kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Euskal Hiria sutan / Xabier Montoia / Elkar, 2006

Utopia sutan Aritz Galarraga / Gara, 2006-12-30

Bernardo Atxaga izan zen Euskal Hiriaren kontzeptua mahai gaineratu zuena: “Termino politikoetan, euskal etorkizunari Euskal Hiria deitzen diot: ez Euskal Herria, Euskal Hiria baizik”. Eta izendapen hori erabiltzean, zera adierazten ari zen: “hiria, printzipioz, ez da inorena eta guztiona da; ez dago jatorri bat, inork ezin du esan hiri hau nirea da ni lehendabizi iritsi nintzelako. Hiri hau bertara iritsi diren guztiena da, eta hiri hau berau eraiki duten guztiena da eta eraikiko dutenena”. Nahi baino traketsago itzuli ditut Atxagaren hitzok “Euskal pilota. Larrua harriaren kontra” liburutik, baina hausnarketa ulertzeko balio dutela uste dut.

“Euskal Hiria sutan” izenburupean ipuin liburu berria kaleratu du aurkezpen handirik behar ez duen Xabier Montoiak: 25 urteko ibilbide literario sendoak eta “Gasteizko hondartzak”, “Baina bihotzak dio” narrazio lanek edota “Hilen bizimoldea” trilogia osatzen duten nobelek haren gaineko nahikoa informazio eskaintzen digute. Oraingo honetan ere, ezin esan proiektua anbizio handikoa ez denik: liburuaren 400 orrialdeotan zehar, orain eta hemengo Euskal Hiriaren (oraino Euskal Herriaren, nahiago bada) erretratua egitea, bere luze-zabalean. Lan horretarako, gai, giro, jende-mota askotarikoak paseatzen dira ipuinotatik, errealitatearen ikuspegirik ahalik eta osatuena emateko intentzioarekin. Hala aipatzen da bilduma-hondarrean: “Sailkapena, funtsean, munduaren egokitze saioa dela aldarrikatu zian hire aitak orduan, sailkapenik gabe ezinezkoa zela oroitzea eta, hortaz, nahitaezkoa dela errealitateari zentzu pixka bat aurkitzeko”.

Esan dugu narraziook erreferentzia egiten diotela arestian aipaturiko Euskal Hiriaren hausnarketari, baina Atxagak planteatzen zuen elkarbizitzarako eremu utopiko idealaren aldean, “sutan” dagoen errealitatea da Montoiak deskribatzen duen Euskal Hiria, “erokeriari eskainitako monumentu txepela”: bikoteen gorabeherak, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertuak, drogek utzitako arrastoak, garapenaren izenean irekitakoak, politikarien, polizien gehiegikeriak? dira hiri honetako protagonista, esperantzarako tarte estua uzten duen Euskal Hiri honetako protagonista.

Nobela krisian ote dagoen adi daitekeen garaiotan, kontuan hartzekoak dira Iban Zalduak berriki esandakoak: “irudipena daukat, gainera —baina irudipena da soilik, azterketa sakonago bat egin beharko litzateke—, azkeneko hamarkadako euskal ipuingintzak hobeto islatu dituela gure gizartearen egunerokotasunean gauzatu diren aldaketak, eleberrigintzak baino”. Eta “susmo” hori laguntzeko, adibidetzat jartzen zituen Koldo Izagirreren “Sua nahi, Mr. Churchill?”, Aingeru Epaltzaren “Lasto sua” edota Joseba Sarrionandiak hilero “Nabarra” aldizkarian argitaratzen dituen ipuinak, Uxue Apaolaza, Jokin Muñoz, Eider Rodriguez, Patxi Iturregi eta Arantxa Iturberen izenekin batera. Zerrenda horri Zalduaren beraren “Etorkizuna” edota aurreko ipuin bildumak ere gehituko genizkioke. Eta alde horretatik, gaur egungo Euskal Herriaz hitz egiten duen literatur lan nabarmenen artean kokatzekoa da, dudarik gabe, Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan.

Errealitateak fikzioa gainditzen duela, hala dio esaerak. Eta egia da inondik inora. Baina errealitatea ulertzeko fikziora jotzen dugu oraindik orain gizakiok, ezer konprenituko badugu, beharrezko zaigulako fikzioa. Errealitatea ulertuko bagenu, ez legoke, noski, fikzioaren beharrik. Eta horrexegatik dira ezinbesteko Xabier Montoiak idatzitako azkenaren gisako literatur lanak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak