kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Kleopatra / Jon Arretxe / Elkar, 2005

Kritika gautiar txikia hiru fasetan Angel Erro / Volgako Batelariak, 2006-08-15

Liburua irakurri aurretik, edo nire aurreiritziez

Liburua nire aurrean dut, ireki gabe. Herriko liburutegitik hartu du libre utzi dutenean, eta itxaron behar izan dut. Tituluak, bere tipografiak, portadako argazkiak erregina egipziarrean pentsarazten gaitu. Eleberri historiko bat? Ez dut uste. Gaur egun girotu detektibe nobela bat dela uste/irakurri dut. Espekulatzen dut —gorputzeko atal bat jarriko nuke posturan— Kleopatra pertsonaia (baldin pertsonaia bat bada) eleberri beltz honetako femme fatalea dela, tramaren subjektu pasiboa, eta seguruenik prostituta bat.

Liburua laburra da, 150 bat orrialdekoa, argiune askoekin. Gau honetan bertan hasi-bukatu ahalko dut, telebistan ematen duten filma ikusi ordez. Neure burua ezustean hartu nau liburu honen irakurketari zerbait libresko baino gehiago zerbait filmiko bezala aurrea egiteak. Baina ez nau harritzen, gogoan hartzen badugu —okertzen ez banaiz— aldizkari honetantxe Gerardo Markuletak iradoki zuzenak egileari buruz: ez irakurtzeaz harro omen zegoela. Zer idatz dezake irakurtzen ez duen batek? Film on bat, kasurik hoberenean.

Tristeena da, definizio ontologikoaz bai irakurtzen duten (zure) irakurleak zerara kondenatzea, idazle ofizioa mendeetan zehar zorroztuz eta hobetuz joan den baliabideez pobresturiko testu batera. (Baina soka luzea du kontuak, filmetako baliabideek literatura bai aberats baitezakete). Horrexegatik uste dut liburua ez zaidala gustatuko, horregatik eta Ostegunak liburuaren aurrerakariagatik, AEKan eman nituen urteetan hasi —eta bukatu ez— nuen liburua (agian nire lehen liburua euskaraz). Hau bukatzeko konpromisoa hartzen dut.

Bestalde, nik irakurri aurretik, beste bi irakurleren berri izan dut: Javier Rojoren eta Felipe Juaristiren kritikak (F.J.-rena ez dut Susategian topatzen; ergo, ez zuen idatziko). Biek ongi uzten dute liburua; ñabardurekin, hori bai. Sentsazioa dut “haiek uste zuten ez bezain txartzat” jotzen dutela. Kritikari baten lanean espektatiba funtsezko eta munta handiko elementua da. Beraz niri ere gustatzeko arriskuan nago; ñabardurekin, hori bai. Rojok literatura arretxiarra Eduardo Mendozaren alderdi umorezkoarekin erkatzen zuen. Hori ez bada egile katalanari egin irain estali bat, bihotz hartzen dut liburuttoa hasteko tenorean. Eduardo Mendozak dibertitu egiten nau. Irakurtzen hasi behar dut. Ez ekarri niri lorerik, ez nago-eta hemen. Zoriontsua izan (nahi) behar dut.

Liburua irakurri bitartean, edo ohar lotugabe batzuk

13garren or.— Komiki batekin hasten da. Hibridazioa eta abar. Ez dirudi zinta gehiagorik dagoenik liburuan zehar.

18garren or.— “Mandeuli urdina topatu beharko duzu”. Maltako belatza > Pink Panther > Mandeuli urdina. Eredutik aldendu ahala, zentzu parodikoak gora egiten du.

23garren or.— Orain artekoak umorea du, likitsa (Etxeberen zerrikeriak), políticamente incorrecto (sudakei kontrako arrazakeria): Torrente pelikula etorri zait burura.

27garren or.— Ilusioa egin dit pantera arrosa opiltxoa pertsonaia batek aipatuta agertzen dela ikusteak. Kasualitate hutsa? Intertestualitatea?

30garren or.— Pertsonaia nagusiak Manila Konexioa liburukoak direla ohartzen naiz.

37garren or.— Kapituluak bukaera folletineskoa du.

49garren or.— Atal honetako herri girotzeak ez nau hainbeste kilikatzen. Edo aspertzen hasi naiz?

65garren or.— “antioju biribilak eskuin erpuruaz bekoki alderantz bultzatu”. Itzultzaileak nola? Subirse las gafas? Empujarlas hacia la frente? Euskal idazle askoren baitan perifrasiarekiko atxikimendua atzematen da. Edo euskararen lexiko pobrezia? Edo oso geurea den barrokismoa? Edo pobreziak eragindako barrokismoa?

70garren or.— “prefosta” irakurri dut detektibeak esanda, eta, nahi gabe, agian arrazoirik gabe, Amaia Ezpeldoiz oroitu naiz.

Ordubetetxo daramat liburuarekin, ez zait astuna egiten ari, nahiz eta trama, edo, hobe esan, inkesta ez den presezki erakargarria. Ikerketa baino gehiago gymkhana batean ari direlakoan nago. Abiarazi duten ikerketak ez du ez sinesgarritasun ez zentzu askorik. Baina nobela beltz askotan, eta Espía como puedas bezalako pelikuletan ere, ikerketa gutxiengoa da; ardura duena gizartearen erretratua (lehen kasua) edo esketxen segida eta eraginkortasuna (bigarrenean) delarik.

78garren or.— “—Ea aldatzen dituzun galtzontziloak noizean behin!

—Bakoitzak bere gustuko perfumea dauka, Minguez”.

79garren or.— Detektibea eta laguntzailea: abizen euskaldunak: EAJoteroak. / Polizia (ustela) eta lagun (ustela): abizen erdaldunak: fatxak

90garren or.— Egia esan, puntazo batzuk baditu.

94garren or.— Hasi naiz bilbearen hariak oso ongi ez lotzen, hasi naiz galtzen; mea culpa, seguruenik. Argituko zait.

110garren or.— Mairuak idolatrak???? Consistencia histórica dan-browniana.

124garren or.— Baltasar beltzak eta Puri prostitutak sexua eduki dute, baina off the record. Pena. Ordu tontoan nago ni.

134garren or.— Mairu idolatrena argitu da: pertsonaien nahastea zen, ez egilearena. Barkatu. Nola erori al naiz tranpan? Barkatu. Mandeuli kontua karistiarren azalpen nabarraldetarraren esku dago.

149garren or.— Istorioa askatzen joan da. OK.

155garren or.— Komikia berriz. Grazia egin dit bukaerak.

Liburua irakurri ondoren, edo ondorio modura

Liburu entretenigarria da, umore onekoa, genero beltzeko ezaugarriak (zentzu parodikoan beti ere) betetzen dituena. Darabilen umorea ez da bereziki jasoa, askotan sen baxuetara dei egiten du, baina ironia bat edo beste ere agertzen du, ez askorik ere.

Eleberri beltza eta umorea nahasteko kontua ez da gaurkoa. Izan ere genero honek oinarri-oinarrian duen eginbeharrik nagusietarikoa, hots gizarte salaketa, behin genero bezala kontsolidatu delarik, aurrera eramateko modu eraginkorragoa da, seguruenik, umorearekin, ironiarekin nahastearena, bestela underground-a agertzea eszenario baten eraikitze ikasitakoa baino ez zelako. Eta nago eraginkorra suertatu dela Eduardo Mendozaren kasuan (Bartzelonako burgesia eta progresia erretratatzerakoan) eta Santiago Seguraren Torrente filmean, lehenbizikoan bederen (Espainia atabikoa).

Gauza bera egiten ahalegindu al da Jon Arretxe Kleopatran? Han-hemenka ahalegin txikiak nabaritzen dira, apunte batzuk, garatu gabeak, baina oro har esango nuke ezetz; ez zela hori bere nahia, eta baldin bazen, ez duela lortu ebatzi beharko genuke. Zer nahi izan du beraz? Ikastola, institutu eta euskaltegietako zirkuitua birrelikatzen jarraitu, eta liburua irakurtzean diberti gaitezen. Eta zin egiten dut nahi izanez gero barre egiteko modukoa dela eta nerabe askok Kleopatran oso liburu dibertigarria topatuko dutela.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak