kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Erretzaileen eremua / Jon Alonso / Susa, 2006

Surik bai? Ibon Egaña / Berria, 2006-12-10

Hainbat obratan zehar generoen arteko mugekin jolas egin ondoren (nobelaren mugez hausnartu eta hura berritzen ahalegindu, saiakera eta narratibaren arteko mugak lausotu, genero hibridoekin esperimentatu —rapsodia—) artean, sortzaile bezala bederen, landu gabea zuen genero bat dakar Jon Alonsoren lan berriak: ipuina. Eta eman dezagun erretzaileen eremu baten antzekoa dela ipuina ere: espazio txikia eta itxia, baztertua eta minoritarioa, barne logika arauak dituena, laburra baina intentsoa, zigarro batek irauten duen denbora irauten duena, eta erretakoak bezala gorputza eta gogoa ernarazten, piztarazten duena. Hori bai, ipuin hauen efektuak, ziurrenik, zigarroarenak baino luzaroago iraungo du irakurlearen zainetan.

Gaurko gizartearen egoeraren eta joeren testigantza zorrotza biltzen dute liburuko ipuin zenbaitek. Gizartea bildu, kohesionatu duten proiektuen eta utopien merkealdiaren eta esanahi-hustearen berri jasotzen dute “Etxe erosia” eta gisako beste hainbat ipuinek. Egitasmo baten inguruan bildutako gizataldean indibidualismoa nola gainjartzen den eta proiektua barne husten den zorrotz eta ironiaz deskribatzen du Alonsok, baita autentikoa denaren eta faltsua, kopia, simulakroa denaren arteko bereizketaren lausotzea ere, “Non fida, han gal” narrazioan sotilki adierazia. Garai berrien aldakortasuna du hizpide, eta nola irizpide komunak izatetik, proiektu bateratuak izatetik, aterperik gabeko banakoaren garaiak hartu gaituen, nola etika edo errelatu nagusi konpartituak izatetik norberaren ardura eremura iragan garen. Pertsonaien baitan kontraesan eta paradoxari zabaltzen zaio bidea orduan, eta ironiaren ukendu mingots baina ez mingarriaz igurzten ditu orduan egileak zauriak.

Bizitzaren gaineko ikuspegi eszeptikoa, ironiaz eta distantziaz landua doa nagusitzen orririk orri erretzaileen eremuan asmo kolektiboen eta jarraibide ezarriaren krisiagatik batetik, eta halaber heriotzaren eta gaixoaldiaren presentzia etengabe eta etsipengarriagatik. Gizakiaren alde ezkutukoenak, miserableenak, anbibalenteenak bistan jarrarazten dituzten egoerak, muturrekoak, birsortzen ditu Alonsok bere ipuinetan, norberaren Jeckyll doktorea eta Hyde elkarrizketan jarriz, gizakiaren traizioarako eta iruzurrerako joera ia saihestezina azaleratuz… Baina gai lodi horiez ari dela ere tremendismorik gabe ari da egilea, gai horiei letra larririk gehitu gabe, umore zirrinta batetik, egoera muturrekoenetan barnean mugitzen zaizkigun gauza ustez txikiagoei buruz, ernatzen diren zalantzei eta anbibalentziei buruz.

Umorea, ironia, parodiarako gogoa ez dira falta, halaber, kultur eta literatur giroa ardatz duten “Le bon sauvage” ederrean edo “Suhiltzaileak” epilogoan. Hein batean Euskal karma gogoraraz dezakeen tonu jostarian, benetako kultur gizon-emakumeen antz handia duten pertsonaiak sortzen ditu Alonsok, kultur giroaren pedantekeria, hutsalkeria edo itxurakeria bistaratzeko, edo edizioaren munduaz aritzeko.

Ipuingintza hegoamerikarraren irudimena eta fantasia inoiz, metaliteraturaren asmo jostaria hurrenean, gizakion zokondo ezkutuagoak arakatzen dituzten ipuinen gordina ondoren, umore ez nabarmenaren ukituz maiz, generoaren bazter askotan egingo du sartu-irtena liburu honen irakurleak. Ipuin bakoitzari bere tonua, pertsonaia bakoitzari ahots desberdin eta sinesgarria ematen asmatzen du Alonsok, halaber narratzaileen perspektiba zehatz trazatu eta askotarikoak entseatzen eta narrazioaren erritmoa mantentzen, euskarazko literaturan ohikoa den prosa lau eta sinplekeria sintaktikoari men egin gabe.

Gure —dela gu hori euskaldun, europar, mendebaldar, mundutar— gaurko kontraesanak eta gizakion joera anbibalenteak ebidentziarik gabe eta narrazio landuetan eman ditu Alonsok. Erretzaileen eremu hauetan barneratzen dena ez da sartu bezala aterako.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak