kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Goizeko zazpiak / Nora Arbelbide / Elkar, 2006

Kontsumoaren kulturari parodia Iratxe Retolaza / Berria, 2007-01-21

Goizeko zazpiak nobelaren oinarrizko hezurdura intrigazko gertakari zenbaiten harilkatzea da. Super zazpiak deituriko musika-talde baten bahiketak sorrarazten du narrazioaren abiaburuko misterio nagusi hori. Argitxu kazetari gazteak bahiketaren berri duenean, punta-puntako berri horren inguruko erreportajea egitea izango du helburu. Kazetari lanetan hasi berri denak, Argitxuk, erreportaje horretan aukera ederra ikusiko du bere ofizioan aurrera egiteko, beharrezko duen esklusiba hori lortzeko. Iñakiri laguntza eskatuko dio kamera-lanetan aritzeko, eta bi lagunek erreportajea egiteko konpromisoa hartuko dute. Nobelaren intriga nagusi hori, beraz, Argitxu eta Iñakiren ikerketa, ibilaldi, mutur-sartze eta galdeketen bitartez argituko zaio irakurleari.

Goizeko zazpiak nobelaren hezurdura nagusiak intrigazko nobelaren gaiak eta moldeak bere egin baditu ere, irakurleari berehala ohartarazten zaio nobela honen helburua ez dela intrigazko narrazioari soil-soilki lotzea. Bai, lehen orrialdeetan intrigazko gertakari baten ohiko aurkezpena egiten da, baina berehalakoan irakurleari keinu egiten zaio beste irakurbide zenbaiti bide emateko, eta bereziki, keinu egiten zaio nobela parodikoaren neurrira irakurria izateko. Are gehiago, kontsumoaren kulturaren parodia irudikatzen du nobela honek; edo behintzat, hartara eraman naute nobelan keinuka izan ditudanak.

Aipaturiko keinu horiek egiteko, nobela honen intrigazko hezurdura nagusi hori bestelako testu-txatalez ere osatu, bete eta josi da. Ondorioz, testu-txatal horiek guztiek hezurdura nagusiaren zentzuak zabalarazi dituzte, eta bahiketa ez den beste hari batzuei egin diete tira. Irakurleari keinu horiek egiteko bide zenbait erabili ditu nobela honek.

Lehenik, nobelako gertakariak Lineri deituriko herrian kokatzen dira, eta lineriar kulturaz hitz egiten da. Baina, Lineri herri eta lineriar kultura horren erreferentzia gehienek Euskal Herria eta euskal kultura dakarte gogora, eta bestelako izendapena erabiltzeak, erreferentziagai den horren alderdi batzuk hanpatu eta parodizatzeko bidea ematen dio narrazioari. Bigarrenik, nobelan zehar txertatu egiten dira zenbait pasarte liburu, aldizkari edo egunkarietatik harturikoak, eta horietan guztietan informazio-gizartearen eta kulturaren inguruko kezkak eta iritziak jasotzen dira. Hirugarrenik, nobela honetan kontu handiz zaindu da alderdi tipografikoa, eta hitzen irudi izaera hori hanpatu egiten da nobela osoan zehar (testua osatzeko letrakera anitz erabiliz, tamaina askotarikoak eta abar). Laugarrenik, hitzen izaera musikala edo hitzen hoskidetasuna ere hanpatu egiten da nobela honetan (musika-lelo etengabeak testura bilduz, esamoldeak testuratuz, hoskidetasuna zainduz, eta abar). Hitzak irudi eta hots bihurtuz, informazio-gizartean hitzak zentzuz hustu direla ohartarazi nahi da, irudi eta hots baino bilakatu ez direla.

Horiek horrela, nobela hau intrigazko nobelen parodia dela ohartzen gara. Narratzaileak intrigaren berri zuzen-zuzenean ematen du, ahozkotasunetik oso-oso hurbil, irakurleok informazioa bitartekaririk gabe jaso dugulako ustea izan dezagun, nolabait, egungo informazio-gizartean eguneroko bilakatu den informazio-emate horren moldea parodiatuz.

Azken batean, nobela honek kontsumoaren kulturan (telebistan, literaturan, komikigintzan, eta abar) maiz erabiltzen den moldea erabili nahi izan du, molde hori muturrera eramanez kontsumoaren kultura hori hausnarketara eramateko. Jakina, kontsumoaren kultura horretaz hausnartzean, euskal kulturak informazio-gizartean duen lekuaz ere hausnartzen du.

Nora Arbelbideren estreinako nobela honek forma eta edukia trebetasunez uztartzen asmatu du. Nobela gomendagarria, nire ustez, euskal irakurlea indiferente utziko ez duena.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak