kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Hyde Park-eko hizlaria / Joxemari Iturralde / Pamiela, 2006

Nobela-nobela Aritz Galarraga / Gara, 2007-02-10

Bazirudien nobelaren etorkizuna laburra izango zela: 100-150 orrialde inguruko lan arinak, garai are arinagootarako. Badakizue, generoaren egokitzapen plana. Baina hara non agertu zaizkigun azkenaldian hiru nobelatzar (bi zen tzuetara uler daiteke), aurkezpenik behar ez duten beste hainbeste idazle ospetsuren eskutik: Aingeru Epaltzaren Mailuaren odola, Anjel Lertxundiren Ihes betea eta Joxemari Iturralderen Hyde Park-eko hizlaria. Eta txanpan dagoen azpigenero light horri inolako muzinik egin nahi gabe, eskertzekoa izan da aipatutako hiru nobelen agerpena. Horregatik harritu nau hainbeste, larritzeraino, Hyde Park-eko hizlaria-ri eskaini zaion hutsunea. Kritika bakarra ere ez diot irakurri, nahiz eta bila ibili hemerotekan. Eta guztiok dakigunez, ez kritikatzea izan daiteke liburu bati egin dakiokeen kritikarik zitalena.

Hyde Park-eko hiziaria ez da nolanahiko nobela. Osagarri guztiak biltzen ditu nobela erreferentziazkoa izateko: hari ugari eta interesgarriak oro, lehenengo orrialdetik azkenekora arte mantentzen den tentsioa eta irakurtzearen plazera gainditzen duen irakurketa aberatsa. Hiru dira liburuan zehar nagusiki garatzen diren hariak: izenburuak erreferentzia egiten dion hizlariarena litzateke ardatz, baina gazte batzuen bidaiarekin hasten da kontakizuna. Jotaeme eta haren lagunen iniziazio bidaiak Londres du helburu, 70eko hamarkadako “munduko hiri kulturala”. Dena berri, dena deskubritzeke: “Nire lehen aldia zen eta niretzat Londres izenak dena esan nahi zuen”. Laburbilduz, “rock primerakoa, neskato ezin ederragoak eta garagardo ugari”.

Bigarren haria da Edurneren kontakizuna, koaderno batean jasotzen duena. Londresko unibertsitate batean horizontaltasuna eta bertikaltasuna estudiatzen dituen ikasle euskalduna dugu berau: “Edurnetxo, nora sartu haiz?” galdetuko dio abenturaren hasieran bere buruari. Baina laster zuzenduko zaizkio gauzak eta hartuko du sorpresa, Leo ezagutzearekin batera. Ezen Leo baita Hyde Park-eko hizlaria, adin batera iritsi den euskal erbesteratua, Londresko parke ezagun horretan eta maleta baten gainean igota, inguratzen zaion guztiari bere historia kontatzen dion pertsonaia gogoangarria. Akaso ez da heroia, baina bizitza oso bat du kontatzeko. Jakina, narrazioak aurrera egin ahala, hiru hariok bat egiten dute eta gazteen zein Leoren munduen artean talka gertatuko da, guztien bizitzetan eraginez.

Esan dugu nobelaren beste bertuteetako bat tentsioa mantentzea dela. Mantso ekiten zaid narrazioari, Jotaeme eta enparauen bidaiarekin, xehetasun txikienean ere erreparatuz, gazte horiek lehenengo bidaia horretan egingo luketen bezala. Astiro barneratuko gara Edurne eta Leoren istorioetan ere, baina orriek aurrera egitearekin batera abiadura hartuko du kontakizunak, korapiloak askatzen joango dira eta irakurlearentzat da gozatua. Maisuki baitarabil Iturraldek narrazioaren erritmoa, bidea leuntzen duen hizkera soil eta zuzenarekin konbinatuta.

Eta nabarmentzekoen artean, azkenik, liburuak eskaintzen duen gogoetarako tartea. Irakurtzearen plazer soila gainditzen duena. Azken batean, memoriaren inguruko hausnarketa ere badelako Iturralderen azkena. Memoriaren eta bizitza guztiek duten garrantziaren gainekoa. Novalis poetaren aipu bat aurkituko dugu narrazioaren hasieran: “Oroimen oro oraina da”.

Nobela-nobela. Horixe iruditu zait Hyde Park-eko hiziaria. Bikain idatzia eta osoa. Eta berritasunen olatuak dagokion lekutik eraman baino lehen dastatu beharrekoa, zalantzarik gabe.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak