kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kasandra leihoan / Fito Rodriguez / Txalaparta, 2006

Autuaren hautua Aritz Galarraga / Gara, 2007-04-14

Filosofia eta, oro har, pentsamenduaren bidezidorrak publiko zabalagoarengana hurbiltzeko bidean saiakera berri bat egin du Fito Rodriguezek. Saiakera baino, saiakela esan beharko genuke, horixe baita Fitok berak bere azken lanak izendatzeko erabili ohi duen terminoa. Saiakelak, azalduko dugu, saiakera eta nobela generoen arteko hibridoa izan nahiko luke, hau da, nobelaz mozorroturiko saiakera. Gisa horretako ahalegina aurkitu genuen bere aurreko liburuan ere, Jeu de Paumme izeneko hartan. Kasandra leihoan lanarekin, ordea, erosoago ateratzen da generoen arteko nahasketatik, bai bederen liburuaren bigarren zatian, “H gabeko autua” izenekoan.

Ezen hiru zati baititu eskuartean dugun liburuak. Lehena, “ABC edo instructionea”, Kasandra leihoan irakurtzeko gidatzat har daiteke, bertan azaltzen baitira Kasandra eta Ihardets protagonisten arteko solasa behar bezala ulertzeko jarraibideak. “H gabeko autua” litzateke liburuaren muina eta, aldi berean, testurik aipagarriena. Esan gabe doa, bigarren zati honetan gauzatzen da saiakela, ondorengo argumentu-hariari jarraiki: aipatutako bi pertsonaiek hartu duten Paris-Islamabad hegaldiak aurreikusita ez dagoen geldialdi bat egiten du, Erroman egin ere, eta egoera berriak sortutako ezinegonak bultzatuta, elkarri filmak kontatzeari ekingo diote, aterabidea noiz iritsiko zain.

Hirugarren zati batean baina, inolako gurinik gabe, bigarren atalean agertu diren hainbat kontzeptu garatzen dira, filosofia ideien hiztegi baten antzera. Liburuko zatien banaketa horren aurrean, bi modu (gutxienez) begitantzen zaizkit niri Fitoren azkena irakurtzeko: atalka, atal bakoitza bere osotasunean hartuz edo kontzeptu horietako bakoitzaren azalpena unean-unean argituz, hots, aurrera-atzera eginez. Bi moduak ere nahiko trabagarriak iruditu zaizkit, batez ere “H gabeko autua” atalaren irakurketa berez delako atsegina bezain trinkoa, ondoren are trinkoago den atala irakurtzeko edo aurrera-atzerako nahasmendutan ibiltzeko. Atal izatera iritsi gabe, azken eranskin batean liburuan zehar presentzia izan duten filmen zehazkizunak bildu dira.

Nobelatik duena gutxi gora behera argituta, Kasandra leihoan lanak saiakeratik zer duen azaltzen saiatuko gara orain. Zinema eta, batez ere, film zehatz batzuk oinarritzat hartuta (ez ahantzi hegazkineko asperdurak eramaten dituela Kasandra eta Ihardets elkarri filmak kontatzera), ideiak, egunerokotasunarekin harremana duten ideiak plazaratzea da helburua hemen, eguneroko berriketan gertatzen den bezala. Pelikulen argumentuek eskaintzen duten hariari tiraka, beraz, pentsamenduak izan ditzakeen hamaika ateak irekiko zaizkigu orriotan barrena, liburuak denbora-pasarako diren uste horri muzin egin gabe, baina, aldi berean, hausnarketarako aukera ugari eskainiz. Eta filosofiaren uretan oin-puntarik ere busti ez duen irakurle honi jakingarri egin zaizkio bertan irakurritakoak, pentsarazle.

“ABC edo instructionea” atalean argitzen zaigun bezala, “Mogelek, euskarazko lehenengo eleberri mintzatua (Peru Abarka) idatzi zuenean, ideia azaldu nahi zuen, gertaera solteak bildu eta eskaini baino gehiago”. Autu edo elkarrizketa forma berbera erabiltzen duen Kasandra leihoan lanak ere, ideia nagusi bezala, gaur egungo gure gizarte honen gaineko hausnarketa egiten du. Irakurlea sekula begien bistatik galdu gabe baina. Eta horixe da, hain zuzen, Fito Rodriguezen azken lanak duen bertuterik garrantzitsuena.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak