kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zortzi unibertso. Zortzi idazle / Ana Urkiza / Alberdania, 2006

Idazleen unibertsoez Mikel Ayerbe / Berria, 2007-04-15

Zortzi idazleren unibertsoak aurkezten ditu Ana Urkizak Zortzi unibertso. Zortzi idazle iaz kaleratu zen liburuan. Arantxa Urretabizkaia, Mariasun Landa, Aurelia Arkotxa, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Yolanda Arrieta idazleak aukeratu zituen Ana Urkizak galderak egiteko. Irizpideak: 40-60 hamarkaden artean jaiotzea eta euskal literaturan duten ibilbidea eta oihartzuna. Bakoitzari eginiko elkarrizketa luzeetan lau gai nagusi jorratu nahi izan ditu egileak: idazlea, obra, emakumea eta euskal literatura.

Idazle izatea eta horren kontzientzia, norberarena den obra eta bakoitzak bere aldetik bereganatu dituen lanak, emakumea eta emakumetasuna, euskal literaturaren alderdirik ahulenak (sariketen auzia, merkatuaren agintea, kritikaren beharra, irakurleen irudirik eza, argitaletxeen politika…). Urkizak akuilaturik, horretaz guztiaz eta beste hainbat gauzari buruz egiten dute gogoeta liburu honetako protagonistek. Bakoitzak bere lekutik erantzunez, bakoitzak bereari helduz. Aurkezten dena ez baita emakume idazle talde homogeneo bat. Ez da hori liburuaren xedea, kontrakoa ez bada. Galdera berberei ezberdin erantzuten die batak zein besteak, nahiz eta auzi askotan guztien ikuspuntuak bat egiten duten oro har.

Elkarrizketa liburu gehienen antzera, liburu honek irakurketa aukera asko eskaintzen ditu. Galderak errepikatu egiten dira sarritan, eta idazle batek esaten duenaren aurrean, beste batek erantzundakoa gogoratuko du irakurleak, erantzuna bere gisara osatuz. Ezinbestean, egileak egiten dituen galderen inguruan gogoeta egin beharko duelako liburua eskuetan duenak, eta ados ez dagoen erantzunen aurrean beste erantzun bat topatzen saiatu. Edo besterik gabe, besteek esaten dutena irakurri eta ulertzen saiatu.

Baina galdera eta erantzunen aurretik, liburuko emakume idazleen irudia biltzeko ahalegina egiten du Ana Urkizak. Elkarrizketetan bildutakoaren irakurketa pertsonal bat eginez eta jarraian etorriko diren erantzunetatik adabakiak hartuz, egileak idazle bakoitzaren irudi osatu bat aurkezten du. Irakurle bakoitzak egin dezakeen irakurketa baten emaitza aldez aurretik bildu besterik ez du egiten egileak. Baina, zoritxarrez, ondoren datorrena aurrez laburbiltzen du, gainetik bada ere. Elkarrizketa liburu bat izanik, egileak galderak egin behar ditu, eta erantzunak interpretatzeak irakurlearen lana izan behar du. Irakurle bakoitzak sortu behar luke emakume idazle hauen irudia (liburuan esaten dituztenak aintzat hartuz edota haien lanen irakurketa, gogoeta hauen bidez osatuz). Hala ere, baliteke Ana Urkizak aurkezpen osatu hauen bidez emakume idazleek jasan izan duten eta jasaten duten gaitzespenari bere eskutik erantzun nahi izana (ez ahaztu egilea bera ere emakumea eta idazlea dela).

Generoak eta edizioak hala behartuta, zaila gertatzen da Zortzi unibertso.Zortzi idazle eta Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburuaren arteko konparazioa saihestea. Ana Urkizak aitortzen du, beste arrazoi batzuen artean, Etxeberriaren liburuaren ondorioa dela bere liburuaren argitalpena ere. Baina konparazio hau ez litzateke bideratu behar azaleko kritika morbosoaren ildotik (“Gizonezkoena edo emakumezkoena? Zein hobea?”). Hasier Etxeberriaren liburuaren osagarri bezala ulertu beharko litzateke Ana Urkizaren lana. Lehenak, euskal literaturan esanguratsuak diren bost idazle aurkezten ditu. Bigarrenak, aldiz, beste zortzi.

Ea idazle gehiagoren unibertso gehiagoren berri ematen den hurrengo elkarrizketa liburuan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak