« Testigantza gisa | Elipsia eta paradoxa »
Bestiarioa. Hilerrikoiak / Karlos Linazasoro / Elkar, 2006
“Helduiok behingoz potroetatik literaturari” Iratxe Retolaza / Berria, 2006-10-15
Ederra ziria. Azalean bertan bota du lehen amua, izenburua zehaztapen konkretu batean bilduz: Bestiarioa / Hilerrikoiak. Bi nobela llabur. Hasiera batean irakurleak ez du zehaztapen hau zalantzan jartzeko inolako daturik, ez keinurik. Baina, irakurketa abiatu eta berehala, ziriaren tamainaz ohartzen gara. Berehala ohartuko gara; egileak jolaserako deitu gaitu, adarra jotzera etorri da, gure igurikimenak oro zalantzan jartzera. Aurreiritziak itzulipurdikatzera. Horretarako, liburu honetan autofikzioaren bideari eutsi zaio. Hau da, egilearekin berarekin harreman estua duen pertsonaia sortu eta irudikatu da, idazlea ere badena, Karlos izena duena, liburuzaina dena, umore beltzaren zale dena, narrazio laburretarako sena duena, etab. Baina, autofikzio hau ironiaren distantziaz egin da, egilearen irudia bera parodiagai edo karikaturagai bilakatuz. Autofikzio ironiko hau bere buruaz barre egiteko eta distantzia hartzeko bidea izan bada, baina, batik bat idazle eta nortasunaz hausnartzeko eta idazletasunaren aurreiritziak irrigarri uzteko: nobelagilearen itzalari edota idazketa prozesua bera bizitza (edo heriotza) baino garrantzitsuagoa izateari trufa egiten dio. Are gehiago, Karlos Linazasorok autofikzio ironikoa baliatu du, Linazasoro idazleari euskal literatur sisteman egokitu zaion lekuaz hitz egiteko. Horretarako, han-hemenka Linazasoro idazlearen irudiaz esan direnak aipatu (zuzenean edo zeharka) egiten ditu, baita beste zenbait idazleren inguruan esandakoak edo sortutako irudiak ere. Baina, aipamen horiek guztiak karikatura bailira bezala, zenbait alderdi nabarmenegi eta agerikoegi irudikatu ditu, eta alderdi horiexek dira hausnarketara eraman nahi direnak.
Eta noski, Karlos idazlea dugu izenburuan aurkezten diren bi nobela laburren (parka, llaburren) egilea. Horregatik, bi nobela horiek aurkeztearekin batera nobela horien idazketa prozesua da mintzagai. Ez hori bakarrik, idazketa prozesuan gertaturiko pasadizoak ere kontatuko dizkigu Karlosek. Karlosi gertaturiko pasadizo bitxi irrigarri zirikatzaile eta absurdu horietan bada Pernando Amezketarraren itzalik. Ezbairik gabe, aspalditik euskal irakurle gazteen irakurgai dena. Ez da harritzekoa, beraz, liburu honek gazte literaturako sail bati hasiera ematea, Ateko Banda sailari. Horiek horrela, irakurle honek ezin izan dio datu horri bizkarra emanda irakurri. Horregatik, galdera bat sortu zaio, Linazasorok haren ohiko irakurleari keinu egitean are biziago kolpatzen zuen galderak: irakurle gazteek Linazasorok egindako keinu eta begi-kliskatze horiek ulertuko ote? Irakurraldiaren hasieran ezkor nintzen, baina liburuak aurrera egin ahala Linazasorok gazte literaturaren eta helduen literaturaren artean eraikitako zubia interesgarria, ausarta eta beharrezkoa iruditu zait. Dirudienez, Linazasorok gazteek ezagun duten diskurtso eta narrazio molde hori hartu du haiengana hurbiltzeko. Baina, bide batez, ohiko zirikada eta eztenkadak gaurkotu eta sakondu egin ditu. Batetik, umorea sortzeko egungo erreferentzia ezagunetara eta bizimoduetara jo du. Bestetik, zirikadek ez dute umorea eta irribarrea bakarrik sortzeko helburua, bada haien itzalean gogoetarako eta aurreiritziak auzitan jartzeko gogorik.
Gazte literaturaren eta helduen literaturaren artean muga zurruna egon ohi den euskal literaturan Linazasorok ederki asmatu du gazteengana bere helduen literaturako moldeak, eta baita literatur laginak ere hurbilarazten. Beharrezkoa dugun zubigintza, euskal irakurle gazteek euskal irakurle heldurako bidea egingo badute.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez