kritiken hemeroteka

6.959 kritika

Azken kritikak

« | »

Sua nahi, Mr. Churchill? / Koldo Izagirre / Susa, 2005

Irakurri lehenik eta leitu beharrekoak ondoren! Mikel Asurmendi / Irunero, 2006-08

Sua nahi, Mr Churchill? izenburu nagusi daraman narrazio edo istorio liburuak Eta Basques’ Harboureko beste kontu asko darama izenburu azpiko, ez alferrik eraman ere. Non dago Basques’ Harbour galdetu gabe, itaundu gintuen poeta ipuin egile dugu oraingoan. Poesia egileak, ontzi txirikordatuak eskaini dizkigu oraingoan. Ez hamaika ez hamalau, hamazazpi ontzi baizik.

Mintza gaitezen suaz, hasteko eta behin. Uztailaren 18an ari naiz idazten, Errepublikaren aurkako altxamendu nazionala burutu —espainiarrenaz, alegia— zela 70 urte bete diren honetan. Liburuan mundu asko ageri bada ere, mundu bat gailentzen da bereziki, eta da: altxamendu haren aurka borrokatu zutenena. Sua nahi edo suaren eskaintza, berriz, herri honen aurka iziotu —Gernika gogoan— zuten hura da, gure oroimenean pizturik gordetzeko ontzi egileak egiten digun eskaintza.

Jakina, liburu hori guztia baino gehiago da, eta bada alajaina. Izanik ere, edozein ideologiaren aldeko laudo zein aurkako laido izanagatik, liburua literatura da. Literatura nahiz liluratura. Lilura ez da erraz sortzen ezta bereganatzen ordea, literatur bideak baditu bere xendak, lorratzak edo, kasurako, uberak.

Gomendio bat irakurle lagun hori: Koldo Izagirreren literaturaz ezin da gozatuz xenda patartsuetan nahiz itsaso uherretan ibili gaberik. Bere literatur proposamena ez da egungo safari antolatuen moduko zeharkaldia edo trabesia. Trabesia, trabesa edo pario duzu bere eskaintza. Barkatu hitz errazen erabil molde hau. Bere munduan trabeska batzuetan eta trebes ibiliko zara zenbaitetan, jitoan aldian eta zeure irakurle jitea aurkitu beharrean gehienetan. Bakarka urratuko beharreko itsasoak dituzu bereak, hitzez hitz, berbaz berba, elez ele hustu beharreko ontziak dira bere ipuinak.

Hitzak horregatik soilduak dituzu, tentu handiz irakurri beharrekoak, irakurri beharrekoak lehenik eta leitu beharrekoak ondoren. Aholku bat nire motzean, ipuin bakoitza hartu aldian aldiko trabesia gisa. Egunean zeharkaldi bat, pario apustu erronka edo dosi nahikoa egun bakoitzeko.

Uztailaren 18an ari nauzu, goizeko seietan jaikia eta zazpietan lerro hauek idatzia. Orain ordu bat ez nekien berba hauek paratuko nituenik ere. Bart jarririk beste batzuk izan zitezkeen, eta bihar!? Literaturaren magiaz paratutako berbak eleak hitzak dituzu, nahi baduzu, zer nahi duzu.

Azken kritikak

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak