kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Rock'n'Roll / Aingeru Epaltza / Elkarlanean, 2000

Asfaltoaren zaporea Maider Aristi / Gara, 2001-02-03

Joseba Jaka II. Literatur bekako epaimahaiaren erabakiak bekadunen lanak irakurtzeko irrikaz utzi zituen bere garaian irakurleak. Izan ere, eleberrigintzaren atalean, Joseba Sarrionandiaren eta Aingeru Epaltzaren lanak gailendu ziren eta, beraz, epe jakin baten barruan, horien lanak irakurtzeko parada izango genuela jakinik, nekez utziko zuen erabakiak irakurzalerik axolagabe. Ordudanik, denborak aurrera egin du eta, dagoeneko, esku artean dugu Epaltzaren eleberria.

Bekadunen izenak eta egitasmoak ezagutarazi zirenean, Sarrionandiak itzal egin zien gainontzeko guztiei, iurretarraren lehen eleberriaren berriak sortu zuen interesa handia izan baitzen. Bigarren mailan geratu zen, beraz, Epaltzaren egitasmoarekiko interesa. Eta antzeko zerbait gertatu dela iruditu zaigu Durangoko Azokarako argitaratu diren liburuen artean. Gure ustez, nahikoa oharkabean igaro da hedabideentzat eta Durangora bertaratutakoentzat “Rock’n’Roll” mardul hau. Eta Epaltza euskal literatura garaikideak duen eleberrigilerik handienetakoa izaki, harrigarria bezain tristea da lan honen argitalpenak izan duen oihartzun apala. Hala ere, literaturzaleen artean hasiak gara aldeko lehen iritziak entzuten eta ziur gaude, gero eta estimatuagoa izango dela Epaltzaren lan berri han. Literaturaren kalitatea, ardoarena bezala, denboraren bidean ere neurtzen baita.

Eleberriaren haria den istorioa 1999ko udako pare bat astetan gertatzen da, izenik eman ez arren, Iruñearen tankera guztia duen hiri batean. Eta abuztuaren 4tik 23rako egun aspergarri eta sargori horiek, nolabait, lehendik ere literatura garaikidean bidea egin duten lanak ekarri dizkigute gogora. Ignacio Martinez de Pison espainiarraren “Carreteras secundarias” eleberriko bigarren mailako herrien edota sasoiz kanpoko paisaien literariotasun bera dario Epaltzaren nobelako hiriari. Eta eleberriaren istorio beltza argitu nahian ari den kazetariaren ibilerak, berriz, Antoni Tabucciren “Sostiene Pereira” eta Damasceno Monteroren “Buru galdua” eleberriak dakarzkigu gogora. Aipatu hiru eleberri ederren ildoan koka dezakegu lan han, eta, beste hiruak bezala, handia da, euskaratik literatura unibertsalera lasai asko jauzi egiteko modukoa.

Istorioak behintzat aseko du irakurlea. Atsoen gorpu desagertuak, kazetari mozkorti samar baten ikerketak, hatz mutilatuak, udan erredakzioan dabiltzan bekarioak, hilketak eta hilketa saioak, konpetentziako egunkarietako kazetarien arteko norgehiagokak, betiko koadrilak, bikote harremanak, susmoak eta argitasun falta. Dena batera, 400 orrialdetik gorako eleberria berehalakoan irakurri eta istorioan kateatzea lortzen duen lan eder honetan.

Aingeru Epaltzaren idazkeraz, berriz, zeresanik ez. Nafarroan euskara kutsua duen ororen aurkako eraso ankerra bidean den honetan, Nafarroatik euskarari egin dakiokeen ekarpenik handienetakoa egin digu euskal irakurleei Epaltzak. Euskal literatura aberasten ari baldin bada, Epaltza bezalakoen idazkerari esker da. Hedabideek erabiltzen duten euskara batuan nekez entzuten diren hitz eta joskerak erabiltzen ditu, irakurleoi, euskara lingua navarrorum izan arren, egun hedabide eta liburu gehienetan irakurtzen den euskaran nafarrera kutsua duen oro ia desagerturik dugula gogoraraziz. Hizkuntzarekin jolastu eta hizkuntza menperatzen dutenetan ere handienetarikoa dela erakutsi digu beste behin Epaltzak.

Aipatu ditugun osagai guztiekin, beraz, nekeza da bigarren mailako eleberria egitea. Hariaren istorio beltza erakargarria da. Sasoiz kanpoko hiri aspergarriaren literariotasuna ere erakargarria da. Orrialdez orrialde, hizkuntzarekin gozarazi egiten dio egileak irakurleari eta, azkenik, lanaren argitalpena ederki zaindutakoa da. Lana, beraz, biribila da.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak