kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Egurrezko hankak / Alvaro Rabelli / Labayru, 2006

Ezberdintasuna Jon Kortazar / El País, 2007-01-29

Euskal ipuingintza berria inork baino hobeto ezagutzen duen —ikus haren Bizkaiko euskal idazleen ipuingintza modernoa (Labayru, 2005)— Alvaro Rabelli (Basauri, 1969) ipuin liburu batekin datorkigu oraingoan teoriatik praktikara eta sorkuntzara pausoa emanik.

Egurrezko hankak deitu du bere ipuin liburua. Zenbait lehiaketan irabazle suertatu ondoren, eta zenbait ipuin han-hemenka argitaratu ostean, osotasunera begira eta batasun asmoz eginda dagoen ipuin bilduma eskaini du Rabellik oraingoan.

Alde batera utziko dugu euskararen zertzelada, bizkaieraz aurkeztu izana alegia, Labayru ikastegian ohi denez, eta liburua bere bide narratibo eta sinbolikoan irakurriko dugu.

Batasunaren kariaz, mikro-ipuinak eta ipuin luzeak tartekatu egiten dira liburuan zehar, eta horixe izan liteke liburuaren lehen ezaugarria, mikro-ipuinen agerpena, hain zuzen ere, nahiz eta Rabelli ez den lehena hori aurkezten.

Ipuin laburrok, gainera, pertsonaien izenekin loturik daude, eta hartariko batek eman dio izena bildumari.

Formaren aldetik batasuna badago liburuaren diseinuan, ez da horrelakorik gertatzen ipuinen asmamenean. Fantasiako ipuin batekin hasten da bilduma hau (Michel izenburukoarekin) eta ipuin hiritarrekin jarraitu, droga eta errealitate eta fikzioa batzeko ahaleginetan (Alizia, Aitaren azken borondatea), errealismoa sozialetik igaro (120 harmaila) eta ipuin lirikoan amaitzeko (Jon Mirande Bilbon).

Alvaro Rabellik deskribapena maite du eta giro hiritarrak osatzea, aipagarria zaio droga mundua (Alizia, Egurrezko hankak), giro jausia eta nihilista (Prologoarena eta Epilogoarena testuen arteko jauzia ikustea besterik ez dago), objektuak sinbolizatzeko joera ere nabaria da (Zapata baltzak, Egurrezko hankak, Elektrotresnak).

Paradoxa, eta ametsaren eta errealitatearen arteko kinka maiz indartsu darabil, nahiz eta zenbait ipuinetan matazaren haria ez den ongi bilbatu.

Ipuin liburu honetan Alvaro Rabellik, bestalde ipuin modernoaren historiaren teoria oso ongi ezagutzen duenak, garai desberdinetan idatzitako kontakizunak bildu ditu.

Horregatik datorkio tonu desberdinen susmoa irakurleari, eta horregatik, baita ere, hain garrantzitsua izan da egitura baterakorra jartzea liburuari, ipuinak eta mikroipuinak txandakatuz.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak