kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Labartzari agur / Txillardegi / Elkar, 2005

Labartzari agur Rikardo Arregi / Volgako Batelariak, 2007-02-20

Aspaldidanik zuen kritikoak Txillardegiren azken nobela mahaian edo maletan, nobedadea izan zen garai urrunetatik, baina oraintsu arte ez du irakurri eta, beste batelarien aurrean alfer ospea apur bat arintzearren, ez soilik irakurri, iruzkina ere egin du. Orain dela urtebete eta erdi, edo bi, auskalo, hartutako konpromisoa betetzera doa kritikoa. Hemen duzue azken letraraino irakurri ondoren, pasarte batzuk bi edo hiru aldiz, Txillardegiren Labartzari agur eleberriari buruzko iruzkin kritiko subjektiboa, gizon batek (barkatu) egina.

Kritikoak urte asko zeraman Txillardegiren eleberriak irakurri gabe. Kritikoak irakurri zituen urte ustez heroiko haietan Peru Leartza’ko, Leturiaren egunkari ezkutua eta Elsa Scheelen. Eta geroago hizkuntzalaritzari buruzko libururen bat, eta zenbait artikulu egunkari-aldizkarietan. Kritikoari iritsi zitzaion etxera Koldo Mitxelena Kulturuneak 2004ean Txillardegiren gainean atera zuen liburuxka. Kritikoak irakurri du bertan Txillardegi 1929ko irailaren 27an jaio zela. Kritikoak kalkuluak egin eta pentsatu du erabat izuturik Txillardegik 78 urte beteko duela aurten eta ziur asko Labartzari agur 75 edo zuelarik idatziko zuela. Kritikoak ez daki zein jainkori otoitz egin, zein medikuntza motari jarraitu 75 urterekin liburu bat idatzi ahal izateko eta bere 78. urtemuga bidean ikusteko.

Labartzi agur eleberri politikoa da, hau da, Euskal Herrian dagoen egoera politikoa, edo alde bat behintzat, agertzen da liburuan. Kritikoak askotan irakurri du hortik euskal Gauzaren eta literaturaren arteko harremanaz. Kritikoak pentsatzen du inork ezin duela esan 2007an gure Gauzari buruz ez dela ezer idazten euskaraz, aitzitik, gero eta gehiago idazten dela pentsatzen du kritikoak.

Liburuaren lehen atalean (hogeita zortzi du) hamazazpi urte kartzelan egon den etakide baten irteera irakurtzen du kritikoak. Kartzela Gaztela-La Manchako Valcorneja izena duen herri batean dago. Izen hori asmatua da, presoaren herria, Labartza, asmatua da ere bai. Beste izen asmatu asko agertzen da eleberrian, eta benetako gutxi batzuk (Bilbo, Ea, adibidez). Alicanten (benetakoa) hegazkina hartu eta Bilbora doaz preso ohia eta arreba. Presoaren izena Antton Ihartzegarai da eta liburu osoan zehar abizena ahoskatu ezinik dabilen jende asko agertzen da. Antton Labartzan jaio zen, Allikene izeneko baserrian hain zuzen.

Anttonek bidaia anti-kronologikoa egin nahi du herrira bueltatzean, hau da, haurtzaroan eta gaztaroan ezagututako lekuak bisitatzea, eta garai haiek berreskuratzea, nolabait. Kritikoari oso normala eta sinesgarria iruditu zaio hori, baina protagonistak zailtasunak ditu helburua betetzeko, aspaldiko leku batzuk ez direlako existitzen (Allikene bota zuten, adibidez, eta baserriaren ordez porlanezko etxe-blokeak daude) eta, oro har, denak, asko aldatu baitu espetxean emandako 17 urte horietan. Kritikoak pentsatu du erabat arrunta dela hori, Espainiako kartzelatik kartzelara urte mordoa eman ondoren Euskal Herrira bueltatzen denak oso aldatuta ikusiko du dena, argi da. Agian kartzelan egon ez denak ez du hori ikusiko. Kritikoak gogoratzen du irakurri berri duela Kalegats aldizkariaren 10. zenbakian azken Galeuscatik ateratako manifestua non esaten den hau: “5. Berriro azaldu nahi dugu Pobleteko 1984ko agiria, aspektu askotan fundatzailea, guztiz indarrean aurkitzen dela, bere erreinbindikazio asko lortuak izan ez direlako”.

Kritikoak ez du Pobleteko agiria irakurri baina bitxia iruditu zaio 1984tik 2006ra arte ez dela ezer aldatu sinestea. Agian bai, kritikoa prest dago den-dena kontuan hartzeko, kritikoa kritiko postmodernoa delako. Postmodernoa bai, baina ez ergela. Hamazazpi urtetan edo hogeita lau urtetan gauzak aldatzen dira.

Bada, Anttonek dena, jendea, herria, aldaturik ikusten du, salbu eta paisajea: itsasoa, labarrak. Kritikoak pentsatzen du eleberri hau eleberri paisajistikoa dela, paisajearen deskribapenak ugariak dira. Paisajea Bizkaiko kostaldekoa da gehienbat, Labartza kostaldean dago.

Bidaia anti-kronologiko horretan lekuak ez ezik, pertsonak ere agertzen dira. Bi batez ere: nerabezaroan izandako neskalagun bat eta protagonista bestaldean zegoenean izandako amodio zoro bat. Kritikoak zehaztu nahi du bi emakume horiek ez direla zuzenean agertzen eleberrian, bat hilda eta bestea urrun baitaude kontakizunaren garaian. Beste pertsonaia batzuk agertzen dira, bai, senideak, auzokoak, etakideak, gehienak arras lausotuta marrazturik daudela.

Herriko Tabernan harrera egiten diote preso ohiari, 2000ko irailean ateratzen da kartzelatik eta bi urtez edo luzatzen da denbora eleberrian. Kritikoak hori zehaztu nahi du, orain ez baitago Herriko Tabernarik (esango dute, gero, gauzak ez direla aldatzen). Herrikoaren giroarekin ez dago oso konforme Antton, politika garaia dela esaten diote, baina berak gudari izan nahi du, zera kulturaletan aritzeko esaten diote baina berak komando batean sartu nahi du, berrogeita hamar urte duela esaten diote baina berak pistola bat eskatzen du.

Anttonek burua galtzen du. Kritikoak adierazi nahi du hori zehatza dela, paseoan dago protagonista eta ezin du etxerako bidea aurkitu. Etxea, bide batez, pisu bat da Labartza Berria deitzen den auzoan, arrebarekin bizi da han, arreba ezkongabea da. Kritikoak pentsatzen du 17 urte kartzelan eman eta gero zaila dela osasuntsu egotea. Antton psikologoarenera doa. Arrebak bilatzen dio psikologoa, oso ona dela eta abar, baina kritikoak uste du arrebak edo Txillardegik hanka sartu zutela psikologo hori aukeratzerakoan. Kritikoak badaki 2001ean (gauzak aldatu dira) bazirela psikologo euskaldunak, are gehiago, psikologo abertzaleak, eta are gehiago oraindik ezker abertzaleko psikologo euskaldunak bazirela.

Anttonek dio: Joana da nire aldia; eta mendi punta batera bizitzera doa.

Hori da Txillardegiren tesia? Borroka armatuaren garaia bukatu dela eta Antton bezalako pertsonak garaitik kanpo daudela? Kritikoak ez daki erantzuten, badirudi Txillardegik maite duela bere pertsonaia, ulertzen duela, hurbil duela. Badirudi Txillardegiri ere aldaketa asko ez zaizkiola gustatzen. Kritikoa galdurik dabil. Herriko Tabernan izandako elkarrizketa batean badirudi Antton ez dagoela oso gustura ezker abertzalearen alde ezkertiarrarekin, Anttonentzat gaiztoak dira Espainia eta espainiarrak eta erdaldunak, eta une batez esaten du bera ez dela gorria, beltza baizik. Kritikoak ulertu du horrekin anarkista dela. Mendi puntako etxean Anttonek bandera beltza jartzen du eta beste bat, alde batean ikurrina duela eta bestean nafar kateak. Kritikoak pentsatu du agian bandera gehiegi dela hori anarkista batentzat baina, esan bezala, postmodernoa da, aldaketak ikusten ditu eta prest dago dena onartzeko.

Eleberria lehen pertsonan dago (pertsonaia nagusia eta narratzailea bat eta bera dira) eta kritikoa, eta balizko irakurlea, Anttonen buruan ibiltzen da narrazio guztian zehar haren kezka existentzialen artean. Kritikoak pentsatzen du 17 urte kartzelan eman eta gero kezka existentzialak izateak normala behar duela izan, baina kritikoari apur bat motz gelditu zaio Anttonen barneko bidaia hori. Gainera, pentsatu du kritikoak, Txillardegi existentzialista moduan ezaguna da, eleberrigile existentzialista deitu zaiola behin baino gehiagotan. Heriotzari buruzko hausnarketa dago 16. atalean, Antton haurrak, katu baten heriotza dela eta, heriotza zer den deskubritzen duenean.

Antton Erankundean sartu baino lehenago historialaria zen eta alde batera utzi zuen tesia, Bizkaiko toponimiari buruzkoa, berreskuratzen saiatzen da. Herriko kulturunera doa, bertan oparituko diote abade zendu batek liburutegirako eman zituen liburu eta aldizkari zahar batzuk, baina Anttonek ez du literatura atsegin, bai ordea, Euskal Herriaren historiari buruzko liburuak, non ikusten duen besteek herriari egin (lapurtu) diotena, besteek berari egin diotena, besteek hori erdaldunak eta espainiarrak dira; dena den kritikoa konturatzen da 25. atalean J.M. Irigoienen poema bat dagoela. Filosofia estoikoa ere agertzen da (Marko Aurelio enperadorea). Kritikoari gustatuko litzaioke jakitea existentzialismoa eta estoizismoa batera joan ahal diren.

Kritikoak pentsatzen du Txillardegiren estiloa nahastezina dela.

Esaldi bakarreko paragrafoak.

Hiru hitzetako esaldiak.

Kritikoa, kritiko filologikoa izango balitz, lexiko aberatsaz idatziko luke eta bizkaieraz dauden zatiez (fonetismoak eta guzti) baina beste batentzako uzten du lana.

Kritikoa gizonezkoa da baina pentsatzen du interesgarria izango litzatekeela aztertzea arrebaren pertsonaia, arrebaren lagunak (emakumezkoak), aipaturiko bi amodioak, eta bulego, eskola eta liburutegi harreretan dauden emakumeak.

Kritikoa flipaturik gelditu zen hau irakurtzean 10. atalean: “Orain gardenkiago ikusi uste dudanez, nolabait, kutsatu gabeko euskal jendaldearekin egin nahi nuen topo”.

Kritikoak oso kutsatuta ikusten du bere burua.

Kritikoa beste esaldi batzuekin harritu zen (zioak diferenteak dira).

“Inoiz ikusiak ez nituen bagoi haietako batean —neure arterako ari— agian, nork jakin, bere irribarre eztia eskaintzeko irrikan zihoakeen neskatila amoros bat, bera ere ilusioz mukuru…

“Eta gainean Labartzako Farola; orain ‘goiko’ garbizaleek (beren artean beti erdaraz ari) ‘Itsasargia’ birbataiatua… Bego”.

Kritikoak gogoratu nahi du eleberria lehen pertsonan idatzita dagoela eta, beraz, Txillardegiren ideia politikoek eta protagonistak dituenek ez dutela zertan berdin-berdinak izan behar. Ezaguna da, bestalde, Txillardegiren militantzia Aralar deitzen den partiduan. Antton ez zen inolaz ere Aralarreko kidea izango.

Kritikoa amateurra da eta nekaturik dago baina liburuan dagoen tesia (kritikoaren ustez) laburtuko du: egunen batean kartzelatik aterako den jendeari asko kostatuko zaio garaiko Euskal Herriari moldatzea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak