kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gure gerretako heroiak / Rafa Ugalde / Elkar, 2006

Gerra eta hotza Aritz Galarraga / Gara, 2006-08-12

“Zer da zuentzat heroi bat?” galdetzen die bere ikasleei Lola Cercas fikziozko unibertsitate irakasleak, “Soldados de Salamina” filmean. “Inoiz huts egiten ez duen norbait? Edo, agian, huts egin ezin daitekeen unean huts egiten ez duen norbait?” Ez du etenik Ariadna Gilek interpretatzen duen pertsonaiaren galdera bonbardaketak: “Supergizakia al da heroia? Edo gizaki arrunta? Edota John Le Carrek esan bezala, heroiaren adorea behar al da, besterik gabe, itxurazko pertsona izateko?” Zer da heroi bat? Hona hemen idazlan baterako edo lau bertso hamarreko txikian kantatzeko gaia.

Nik neuk zalantza ugarirekin jarraitzen dut Rafa Ugalderen bigarren narrazio lan hau irakurri ostean ere, ez baitizkit aurretik nituen dudak argitu. Galderak pausatu, ordea, pausatu dizkit: “Zer ote da errudun izatea, nola liteke batzuentzat errudun eta beste batzuentzat heroi izatea?” Hildako umeak, gerrako presoentzako hilkutxak garraiatzen dituztenak, desagerrarazitako semearen bila abiatzen den aita, hiltzeko gertu diren gerlariak eta elkarren artean hitz egiten duten belarri moztuak dira ipuinotan aurkezten zaizkigun heroi partikularretarik batzuk.

Ugaldek proposatzen dituen heroiak, guztiak ere, gerren biktima isilak dira, biktima ezkutatuak, biktima kolateralak sarritan, nahiz eta lehentxeago esan bezala, batzuentzat biktima dena besteek borrerotzat ere izan dezaketen. Enpatia ariketa zehatza da, beraz, Rafa Ugaldek irakurleari proposatzen diona: begira, hemen aurkezten dizkizuet gerra eta gerraren ondorioak pairatu dituzten pertsonak, ea zuen erraietan zerbait iraultzen duten. Aldi berean, memoriaren berreskuratze nahi bat ere badago lan honetan, iluna argitu nahia, estaltzen dena azalerazi nahia ere bai. Eta neurri batean moren babesik ez duen horri literaturaren beroa emateko intentzioa, horretarako ere balio baitu literaturak.

Liburuaren izenburuko lehen zatiak ere sortu dizkit galdera ugari, ez baita erraza gure gerrak zeintzuk diren asmatzea. Gerra hitza entzun eta gehiengoari izen bat etorriko zaio burura: Irak. Oso ongi. Beste izen bat eskatu eta, ez dakit, Vietnam, Balkanak edota Gerra Zibila erantzun normalen artean egongo lirateke. Bide onetik gabiltza. Gure-gurea den gerra ere, etxekoa, batzuek “euskal gatazka” deitzen diotena, beste batzuek gerratzat ere hartzen ez dutena ere, jakina, ezin zitekeen falta. Orriotan aurkituko ditugu horiek eta gehiago. Liburuaren tesiaren arabera, beraz, planeta osoko gerrak izango lirateke gureak, berdin gureak, hango nahiz hemengoak izan. Baina nahita ere, susmoa daukat denak ez direla gure gerrak, Iraken egunero hiltzen diren ehunka lagunek ez dutela “gure” hildako batek adina balio. Eta liburuak ere sentsazio hori agerian uzten du.

Gerra hotza izenarekin ezagutzen dugu mundu mailako hegemonia eskuratzeko AEBek eta Sobietar Batasunak gidatutako ardatzek hamarkada luzeetan zehar mantendu zuten lehia. Gatazka horrek ere bere lekua du Gure gerretako heroiak honetan, neurri batean, Vietnamgo gerra hegemonia hori Asiako lurraldeetan zehar hedatzeko tresna izan baitzen. Gerra hotza. Izendapen bitxiak asmatzen dituzte gero. Gerra eta hotza, hitz kontraesankorrak, gerra bera bezalakoak. Liburu honetan, aldiz, ez dira agerian geratzen ez gure, ez gerren, ez eta heroien inguruko kontraesanak. Eta nahikoa hotz utzi nau saiakerak motibo horregatik. Azalean geratzen diren ipuinak dira liburukoak, baina uda beteko beroa zertxobait arintzeko balio dezake irakurketak, badakigu eta sasoi honetan burua ere ez dabilela gauza garrantzizkoegiak jasateko moduan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak