kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Sua falta zaigu / Katixa Agirre / Elkar, 2007

Errepikatzeko modukoa Aritz Galarraga / Gara, 2007-05-05

Euskarazko literatura irakurleak urtero-urtero jasotzen du idazle berrien bisita. Urtero-urtero agertzen dira dendetako erakusleihoetan lehenengo liburua argitaratu duten idazleak. Batzuk “konformatuko” dira liburu bakarra argitaratzearekin, baina beste batzuk etorkizuneko idazle erreferentziazkoak izango dira, denborarekin. Egungo behi sakratuek ere noizbait kaleratu zuten beren lehenengo liburua. Jolas polita izan daiteke, adibidez, urte horretan zer berri argitaratuko den aurreikusten saiatzea. Aurtengoa, 2007a, indartsu hasi da, hori ezin uka: Beñat Sarasola poesian, Uxue Alberdi, Harkaitz Zubiri eta, eskuartean dugun liburuaren egilea, Katixa Agirre narraziogintzan. Agirreren lanari helduko diogu asteon, lehenengo literatur lan argitaratua izateko baduelako kontuan hartzeko sendotasun narratiboa, ezohikoa hasiberri batengan.

Zazpi ipuinek osatuta dago Sua falta zaigu narrazio bilduma. Gertakizun-haria labur aipatzearren, liburuari izenburua eman dion lehenengo ipuinean lehenengo zigarroa erre nahi izan zueneko neska nerabearen esperientzia kontatu da, helduarotik. “Ness lakuko zooplakton haragijalea” izeneko bigarren ipuinean, bikote baten haustura aurreikus dezakegu, Ness aintzira inguruko hotel itxuraz normal baina misteriotsu batean. Hirugarren ipuinak “Hirugarrenik Asier” du izenburua eta, Hanburgotik bueltan, homosexual uste izan duen Asier bihotzekoaren ezkontza heterosexuala kontatu digu June narratzaileak. Hurrengo ipuinean (“Festa gonbidatuak”), Patricia (Highsmith) eta MJ maitaleek Pennsylvaniako bizimodu lasaian ezusteko bisitatxo bat jaso dute. “Kafe-makina elektrikoa” da bosgarrena, eta bertan kafe-makina baten inguruan sendotzen den bi bikote ezezagunen kanpin-harremanaren berri izango dugu. Azkenaurreko narrazioa da “Arazo bat berez”, neska gazte eta gizon heldu baten arteko harremanaren gorabeherak kontatzen dituena. Eta zortzigarren eta azken ipuinak “Horrela bukatu” du izena eta telefono dei misteriotsu batzuen ondorioz jaio den erlazio labur-ezohiko bat azaltzen zaigu bertan.

Esan dugu, zazpi ipuinek osatzen dute Agirreren estreinako liburua. “Zazpiak ez zaizkit maila berekoak iruditu”, hori denek esango dizute (betebeharra baita ia, ipuin bilduma batez ari garelarik), baina liburuak, oro har, mantentzen du maila polita, ez da erortzen berau irakurtzeko intentsitate eta interesean. Hala ere, eta gustu pertsonalez haratago, gogoan gordetzeko moduko ipuinak iruditu zaizkit Sua falta zaigu, nerabezaroaren atarian den neska gaztearen iniziazio esperientzia kontatzeaz gainera, nerabezaroaren beraren metafora gisa ere uler daitekeelako: haur eta helduen munduen arteko garaian, zigarroa erre nahi eta ezin, horrek dakarren frustrazio sentimenduarekin. Ipuinik biribilena, akaso, “Festa gonbidatuak” izango da, bikote batek erretiro goxoan izandako ezusteko bisita baten ondorioz, ongi baino hobeto marraztu direlako pertsonaien barne paisaia eta nahasmenduak. “Kafe-makina elektrikoa” edo “Horrela bukatu” narrazioek ere ez dute atzean geratzeko asmorik. Moteltxoagoa iruditu zait, adibidez, “Hirugarrenik Asier”, bertan azaltzen den istorioa sinesteko lanak izan baititut, bortxatuegi geratu baita gertakizuna.

Goraxeago aipatu dudan bezala, bere osotasunean, hasi eta buka, merezi duen narrazio liburua da Sua falta zaigu, Katixa Agirreren lehenengoa, estreinakoa, baina idazlea etorkizunean esperientzia errepikatzera kuraiatu beharko lukeena, zalantzarik gabe.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak