, aitortu behar dut, Manu Ertzillaren Obligazio bat liburua irakurtzeari ekin nionean, erabat arrotza eta ulergaitza izango zitzaidan mundua topatuko nuelakoan nintzela. Aurreiritzia. Jakina, aurreiritzi hori erabilitako hizkuntza ereduak sorturikoa zen. Liburua idazterakoan lapurtera klasikoaren eredua hautatu izanak berez testua ulergaitz eta hautemangaitz bilakatuko balu bezala, beste hizkuntza eredu hori erabiltzeagatik jada testua interesgarria izaterik ez balu bezala. Jada gaurkotasunik gabeko testua zela aurretik epaitzeko tentazioari lotuta. Aurreiritzia. Ikastolakumearen aurreiritzia, euskara batu homogeneizatuegiaren -gipuzkoar kutsuz puzturikoaren- mundu ikuskeraz hezitakoaren Aurreiritzia. Baina, aurreiritzi horien kontrara, Manu Ertzillaren liburu honek —bigarren narrazio honek—, besteak beste, lapurtera klasikoaren hautuari lotu zirenen mundu ikuskera hobetoxeago ulertzen lagundu dit, hizkuntza aukera horri heltzearen arrazoiak eta kezkak hurbilarazi dizkit; eta Krutwigen irudi hertsia zabaltzen lagundu dit. Eta horixe iruditu zait liburu honetan aipagarriena, hizkuntza eredu hori erabiliz, hautu horri muzin egin gabe, hautu horren zergatietan arakatzeko ahalegina egitea, ez bakarrik erantzunak topatzeko asmoz, baita galderak eta ezbaiak sortzeko ere, baita hizkuntza eredu horren mugak agerrarazteko ere. Betiere galdera eta kezka horiei gaurko hizkuntzaren egoeraren kokapenetik helduz, diskurtso zaharkitu eta errepikatuetan tematu gabe, eta hizkuntza eredu/mundu ikuskera hori ulertzeko bide berriak zabalduz, galdera berriak eginez.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak