kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Hyde Park-eko hizlaria / Joxemari Iturrralde / Pamiela, 2006

Lautada infinituan korrika Ibon Egaña / Berria, 2007-04-08

Kritiko bati irakurri nion behin zitak, aipuak direla iruzkingileak eskura duen lanabes bakarra argudio literarioak erabili nahi baditu liburu baten alde (edo kontra). Hara hemen aipu luze bat, Joxemari Iturralderen Hyde Park-eko hizlaria nobelakoa: “Hartan geundela, ile adats luzea estaltzeko kolore berdeko turbana zeraman sikh horietako bat, gizon puska izugarri altua, inguratu zen guregana. Hobeto adierazteko, bera ez zitzaigun hurbildu baizik eta txakurra. Edurnerengana iritsi eta honen oin biluziak miazkatzen hasi zen txakur hura. Edurneri ez zitzaion inporta izan eta eskuarekin fereka egin zion buruan eta bizkarraldean txakurrari. Gizon sikh erraldoiak irribarre egiten zuen emaro eta Edurnek ere antzeko irribarrea itzuli zion. Jarraian bere bidetik segitu zuten gizonak eta bere txakurrak”. Kosta egiten zait aipu hori hasiberri batena ez baina ibilbide luzeko nobelagile baten liburukoa dela sinestea. Eta badira gehiago.

Idazkera bera baita Iturralderen lan honetan atentzioa ematen duen lehen elementuetakoa. Sinpletasuna, irakurterraztasuna bilatu nahia egongo da atzean agian, baina sinplekeria eta zabarkeria ere badario batzuetan Iturralderen prosari. Dena kontatu beharrak, detaile txikienekin, dena esplikatzeko joerak nekagarri egiten du nobelaren irakurketa, batez ere detaileak transzendentziarik gabekoak, banalak badira (eta hala dira maiz). Halaber, erredundantea, errepikakorra, elipsirik gabea eta esplikatiboa (zenbat perpaus kausazko!) eta batere zirrikiturik gabea da narrazio honetako prosa, alegia, irakurleari batere esfortzurik eskatzen ez diona (eta aldi berean horrexegatik nekarazten duena), irakurketa aktiborako batere tokirik uzten ez duena. Eskertuko lukete, nik uste, editore baten eskua edo arindu bat 331 orrialdeek. Baina, berriro diot, agian horixe da bilatzen dena, liburu irakurgarria egitea, nahiz eta horretarako estilo oinarrizkoenera jo behar izan.

Gatozen, baina, argumentura, argumentuetara. Hiru narrazio hari nagusi, narratzaile banarekin, josten eta katramilatzen dira nobelak aurrera egin ahala, hirurek lokarri dituztelarik euskaldunak, Londres eta 70eko hamarkada, Franco bizirik dela artean: Londresa uda pasatzera joan den gazte koadrila baten gorabeherak, Jotaeme narratzailearen ahotsean (garaikidetasuna jasoz: alkohola, sexua, drogak), Hyde Parkeko Speaker’s Corner-en gerra zibilean bizitakoak kontatzen dituen L. O. (edo LeO) agurearen ahotsa (memoriarena), eta biak lotuko dituen hirugarren ahotsa, Edurnerena (hausnarketarena). Xehetasun guztiz kontatutako gazteen bidaia astuntxo egin zait (hasieran batik bat), eta hala pertsonaiak nola beren gorabeherak lauegiak, gatzik gabeak begitandu. Bigarren hariak, agure komunistarenak badu erakargarritasunik baina izan zezakeen indarra (gerraz ari gara) galdu egiten da apurka, anekdotak pilatuz, nahaspilatuz, eta tentsioa ezin mantenduz. Hirugarrena, Edurnerena, berriz, horizontaltasunaren eta bertikaltasunaren inguruko gogoeta bitxia eta interesgarria da, baina monotonoa eta errepikakorra bihurtzen da azkenerako. Amaierako hiruren bat-egitetik ere, ez da sortzen tentsio puntualez gain narrazioan ustekabeko iraulirik.

Irudi ederrak eta ideia interesgarriak daudeke nobelaren abiapuntuan (gerra zibileko agurea Hyde Park-en euskaraz, horizontaltasuna/bertikaltasuna, belaunaldi diferenteak…), baina horien ejekuzioan ez dut uste asmatu denik. Sinpleak, lauak, deskafeinatuak iruditu zaizkit, neuri bederen, estiloa bezala pertsonaia eta gertakariak eta lautada amaigabe batean korrika bezala sentitu naiz liburua irakurtzen, nekatuta, inora ez iristeko (demagun, Oliver eta Benji futbol zelai infinituak zeharkatzen bezala).

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak