kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bestiarioa. Hilerrikoiak / Karlos Linazasoro / Elkar, 2006

Literatura gaztea Aritz Galarraga / Gara, 2006-11-04

Aurreko liburu batean ere, “Glosolaliak eta beste” hartan, trikimailu berbera erabili zuen Karlos Linazasorok: “Borreroaren nobela” izena eman zion 172 esapide labur, 172 aforismo biltzen zituen atalari. Oraingo honetan aipatutako amarruaren patroi bereko bi “nobela” labur aurkituko ditu irakurleak, narrazio nagusiaren baitan. Idazle tolosarraren azken literatur lanak Bestiarioa. Hilerrikoiak du izena, eta behin baino gehiagotan landu duen generoen nahasketarekin harritu gaitu beste behin: narrazioa batetik, aforismoak bestetik, baina baita kritikoek hiperlabur deitzen dioten ipuin horietako batekin edota antzerkiaren domeinuekin limurkeriatan dabiltzan elkarrizketekin ere.

Linazasoro beraren karikatura datekeen K. pertsonaia dugu liburu honetako protagonista. Nobela idazteko helburuarekin urtebeteko eszedentzia hartu du lanean, baina denborak bere bidea egin eta ailegatu dira presak eta larritasunak. Eleberri horren idazketa prozesua da, hain zuzen ere, orriotan aurkituko duguna, argumentu-hari nagusi. Tartean, ordea, hamaika pasadizo, hamaika ezusteko, hari nagusia aberastu eta kontakizunari bizitasuna emango diotenak. Eta oraingo honetan, argitasun nabarmenarekin, Linazasororik onenaz gozatzeko aukera izango dugu, bere gordinean.

Ez du lehen aldia idazle tolosarrak fikzioa eraikitzeko bere burua abiapuntutzat hartzen duena. Ez du lehen aldia, halaber, umorearen eremuetara hain irudimentsu hurbiltzen dena. Umorea baita eskuartean dugun literatur lana zipriztintzen duen ezaugarria, idazleari errealitatea modu kritiko batez begiratzeko aukera ematen dion makulua. Umore beltza beste ezeren gainetik, orriotan beti bezain presente dagoen heriotzari aurrez aurre begiratzeko modu eraginkor bakarra bailitzan. Beste zenbait pasartetan, eta halakorik balego, euskal umorearen antologia batean egotea mereziko luketen pasadizoekin egingo dugu topo. Urrestillako izeba Amaliren hiletara egiten duten bidaia mugitua horren adibide: “Amaginarreba kopilotu jarri genuen; atzean, mondeju eder bat bezala galkatua, izeba Pilar. Albiztur parean botaka egin zuten biek”.

Baina Bestiarioa. Hilerrikoiak liburua ez da orain arte aipatutako horretara mugatzen soilik. Lan konpletoa eskaini digu tolosarrak, irakurketa bat baino gehiago eskaintzen duena: idazketa prozesuari eta idazlearen jardunari buruzko hausnarketak, euskal literaturaren gaineko ziri-sartzeak edota egungo gizarteari egindako begirada kritikoa aurkituko ditu irakurleak bertan. Ondorioz, barre egiteaz gain, esan beharra dago liburuak eskaintzen duela hausnarrean jarduteko betarik, docere et delectare, Horacio poeta latinoak aspaldi esan zuen hori praktikan jarriz. Irakaspena eta dibertimendua eskutik helduta beraz.

Hedabideetan esandakoari erreparatuz, Elkar argitaletxearen baitako sail berri bati eman dio hasiera Linazasororen azkenak. Eta, ez dugu lerrootatik ukatuko, gazteentzat erakargarri izango da liburu hau. Baina irakurlego zabalago batek ere plazer hartuko duen zalantzarik ez daukat, idazleak ohiko dituen ezaugarri nagusiei ez baitie eskapo egin. Azken batean, Pep Albanell idazleak esan zuena gogoratuz, gazte literatura gazteek ere irakur dezaketen hori baita. Horrexegatik kritika hau irekitzen duen izenburua: gazte literatura baino literatura gaztea, indartsua, bizia, sanoa, edozein adinetako irakurleek irakurtzeko modukoa begitandu baitzait Linazasorok argitaratu berri duen azken literatur lan hau, nahiz eta etorkizunean egilearen titulu gogoratuenen artean ez egon.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak