kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Poema amniotikoak. Gerizpeko gudak / Sonia Gonzalez / Kutxa, 2006

Ausentziak/presentziak Iratxe Retolaza / Berria, 2006-07-30

Sonia Gonzalezen bigarren poesia liburuak sari bati esker ikusi du argia, beste behin ere. Lehen poesia liburuak, Sagarroiak (2002), 2001. urteko Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia olerkia saria jaso zuen; eta bigarren poesia liburu honek, Poema amniotikoak. Gerizpeko gudak-ek, 2005eko Irun Hiriko literatur saria. Sariak sari, bada bi poesia liburu hauen artean loturarik, dela erreferentzietan, dela ahotsaren moldean; baina, berezi-bereziki poemotan eta poemokin eratu den poetikan. Are gehiago, Poema amniotikoak liburuko poemek, Sagarroiak-en lerro arteetan gorderiko mundu ikuskera eta poetika berezi hori mamitu eta sendotu dutelakoan nago. Sagarroiak bildumako poemak irakurri nituenean, bai, igarri nion jaidura apartekoa eta usain berezkoa, irudi eta hizkera berritzaileetan urratuak. Baina, lehen liburu haren egiturak herren samar uzten zituen zenbait poema, akuilu sendorik gabe. Oraingo honetan, aldiz, akuilua sendoa da. Bai, poeta barakaldarrak poetika propio horren bilaketan pauso aipagarria eman du. Izan ere, poema amniotiko hauek egitura sendo eta landuago bat dute osatu, egitura sendo eta landuagoan dira kokatu.

Poema amniotikoak. Gerizpeko gudak liburua irudi gogoangarria eskaintzen duen poema batek zabaltzen du: poeta ohetik jaiki, saminez, eta poemak erditu. Poema honetan bildurik agertzen da zentzuak, sentsazioak, galderak eta ezinegonak sortzeko Sonia Gonzalezen poesiagintzak ohikoa duen baliabidea; alegia, ausentzia/presentzia solasek, jokoek eta korapiloek sortzen dituzte zentzu berriak eta irudi berriak, poetika berria. Poema baten goiburuak dioen bezala, “dagoenak adierazten dizu / ez dagoenaren presentzia”.

Abiaburuko eta amaierako poemaren artean, badira egitura sendo batean trabaturiko zazpi atal: lehen atalean (9-17 or.), poetak munduko diskurtso eta mintzoen presentzia eta ausentziez hitz egiten digu; bigarren atalean (19-29 or.), hiri eta kaleetako presentzia eta ausentziak irudikatzen dira; hirugarren atalean (31-42 or.), pertsonen mugen presentzia eta ausentziak azalerazten ditu, izan muga psikologiko, izan muga fisiko, izan muga linguistiko; bosgarren atalean (43-52 or.), mundua hautemateko zentzumenen presentzia eta ausentziak dira poesiagai; seigarren atalean (53-66 or.), nor bere gorputzaren presentzia eta ausentziez mintzo da; zazpigarren atalean (67-77 or.), gorputzen arteko harremanen presentziak eta ausentziak dira hizpide. Eta ausentzia/presentzia arteko solasa bultzatzeko, poeta barakaldarrak gaurkotasun handiko irudiak eta egunerokoan ohikoak diren irudiak darabiltza, gaurko eta egunerokoaren presentzietan ausentziez ohar gaitezen, eta bestelako presentziak sor ditzagun, bestelako zentzuak eta galderak. Ausentzia/presentzia horren bitartez bideratzen du gizartearen itxurakeriari egindako kritika, botere ekonomikoari egindako kritika, edo genero indarkeriari egindako kritika. Baina, batik bat, ausentzia/presentzia hori guda-zelai bilakatuko da, mundua beste modu batera ulertzeko/sentitzeko guda-zelaia. Eta mundua, hiria, hurkoa guda-zelai izan ez ezik, norberaren gorputza ere guda-zelai bilakatuko da, bere ausentzia eta presentziekin, bere muga eta baliabideekin.

Poetikaren irmotze honek, Sagarroiak-eko poemen berrirakurketan badu eraginik, bi poema-sorta hauen arteko solasa etengabea delako, eta solas horrek Sonia Gonzalezen poesiagintza indartu duelako. Poema amniotikoen presentziek Sagarroiak-eko ausentziak solasera dakartzalako, eta Sagarroiak-eko presentziek poema amniotikoen ausentziez hitz egiten digutelako. Bego presente.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak