kritiken hemeroteka

6.840 kritika

Azken kritikak

« | »

Inon izatekotan / Juan Luis Zabala / Susa, 2006

Ezin kabitu Aritz Galarraga / Gara, 2006-08-05

Garai batean bai, garai batean mundu guztiak zeukan koaderno txiki bat logelako mesanotxean, eguneroko gauza txikiak apuntatzeko balio zigun koaderno txiki bat. Egunkari intimoak izan ohi ziren, kasurik egiten ez zigun hari eskainitako poemekin beteak edota galdera existentzialistekin (nor naiz, nondik nator, nora noa). Gaur egun ez, gaur egun inork edo inor gutxik erabiltzen du horrelakorik. Neurri batean, blogek (egunkarien generazio berriek) betetzen dutelako egunkariek betetzen zuten funtzio testosterona-askatzaile hura (eta barkatu gag-aren maskulinitatea). Neurri batean, idazteak berak ere zentzua galdu duelako gure gizarte moderno honetan.

Bada baina, egunkarien azpigeneroa desagertu baino lehen bere testigantza paper inprimatuan utzi nahi izan duenik. Juan Luis Zabalaren kasua da hori. Inon izatekotan izenburupean (“Koaderno honek izan zitzakeen beste izenburu batzuk: “Autoerretratua”; “Autobihotzgrafia”; “Basoilarrak kantatzen dizu”…”), 1985. urtetik gaur egunerainoko bidea egin du azkoitiarrak. Bizitza oso bat, alegia. Urte horietan zehar, ohar-koaderno intimoan idatzitakoak askotarikoak dira, botikan bezala: gogoetak (literaturari buruzkoak eta ez), kezkak (berdin), testu literarioagoak (ipuinak, poemak eta abar), aforismoak ere bai.

Jose Luis Garcia Martin idazle eta kritikariaren ideiaren arabera, egunkaria bi garai ezberdinetan idazten da: lehena, oharren egunerokoan. 22 urterekin, artean gazte eta berde, ekin zion Zabalak liburuko testuak idazteari. Norbaitek, agian, gogoraraziko digu Rimbaud poetaren kasua, baina, zoritxarrez edo zorionez, denok ez gara Rimbaud. Denok ez ditugu gure obrarik onenak hogei urteen bueltan idatzi (hori espero dut, behintzat). Eta liburu hasierako testu horietan nabaritzen da gazte zeneko Zabalaren idazkera lañoa, pisu literario handirik gabekoa, egunkari intimotik baino egunkari literariotik gertuago dagoena.

Eta hasierako testu horietan gerora ere liburu osoan zehar mantenduko den tonika errepikakor samarra finkatzen da: zoro eta umeekiko nolabaiteko miresmen puntu bat, artaldetik at egotearen sentsazio errotua, idazten den horren erridikulutasunaren aitorpena, idaztea ihesbiderako aukera gisa agertzea… Bai, egia da, bestelako testuak ere badaude, literarioagoak diren testuak nahi bada. Baina nahiz eta bestelako testuak ere badauden, pisu gehiegi hartzen dute axaleko horiek. Niri behintzat geroko irakurketa gehiegi baldintzatu didate. Eta liburu osoan sentsazio berbera izan dut, egunkari intimo eta literarioaren arteko mugan, batetik bestera ibiltzearena, marra definigaitz hori etengabe zeharkatzen aritzearena.

Garcia Martinen hitzetara bueltatuz, argitaratzeko txukuntze lanak egiten direnean izan ohi da egunkaria idazten den bigarren garaia. Idazketa horretan zaindu beharko ziratekeen, nire ustez beti, eta liburuaren mesedetan, Inon izatekotan honen bi herrenak: testuen literariotasuna eta gaien errepikapena. Are gehiago idazlearen hitz hauek ezagututa: “ez zuen lanik eskatzen: bizi eta horren arabera, diariorako moduko zerbait ikustean, diarioan isuri. Hasieratik izan nuen argitaratzeko asmoa”.

Juan Luis Zabalaren historia eta liburua bera laburbiltzen omen duen esaldia hondar orrietan aurkitu duguna: “traba nintzen baina kabitu naiz”. Ni neu, ordea, ezin kabitu ibili naiz liburu honetan, batzuetan barruan nintzelakoan, besteetan nahikoa urrun. Ez nuen kritikarako eskaintzen didaten tarte hau Xabier Gantzarainek, beste behin, Susarentzat egindako azal bikaina aipatu gabe utzi nahi.

Azken kritikak

Hizkuntza, Nazioa, Estatua
Joxe Azurmendi

Javier Rojo

Haren zati bat
Josu Penades

Javier Rojo

Zer egingo dugu orain opariekin?
Aritz Gorrotxategi

Javier Rojo

Hodei berdeak
Jon Alonso

Aritz Galarraga

Azken zakatzak
Martxel Mariskal

Igor Estankona

Arrotz eta eder
Pako Aristi

Iker Zaldua

Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Mari Luz Esteban

Iratxe Esparza

Huliganaren itzulera
Norman Manea

Iñigo Roque Eguzkitza

Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon

Amaia Alvarez Uria

Ospa
Juan Luis Zabala

Ibon Egaña

Arrastoak
Dejabu panpin laborategia

Iratxe Retolaza

King Kong teoria
Virginie Despentes

Hasier Rekondo

Baina ez lukete han egon behar
Asier Osinalde

Mikel Ayerbe

Telleria eta gero, zer?
Ernesto Prat

Iratxe Esparza

Artxiboa

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Iraila 2016

Hedabideak