kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Nafarroako Artizarra / Joxemari Iturralde / Elkar, 2006

Historia agertoki baino ez denean Iratxe Retolaza / Berria, 2006-09-17

Joxemari Iturraldek estreinako nobela argitaratu zuenetik 22 urte igaro diren honetan, nobela haren —Nafarroako Artizarra— 6. edizio zuzenduak argia ikusi du. Nobela honetan, 1310. urtearen bueltan Iguzkitza herrian jaiotako bi anaien abenturak kontatzen zaizkigu. Bata, Erramun, familia judu batekin bizitzera joan, eta errotik aldatuko du bizimodua; eta bestea, Damiano, tabernaz taberna ibilizalea eta amarrutsua, Iruñeko kartzelan bi egonaldi egitera zigortuko dute.

Denbora-pasarako liburuxka entretenigarria da, baina nire ustean, Iturralderen nobeletan makalena da. Hasierako ataletan nobelak tinko eusten dio narrazioari, eta baita ezusteari ere. Deskribapen landuz osaturiko atalak eta ahozko lekukotza biziz osaturiko atalak tartekatu egiten dira abiaburuko ataletan, molde ezberdin hauen arteko kontrasteak narrazioaren erritmoari joskera berezia eskainiz. Baina istorioak aurrera egin ahala, hasiera bateko joko sendoak behera egiten du, abiaburuko ahots aniztasuna eta kontrastea arindu eta moteldu egiten delako. Kontuan hartu behar da, halere, 80ko hamarkadan denboran, espazioan eta diskurtso-moldean eginiko halako jauziak eta jolasak berrikuntza zirela euskal nobelagintzan, eta narrazio laburretan jada erabilitako teknikak nobelara eramateko saioak zirela, nolabait.

Dena dela, berrargitalpen honek badu zer berririk, hain zuzen, hitzaurre modura antolaturiko ohar zenbait. Eta nobela honi egin berri zaizkion iruzkinei eta elkarrizketei begiratu baino ez dago, hitzaurre honek (berr)irakurketa zenbateraino baldintza dezakeen ikusteko. Nik neuk harriduraz jaso nuen hitzaurre hauxe: batetik, oharrak xaloegiak iruditu zitzaizkidalako irakurle ohituarentzat; bestetik, literaturaren ikuskerarekin bat egiten ez nuelako. Besteak beste, egileak honela dio: “dagoeneko garbi aski dakite honetaz idazle, aditu eta kritiko literario askok, ez da ‘nobela historiko’ deitu daitekeen horrelakorik, (…) bi termino horiek kontrajarriak baitira” (8. or.). Adierazpenok Iturralderen poetikaren muinetara garamatzate. Historia eta nobela muga zeharkaezin batez bereizi badira, literaturaren fikziozko izaera hori azpimarratzeko izan da, izan ere, 80ko hamarkadaren hastapenetan euskal literaturan puri-purian zegoen aldarrikapena. Baina, bitxi gertatzen dena, nire ustez, gaur egun historia eta nobela/literatura arteko muga zurrun hori ohartarazi beharra da. Literatur kritikari honek, behintzat, ez du bat egiten baieztapen irmo horrekin. Kritikari honen ustean, bada nobela historikorik, badira kontrajarriak direnak batu ditzakeen adierazpiderik ere. Are gehiago, kontrajarri direnak batzea, kontrajarriak diren eremuen arteko mugak lausotzea modernitate osteko ezaugarria dela esango nuke, eta diskurtso-moldeetan gurutzaketak eta nahasketak dakartzana, besteak beste. Nire ustean, ez da egokia nobela honen irakurketa nobela historikoaikurrari loturik abiatzea (ez ukatze bezala ere). Eta ez nobela historikorik ez dagoelako, egon badaudelako, baizik eta Nafarroako artizarrak Historiaren diskurtso-moldea imitagai eta lehiagai ez duelako, baina ezta parodiagai ere (irakurle honek, behintzat, ez du halako keinurik antzeman).

Nire ustean, Iturralderen lehen nobela hau —beste hiru nobelak bezalaxe— abenturazko nobela da, nahiz eta une historiko konkretu batean kokatu. Izan ere, nobela honetan egoera historikoa (XIV. mendeko Nafarroa eta Gaztela) pertsonaien abenturak kokatzeko agertokia besterik ez da, eta ez pertsonaien ibilbideak, nortasunak, gatazkak eta harremanak baldintzatuko dituen mamia.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak