kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ataramiñe-06 / Hainbat egile / Ataramiñe, 2006

Oroimena ala ezer ez Aritz Galarraga / Gara, 2006-12-23

Durangoko uholdea iragana da dagoeneko. Irakurri ditugu egunkarietako titularrak, “balantze baikorra”, “edizio arrakastatsua”, “asistentzia eta salmentak gora” eta, gutxi-asko, ia guztiok egin dugu arrantza bertako uretan. Baina izan da, urtero legez, elkartasunerako betarik ere. Gure Irratiaren alde bildu diren euroak (instituzioen txanda iritsi da orain!) edota idazle eta musikariek presoei erakutsitako babesa, horren adibide. Elkartasunaren isla izan nahi duten liburuak ere bazeuden azokan. Horien artean hiru lan, hiru liburu aipatu nahiko genituzke asteon, balio literarioagatik baino sinbolikoagatik nabarmentzen diren hiru liburu, hiru lan: “Ataramiñe-06”, “Oroimena ala ia ezer ez” eta “Giltzapeko umorea”.

“Ataramiñe-06” liburua aipatuko dugu lehenik, euskal errepresaliatu politikoen literatur koadernoen bosgarren edizioa, hain zuzen. Literaturak balio beharko lukeelako horretarako ere, hau da, babesik gabe denari babes emateko. Libertate faltan dagoenak sarri askotan jo izan du letren portura, amets egitea besterik ez baitzaio geratzen eguneroko ilunaren aurrean. Eta, horrexegatik, euskal irakurleari ez zaio arrotz egingo preso dagoenaren berri literaturaren bitartez edukitzea. Kasurik ezagunena, zalantzarik gabe, Joseba Sarrionandiarena izanen da, 1992an “Gartzelako poemak” gogoangarri harengandik hasita. Baina euskal literaturaren historiari beren ekarpenak egin dizkiotenen artean aurki ditzakegu Jokin Urain, Mitxel Sarasketa, Angel Rekalde, Karlos Gorrindo, Mikel Ibarguren, Xabier Izaga?

“Euskal literatura kartzelan hasi zen” zioen orain hamarkada bat Koldo Izagirrek idatzi eta 40 euskal idazlek sinaturiko agiriak. “Gure lehen idazlea kartzelan sortu zen. Kartzelak egin zuen Etxepare idazle. Orduantxe sortu zen euskal literatura, Mosen Bernatek Bernat Etxepare idazlea sortu behar izan zuenean”. Kartzelak idazle egin zuen, beraz, Etxepare. Kartzelaren esperientziak. Martin Larralde Bordaxuri-rekin egin zuenaren antzera. Kartzelaren eta kartzelara eramandako “arrazoien” testigantza lazgarria utzi zuen lapurtarrak, “Mila zortziehun ‘ta hamabortzgarrena” poeman: “Kantatzera niazu alegera gabe, / Ez baitut probetxurik trixtaturik ere; / Nehun deusik ebatsi, gizonik hil gabe, / Sekulakotz galerak enetako dire”.

Literatur koadernora bueltatuz, Ataramiñeren aurtengo edizioak hainbat euskal preso eta iheslarik, espetxean nahiz erbestean, eginiko idatziak biltzen ditu beste behin. Denetarik: poemak, bertsoak, kontakizun laburrak, gogoetak, baina baita marrazkiak ere. Modu horretan, hamarnaka urte lehenago Bordaxuri-k idatzitakoarekin bezala, errepresaliatuen errealitate gordinaren lehen eskuko testigantza jaso ahal izango du irakurleak.

“Oroimena ala ia ezer ez” lanak, berriz, 2006ko otsailaren 27an du abiapuntua. Egun horretan aurkitu zuten hilik, kartzelako ziegaren bakartasunean, Igor Angulo preso santurtziarra. Bada, gertakari hits horrexek eragindako gertaera katea kontatzen da liburuan barrena. Ezagunak izango dituzue, seguru aski, garai hartakoak: indar polizialek erreprimitutako protestak, Roberto Saiz Baru presoaren heriotza, greba eguna… Otsail akabera eta martxo hasierako egun horien kronika da azken batean lan hau, kronika politikoa nahi bada, baina neurri berean bi hildakooi eskainitako maitasun keinua ere bai.

Kronika gordinean ez ainguratzeko, gainera, hainbat elkarrizketek laguntzen dute ildo nagusia: Andoni Txasko Martxoak 3ko Biktimen Elkarteko eledunari egindakoa alde batetik, Idoia Muruaga eta Ana Lopezi egindakoa bestetik (Angulo eta Saizen neska lagunak, hurrenez hurren), eta baita Juan Mari Olano Askatasuneko eledunarekin izandakoa ere. Tregoa aurreko egunak (martxoaren 22an jarri zen indarrean su-etena) freskatu nahi dituenak hemen du aukera.

Liburuan aurki daitezkeenen artean, 76ko martxoak 3ko sarraskiaren hogeita hamargarren urtemuga gogoratzeko egiten ari ziren manifestazioan gertatutakoa. Protesta desegin zuen Ertzaintzak. Hainbat lagun ospitalera eta bi atxilo: Josu Ormaetxea eta Andoni Txasko bera. Hiru hamarkada lehenago Fragaren grisek ere ospitalera bidali zituzten biak ala biak. Lluis Llach musikari katalanak, gau horretan bertan, “assassins de raons, de vides, / que mai no tingueu repòs en cap dels vostres dies / i que en la mort us persegueixin les nostres memòries” kantatu zuen, Campanades a morts abestia, inoiz baino ozenago.

Lerrootara ekarri nahi izan dugun hirugarren liburua ez zaio arrotz izango bati baino gehiagori. Ez zaio arrotz izango ez egilea, ez eta bertan aurkituko duena ere. Izan ere, hamaika dira eguneroko lehen kafearekin batera Tasio marrazkilariaren eguneroko biñetak “irensten” dituzten irakurleak. Eta horixe bera da “Giltzapeko umorea” liburuak biltzen duena, Tasioren biñeta horietarik zenbait, umorezko elkartasun antologia baten gisan. Umorearen bitartez ere iristen baita elkartasuna.

Bordaxuri-ren poemara itzuliz, hauxe irakur daiteke azken bertso lerroetan: “Kantu hauek eman ditut Paube-ko hirian, / Burdinez kargaturik, oi! presondegian; / Bai eta kopiatu denbora berian, / Orok kanta ditzaten Hazparne herrian. // Hok eman izan ditut ez xangrinatzeko; / Ahaidek, adixkidek, kuraie hartzeko, / Eta partikulazki, aita, zuretako, / Kantuok aditzean, semeaz oroitzeko”. Martin Larralde poema eder hura idatzi zuen Joseba Sarrionandiak ere, hala zioen, “Akordatzen” liburuan: “Oroimena garela akordatzen naiz, oroimena ala ia ezer ez”. Bistan da arrazoi zutela.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak