kritiken hemeroteka

6.964 kritika

Azken kritikak

« | »

Euskal Hiria sutan / Xabier Montoia / Elkar, 2006

Google Earth Jon Kortazar / El País, 2007-03-12

Googleren barnean oso tresna erabilia omen da, erabiliena diote batzuek, Google Earth deituriko programa, munduaren mapa erakusten duena. Programa horren bidez, gure herriko, gure herrialdeko, gure hiriko, gure etxeko irudiak lor genitzake. Han pantailaren distira artean gure geografiaren irudia lor dezakegu.

Horrelakoxea da Xabier Montoia (Gasteiz, 1955) idazlearen Euskal Hiria sutan ipuin bilduma ere: Euskal Herrian gaur egun bizi diren, garen, pertsonaien mundu ikuskera bat.

Geografiaren trataeraren aldetik xoko guztiak, herrialde guztiak, bere berbetarekin, bere hizkerarekin, polifonia landu nahirik, agertzen dituena: Bilbo, Hendaia, Gasteiz eta Durana, etorkinen egoera makrodenda nagusietan, auzoak zein hiriko guneak, belardia eta porlana, belarditik hiria ikusten den tokia, jendea joan-etorrian, etorkin gisa urrunetik etorria, kartzelan preso urrundua, baserri hiritartua, hiri baserritua… Geografia anitza.

Lehenago ere Gasteizko hondartzak (1997) eta Baina bihotzak dio (2002) liburuetan egin zuen moduan, begia zoli, fresko nagusia sortu arte eginiko munduaren marrazketa bat da bilduma. Baina ikuspegiaren konplexutasuna nagusia bada ere, eta oso erakargarria, ez da liburuko ardatza, nik uste. Ez den bezala oso agerian geratzen den Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuarekin egiten diren kontrajarpena eta ironia: hartan bezala honetan ere ipuinek alfabetoa osatzen dute, Atxagaren Euskal Hiria sutan jartzen da, utopiaren ordez errealismoa erabiltzen da; eta ironiaren jokoa kiribilduz, metanarrazioa egiten da, bukaeran eranskin bat jarriz.

Nire iritziz, baina, pertsonaien tragedia txikietan datza liburuaren ardatza. “Euskal hiria: kapitalismoaren joko taula berria” esanaz hasten da liburua. Eta taula horretako piezek bizitza grisa daramate, maitasun arazoekin, komunikazio arazoekin… mundu txiki baten bizi dira, baina hala ere, tragedia da bizi dutena. Nahiaren eta ezinaren mugetan zenbait alditan, bizitzari ezin eutsi besteetan, galbideetan noizbait.

Egia da ipuin mota desberdinak aurkitzen direla bilduman, eta agian ez direla denak maila berekoak, eta uste dut zenbait kasutan narrazioaren mekanika errepikatu egiten dela, baina horren guztiaren gainetik tragediak daude, txikiak bai, baina tragediak…

Azken kritikak

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Joannes Jauregi

Bertso bilduma
Etxahun - Pierre Topet

Aritz Galarraga

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Estibalitz Ezkerra

Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak
Nikolas Kazantzakis

Hasier Rekondo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Javier Rojo

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak