kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Beti eder dena / Karlos Linazasoro / Erein, 2006

Biak bat Ibon Egaña / Berria, 2006-12-24

Aspaldi ez dela argitaratutako Bestiarioa. Hilerrikoiak nobelaz mozorrotutako liburu hibridoan aforismo generoaren errebindikazioa egin ostean, genero horren aterpera bil litekeen bilduma lana dakar Linazasororen luma oparoak. Ez du lehen aforismo bilduma egileak, aurrez ere “apunteak” generopean halako bildumarik emana baitzuen argitara Isiltasunaren adabakiak izenburupean, 2003an, eta haien ondotik idatzitako “apunteak” (apaltasun konplexudun aforismoak) biltzen ditu Beti eder denak. Bere azken narratiba lanean bezala, hemen ere ez da falta genero hiperlaburraren, eta aforismoaren aldarrikapenik: “Aforismo batek hotz utz zaitzake. Nobela batek bezalaxe” irakurtzen dugu Linazasororenean, azken lanean egindako generoen arteko jolasari erreferentzia eginez, eta prosa txikiaren balioa goratuz. Aforismoak definizioz egiarekin (Egiarekin, demagun, letra larriz) duen loturari mesfidati nonbait, apunte deitu ditu egileak testuok, horren zergatia azalduz: “Aforismoa zuhur-hitz bada, apunteok zalantza-hitz dira”.

Aforismo eta apunteez ari zela, zera aitortzen zuen egileak: “Sukalde-lana erakusten dut, fikzio-lanen aurretik dagoen hondarra, sustraiak. Poetika, nolabait”. Eta lagunak esan dit, Beti eder dena eskuan, ez ote den hein batean obszenoa nork bere karta guztiak mahai gainean jartzea, zeharkakoago edo azaldu behar lukeena hain era zuzenean papereratzea, idazlea hein horretan biluztea. Sukalde-lana bistan jartzea, alegia. Ez da Linazasoro bere kartak gorde zalea, eta dela metafikzioaren eta autofikzioaren bidez (narratiban) dela aforismo eta apunteen bidez mahai gainean jartzen ditu bere iturriak, bere fikzioaren edo poesiaren abiapuntuak, bere poetikak. Eta liburu honetako apunteek ere balio dute tolosarraren poetika bat irudikatzeko, dela poesiaren esparruan, dela narratibarenean. Linazasoro poeta eta Linazasoro narratzailea egile bera ote diren zalantza pizten zaio bati, bateko mundu ikuskera itxi, beltz baina umorezkoak ez baitu parekotasun handiegirik besteko lirikotasunerako eta edertasunaren gorazarrerako joerarekin. Baina agian aforismo liburu hau da lekuko nola bi egileak bakarra diren, poeta eta narratzailea, eta bien mundu ikuskerak nola ez dauden hain elkarrengandik urrun.

Linazasoro poetaren poetika aurkituko du, izan ere, irakurleak batetik. Linazasoro lirikoaren, edertasunaren eta eternitatearen (beste hitzez, jainkoaren) bilaketa ardatz duen idazlearen lana, poesiaren eta artearen (ezen ez artistaren) sublimetasunean sinesten duen idazlearena: “Esentziaren esanezina da poesia”, “edertasunak ez du ohiturarik ametitzen”… Baina badago Linazasoro narratzailearen poetika eta mundu ikuskeraren trazarik ere: munduaren aurreko desosegua, gizarte joeren kritika, heriotzaren ekidinezina… eta horiek guztiak goxatzen dituzten umorea eta ironia. Txistetik, anekdotatik hurbil dauden aforismo edo apunteak dira hauetako asko, hitz jokoetan oinarrituak, topikoei irauli txiki bat eginda sortutakoak, brillanteak batzuk, beste batzuk, irakurle hau hotz xamar utzi dutenak. Eta irakurtzen hasi ahala, elkarrekiko tonuz eta edukiz hain diferenteak diren aforismoak segidan irakurtzeak sentsazio arrotza eragin diote irakurle honi (eta liburuari antolamendu bat, gaikako sailkatze bat, adibidez, ments ikusi dio), oraintxe txistearekin eta oraintxe eternitatearen eta artearen definizio batekin epatatzen baitu idazleak. Baina, liburua aurrera eta ohartu da horixe dela Linazasororen obran estimatzen duen gauzetako bat: umoretik, itxuraz tribiala den horretatik gizakiaren eta gizartearen auzi lodienei sakonetik heltzeko duen trebezia berdingabea. Eta horixe dela dibertsio hutsez, eta tarteka harrizko bihurtzen den irribarrez irakurtzen den Beti eder denak eskaini diona. Perla bilduma bat.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak