kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Sua falta zaigu / Katixa Agirre / Elkar, 2006

Sua falta zaigunean Mikel Ayerbe / Berria, 2007-04-01

Gehienetan gertatzen den fenomenoa da liburu bat irakurtzen hasi aurretik liburu honi buruzko datuak ezagutzea. Katixa Agirreren Sua falta zaigu lehendabiziko liburuarekin ere berdina gertatu zait. Narrazio liburua irakurtzen hasterako banekien bertako ipuinen oinarrian pertsonen arteko harremanetan sortzen diren gatazkak daudela, gehienetan bikoteka agertzen direla pertsonaiak eta ikuskera zitala erabili duela idazleak narraziook idazteko. Horra Sua falta zaigu liburua irakurtzen hasi aurretik liburuari buruz nekiena. Bakoitzak bere espektatibak.

Zazpi narrazio biltzen dira Sua falta zaigu-n. Eta bai, guztietan giza harremanen pisua gailentzen da hari gidari gisa. Liburuaren titulua daraman lehenengo narrazioan, nerabezarotik gaztarorako ibilian desbideratzen diren bi lagun banaezinen banaketa kontatzen da, anekdota batetik abiatuta. Hirugarrenez Asier ipuinean ere laguntasunaren gainbehera legoke, eta lagun batek besteari eginiko traizio gisa uler daiteke (amodio traizioa, agian?). Kafe-makina elektronikoa ipuinean bi bikotek elkar ezagutuko dute kanpin batean, eta kafe-makinaren inguruan ereingo da euren arteko adiskidetasun artifiziala. Bikote harremanen ingurukoak dira, halaber, Festa gonbidatuak, Arazo bat berez eta Ness lakuko zooplakton haragijalea narrazioak: lehendabizikoan, ume baten begi inozenteek emakume ez hain inozente baten beldurrak aireratuko dituzte; bigarrenean, adin ezberdineko bikotekideen tirabirak agertuko dira; hirugarrenean, aldiz, bi gazteren bikote harremanaren gainbehera aurreikusi ahalko du irakurleak. Liburuko azken narrazioa Horrela bukatu da, eta goizeko ordu txikietan telefono dei baten atzean ezkutatzen dena biltzen da.

Lotura bihurtzen diren harremanak eta hauek dakartzaten ondorioak. Harremanak aukeratzeko orduan ere, badirudi konbentzionalak ez diren erlazioak islatzeko aukera egin duela Agirrek: New Yorketik Pennsylvaniara bake bila alde egiten duen lesbiana bikotea; gay izatetik heterosexual bihurtu eta emakume batekin ezkontzera doan laguna; bera baino zaharragoa den maitale artistarekin jarraitzeko zalantzak dituen emakumea… Narrazio bateko galdera bat parafraseatuz, edozein harreman pertsonal arazo da ipuinotan. Insatisfakzioaren hainbat aurpegi narratu nahi izan omen ditu Katixa Agirrek.

Eta egia esanda, liburu honetako zenbait ipuinek insatisfakzioa eragin dute nire irakurketan. Azalean kontatzen den egoeraren eta egoera hauen oinarrian dagoen mamiaren artean desoreka moduko bat dago sarritan. Hirugarrenez Asier narrazioan aurkezten diren gertaerak urrutiegi eramanda daude, ironikoki edo komikoki beharbada, baina nekeza izan daiteke horrelako gehiegikeriekin konektatzea. Narrazio bat gehiegi puzten denean harridura sortzen da, baina ustekabeak ez dira beti gustukoak izaten. Azken ipuinarekin ere antzeko zerbait gertatu zait, sortutako egoera muturrera eramateak ez nau asebete.

Liburuko ipuinen artean, bereziki Festa gonbidatuak azpimarratuko nuke. Azaleko egoeraren atzean ezkutatzen dena neurrian ematen da, egoerak ez dira muturrera eramaten. Ipuin horretan ez dago horren beharrik narrazioaren tentsioari heltzeko. Ness lakuko zooplakton haragijalea ipuineko protagonisten elkarrizketek ere ez dute galbiderik. Galdera eta erantzunen garraztasunaren atzean irakurleak igarriko du zer ezkutatzen den.

Katixa Agirreren lehen liburuak espektatiba asko sortu dituelakoan nago. Bakoitzaren espektatibak ipuinen bidez asebetetzen diren ala ez, horren neurrikoa izango da irakurlearen satisfakzioa ere.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak