kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Inon izatekotan / Juan Luis Zabala / Susa, 2006

Hezurrik gabeko gorputza Igor Estakona / Deia, 2006-05-30

1984an hasitako eguneroko sano berezi bateko apunteekin osatutako “Inon izatekotan” honek Juan Luis Zabalaren intimitatean sartzeko aukera ematen digu, sortzailearen gora-beheren zirriborro bat ikusteko bai behinik behin. Poemategi, nobela edo ipuin bilduma baten aldean kontsistentzia gutxiago dauka, baina egia literarioa eta pertsonala hemen daude eskura, inon izatekotan.

Iritzia, landutako pieza eta uneko sentsazioa, hiru osagai horiek ematen diote trinkotasuna fantasmen antzera hezurrik ere ez duen koaderno honi.

Iritziari buruz hara zer dioskun azkoitiarrak berak —edo zer esan zion bere buruari, 1988ko apirilak 15ean—: “Gai batzuetan —gehienetan esango nuke, denetan ez izatekotan ere— iritzia inperfekzio seinaletzat jotzen dut. Iritziari pertsonak erakustez gerotan lotsaz erakutsi beharko lukeen akats espirituala deritzot. Iritzia duenak onenak eman ditu, jai du, bereak egin du”. Horregatik behar bada, “Inoz izatekotan”eko iritzi zenbait galdera ikurrarekin daude pausaturik, efimeroak dira, iritzi guztiak diren legez. Barnekoak eta unibertsalak. Momentukoak. Baina irauteko sortuak.

Landutako piezei dagokienez —2006ko martxoaren 1eko “Desegokitua”, 2001eko abenduaren 1eko “Euria ari du” edo liburua han hemenka zipristintzen duen poesia— horiek ere ipuin, mikroipuin edo poema bereziak dira, gogoratzen ez dugun mugimendu zakar baten ondorioz koaderno literario baten gainera eroritako kafearen hondarrak. Horregatik dute zuzenean kontatutakoaren freskotasuna eta urteetako naftalinaren kiratsa: ederrak dira, damutzeko modukoak dira. Bizitza osoko kezken eta ahalegin estilistikoen berri ematen digute.

Sortzailearen unean uneko sentsazioak ere aipatu ditugu, hirugarrenik. Pipiren “urgentzia literarioa” kezka estetikoari gailentzen zaionean idatzitako zatiez ari gara. 2001eko martxoan idatzitako hau adibide bat baino ez da: “Zirrara eragiten du auto-hilerri batean, ezustean, ibiltzen zen garaian ezagututako auto batekin topo egiteak”. Eta indefinizio horretan, “zirrara” hitzaren bitartez erdizka deskribatua, denok inoiz sentitu dugun zerbait barruntatzen da.

Finean, gauza asko izan daitezke literatura, eta azertu itzela da liburu hau, literaturaren azpiko korronteen berri ematen digulako. Idazlea lehendik ere errespetatzen genuen, baina plazer bat izan da pertsonarekin egotea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak