kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Jaione / Dorleta Urretabizkaia / Kutxa, 2006

Bulkada lirikoak Iratxe Retolaza / Berria, 2007-02-25

Dorleta Urretabizkaiaren estreinako nobelak, Jaione-k, Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria irabazi zuen iaz. Izenburu honek, bere soiltasunean, nobelaren istorioaren ezaugarri asko biltzen ditu. Izen honek, protagonista aurkeztu ez ezik, protagonista hauxe kontatzera datorren istorioaren muina iradoki egiten du; alegia, jaiotza da nobela honen gai nagusia.

Nobela honetan, beraz, Jaioneren jaiotzak kontatzen dira, protagonista horren ahotsetik. Jaioneren jaiotza fisikoarekin abiatzen da istorioa, eta nobelari hasiera ematen dion eszena hunkigarri honek, nobelan zehar jaiotzaren presentzia horren indarra hanpatzea lortzen du, lehen unetik irakurlea jaiotzaren gogartera eramanez. Nolanahi ere, jaiotza fisiko hau, nobelan etorriko diren beste jaiotza anitzetako bat baino ez da, eta ziur asko, garrantzitsuena ere ez dena. Nire ustean, Jaioneren jaiotza psikologikoa da narrazioaren tenka-gune nagusia; krisi-aro batetik onik ateratzeko eginiko bidea, heriotza-psikologikotik berpizteko bidea. Krisi horrek bete-betean jotzen du Jaione hogeita hamar bat urte dituela, baina, lehen atalean kontatu bezala, haurra zela errotzen hasitako krisialdi da, helduarora arte gaindituko ez duena. Krisialdi hori, besteak beste, aitari gertaturiko istripu batek pizten du. Izan ere, krisi hori gurasoekin izandako harremanak sortzen du, eta baita gurasoen arteko hartu-emanek ere. Harreman-sare horretan bere burua kokatzeko ahaleginei eutsiko dio Jaionek, alaba izatetik ama izatera arteko bide korapilatsu horretan. Beraz, Jaione alaba modura hil, eta ama modura jaio artekoa da kontagai.

Jaioneren heriotza-jaiotza psikologiko hau gorpuzteko ekintzen garrantzia hustu egin da. Horregatik, ekintzak adierazterakoan zehaztasuna eta laburtasuna da nagusi, adjektibo eta adierazkortasun gutxiko esaldiak dira nagusi. Ekintzen erritmoa hitz biluziekin osatu da, beharrezko ekintzak bakar-bakarrik aipatuz. Baina, heriotza-jaiotza hori gorpuzterakoan, aldiz, egoeren deskribapenez bete da diskurtsoa, eta horrelakoetan bai, xehetasunez eta adierazkortasunez josi da diskurtsoa. Jaioneren gorputzak erabateko garrantzia du irudikatze horretan. Horregatik, Jaione pertsonaiaren zentzumenek sorrarazten dute diskurtsoa, zentzumen horiek puzten dute Jaioneren nortasuna (batik bat ikusmena, usaimena eta entzumenak sorrarazitakoak). Zirrara eta bulkada horiek guztiak gorpuzteko, likidoz marrazturiko irudiak erabili dira: “izozturik”, “isuri”, “busti”, “blai” … sentsazioak likidoaren tasunen bitartez irudikatu dira, gorputza likido-tasunez bete du Jaionek. Nobelan zehar orekatsu iraunarazi den baliabide horrek, likido-tasunen presentzia erabatekoak, Jaioneren nortasuna biziarazten lagundu du, mundu literario urtsu eta pertsonal hori osatzen lagundu du.

Barne-egoerak eta bulkadak azalarazteko asmoak, ezinbestean, hainbat ekintzaren elipsia ekarri du. Nire ustez, trebetasunez lortu da ekintza horien elipsia egitea, eta egoerei dagozkienak besterik ez hanpatzea, narrazioaren tenka-gunea sentsazio horietara bihurtuz. Hala ere, nobela honetan, kasu gutxi batzuetan, nobelaren giro nagusitik aldenduriko zenbait ekintza kontatu dira, baita zehaztasunez kontatu ere, eta irakurle honek, kasu horietariko batzuetan, ez du oso ondo ulertu nola lotu eszena txiki horiek Jaioneren barne-egoerek biziarazitako giro nagusi horrekin. Esate baterako, Guardia Zibilaren kontrolarenak kontatzen diren eszenaren zehaztasun zenbaitetan sentitu dut horixe. Kasu gutxi horietan, ekintza horiek tenka-gune nagusitik urrunxe antzeman ditut.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak