kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo / Iñaki Segurola / Alberdania, 2005

Heterosoxoak eta beste Juanjo Olasagarre / Volgako Batelariak, 2006-03-22

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo liburuaren kritikak egiterakoan gehien entzun dudan alabantza euskara on eta joriarena izan da: Ibon Sarasola, Sautrelan; Kike Amonarriz, Euskadi Irratian. Eta niri ere konforme egon beharra baino ez zait gelditzen. Halaxe da, euskara ederra dauka liburu honek, joria. Joriegia ere esan beharko litzateke, askotan, euskararen martxak berak, hitz jokoek, sinonimiek, hots kidetasunak, joritasunaren erakusgarri izatearekin batera mezuaren itsugarri ere suertatzen baitira, batzuetan hizkuntza bera mezua dela erabakitzeraino.

Bestalde, hainbat puska dexente interesatu zaizkit: zientziari buruzkoa, esaterako, oso ongi azalduta dago, komentarioak komentario; edo euskarari buruz agertzen dituen beste hainbat iritzirekin konforme egon beharra baino ez zait gelditzen. Filologiaren laudorioa aldiz, gure herri honetan Nietzsche gutxiago eta Kant gehiago irakurri beharko genuke, barregarri samarra iruditu zait, filologoa poeta erromantikoaren pare jartzen baitu, eta, klaro, lehendik nahikoa poeta ez baginen orain filologoak ere poeta. Jainkoak libra gaitzala!

Dena dela Segurolaren liburuari egindako kritiketan ageri den moduan Segurolaren pentsamendua horren heterodoxoa ote da? Eta halaxe bada, zergatik? Heterodoxiaren kontu honek huskeria bat irudi dezake baina izan ez da, heterodoxia, besteak beste, ortodoxia begiratzen den ispilua baita. Iñaki Segurolak liburu honetan agertzen duen ideologia heterodoxo hori gure betiko ideologia nagusiaren mozorro bat baino ez dela frogatu nahi dut: euskaldunon identitatea salbaia onaren benetakotasun gisa irudikatzen duela, alegia. Historian zehar jainkoarengan, edo Euskal Herria askatu kristauan, edo Euskadi Sozialistan, edo historia aurre oteizarrean bezala, besteak beste.

Denaren gabezian gabiltza Euskal Herrian: gure hizkuntzak mundu berriari kara emateko duen indarraz, artaldetik atera eta norbere bidea egiteko ahaleginez, ideologia ez-abertzaleko euskaldunez, eta baita ere heterodoxoez, Segurola heterodoxotzat jotzeko. Ortodoxiarik txuxenenean bizi garelako seinale, seguru aski.

Horretarako liburuan zehar maiz baino maizago ageri den kontzeptu baten azterketa egiten saiatuko naiz: zer da Segurolak barra-barra erabiltzen duen sanidadea eta haren izenondoa jende sanoa? Orotariko Hiztegira joz zera aurkituko dugu: sanidadea: Se dice en Eibar en sentido de cara dura, frescura, desfachatez. Saltzeko baleu aretxek daukan sanidadea, apur bat erosiko netsake. Pachorra, frescura, el no azorarse por nada. En G-azp significa mas bien “naturalidad, franqueza, ingenuidad”; sanoa: documentado tanto en el norte como en el sur. 1-(Aplicado a personas) Franco, de carácter abierto. Inoiz “ingenuo”, de pocas luces. 2-(Aplicado a cosas) Franco, sincero; correcto. 3-(Aplicado a personas y a cosas) Sano, que goza de buena salud; saludable; de aspecto saludable.

Hona ekarri dut Segurolarendako gaur egungo euskaldunok (eta oro har gizakiok) ez garena zera delako: sanoak. Eta izan beharko genukeena zera hori bera delako: sanoak. Liburua idazten duen Segurolak txingoka egiten du: aldika euskaldun sanoen artean sartzen da, aldika kanpoan. Argi dagoena zera da: Segurolak badaki zer den sanidadea.

Sanidadea zakarra da. Liburu honetako gauzarik makurrena tonua da. Jasanezina. Zergatik egiten dit errieta Segurolak? Zergatik tratatzen du jendea tontotzat? Zergatik ari da liburu osoan sermoian apaiz haserretu bat bailitzan? Eta batez ere zergatik da horren zakarra itxurak egiten ari dela emateraino? Zakarkeria sanoa delako. Hona adibide bat:

Guri ere erakutsi ziguten trantze batzuetan eskerrik asko esaten (alfer samarrik,egia), baina ez ziguten erakutsi faborez eta mesedez xiudadekumeek (eta herrietako aberaskillokume eta jendaila zuriak) esaten duen hainbeste aldiz esaten, ez hurrik eman ere! Dena da mesedez xiudadean, edozer huskeriagatik mesedez (eta barkatu, jakina): xiudadean dena da mesedea, kaltea eta barkakizuna, nonbait.

Herriaren ikuspuntu horretan eta baita ere tonuan Maisu Juanen sindromea agertzen da: Peru Abarkaren mundua galtzen doan neurrian Peru Abarka estereotipo bilakatzen du Maisu Juanek: baserritarrak (herritarrak) zakarrak dira. Horretara gaur egungo munduaren kontra sanidadea aldarrikatzea egokitzen zaionean estereotipoa erabiliko du arma gisa, talde baztertuek hainbatetan erabiltzen duten moduan: zakarra naizela egotzi didazu estigma gisa, bada nire zakarkeria areagotuko dut zure aurka egiteko. Horrelakoetan gure aitonaz akordatzen naiz, bazuen bere jenioa baina oso gizon zuhurra zen, ez zuen maldiziorik botatzen eta oso atsegin gogoratzen dut. Ez ote zen jende sanoa? Seguru aski ez, gure herria ez zen Azpeitia-Azkoitia, gaztelerak euskara janda ez bazuen ere dexente higatuak zeuden hizkuntzaren hainbat erreferentzia, sinesmenak esaterako, eta, makurrena, errepublika garaian gure aitona PNVko kontzejala izan zen, zuzenegia, nahikoa ez aurre kristau, eta nahikoa ez Rimbaudkillo. Izan ere, gero azalduko dugun bezala, bi izenondo horiek bete behar ditu jende sanoak.

Metonimia ariketa behartu honek ezin du ezkutatu Abarkismoa ez dela existitzen Peruz betetako mundu batean, Abarkismoa Maisu Juan batek baino ezin duela aldarrikatu, aldarrikapena baita bere arrazoia. Beraz, Maisu Segurola salbaia ona aldarrikatzen, edo hobe esanda salbaia gaiztoa aldarrikatzen…

Eta hartara Maisu Seguroalaren Abarkismoak noraino egiten du bat Mogelen tesiekin? Argi dago Mogelek bat egiten duela karlismoarekin, ideologia erreakzionarioak eta Elizak baserritarren gainean zuten kontrolarekin. Jainkoak salbaia onak behar ditu, esanekoak, domeinatzeko errazak. Mogelen liburua zentzu horretan erabat modernitatearen kontrakoa da. Segurolarena baita ere, baina esanahi aldetik modernitatearen kontra egote hori zentzu berekoa ote da? Mogelen garaian modernitatearen kontra egoteak eta egun esanahi bera ote du? Seguru aski ez, gaur badakigu Modernitateak porrot egin duela baina, hala ere, biek ala biek iragan benetakora so egiten dute argi bila. Eta horrek berdin egiten ditu, neurri batean hori bai.

Sanidadea bitalista da.

Euskaldunak elkarren kontra (edo gutxiengo izenekoen gaitzak). Gauza jakina da lehen, ez horren aspaldi, ez zegoela herrietan festarik borrokarik gabe, desapiyorik gabe, harrika ari gabe, herri batekoak auzo-herrikoen kontra, edo orobat herri batekoak herri berekoen kontra. (Ez dago beti neskatan egiterik, zer egingo zaio ba?) Borrokarik gabe ez zegoen festarako pozik, ez zegoen bizirik eta girorik. Gerora, herrien bizigabetzearekin, hustutzearekin, lo-herri huts bilakatzearekin, ederki ezkutatu ziren borrokarako poz horiek denak, beste gauza mordo bat ez ezik. Baina folklorea aldatu egiten da denborarekin, eta ordainetan, borrokaren tokian, denok dagigun, ulertzen dugun eta ez dugun Borroka etorri zen (“…borroka ere bai”) eta horrek kalte izugarria egin zion lehengo borroka sano hari, euskaldun jendea elkarrekin ostiaka paratzen zuen bizipoz hari.

Horretara jarrita, eta gaiztoa izateko batere asmorik gabe, nire lagun batek beste gauza batzuen harira aipatutakoa hona ekarriz, Teheranera bidali beharko genuke gure Segurola hau, han bizitza benetan baita sanoa eta harriak asko eta gauza ugaritarako erabiltzen baitituzte.

Edo Teheranera barik bertako historiari ere begiratzen ahal zaio, zergatik ez hasi harriekin eta enpresariak hiltzen bukatu, berak aipatzen duen “borroka ere bai” horretako partaide? galde daiteke zikoitz eginez.

Nietzscheren izpiritu dionisiakoaren lehertze gisa uler dezakegu Segurolak agertzen digun borroka erritualizatu hori: Greziako herriaren sena tragedietan agertzen den modu berean, legez harantzago, Apolok bridaturik.

Horretara badago liburu honetan izpiritu dionisiako horren aldarrikapen bat aldika-aldika agertzen dena, baina sistematizatu gabea, eta Nietzscheren indar poetiko eta iraultzeko indarrik gabea; Nietzscheren ideiak aspaldi dabiltza kaleetan eta horregatik beharbada Segurolak salatutakoak indarra galdua dute, salatuaren salatuz.

Begiekin jotzea ahotan hartu dugularik, eta gizonen gauzak astintzen ari garen honetan, gogora datorkit begiekin (eta, beraz, buruarekin) jotze horren kontrako osagarritzat har daitekeen bestelako operazio bat, eta hura da “pitoarekin pentsatzea” esaten dena, zein baita gure sexuari besteak maiz aski egotzi ohi dion bekatu edo akatsetarik bat. Nik berriz, gure gixonkasta ohoratzen eta bere goien graduraino goititzen duen ezaugarritzat jotzen dut pitoarekin pentsatze hori, eta akatsik nonbait egotekotan, motz gelditzean legoke; hau da, ez garela geu ere pentsatzeko era jator horri behar adinbat atxikiak. Pitoarekin pentsatzeak —eta, bo, hemendik atzera pitoaren tokian bi sexuentzat balio duen “hanka-artea” ere jar liteke— esan (eta egin) nahi duena da zinezko gauzak estimatzea, hezur-haragi-larruzkoak, gauza bistako eta ukigarriak: pitoarekin pentsatzea buru hutsez pentsatzeari uko egitea da, eta etorkizuna eta segurantzia bezalako fantasma bizi-galgarrien mendean ez errenditzea. Beti pitoarekin pentsatzea ezin litekeen gauza da, badakit, baina beti pitorik gabe pentsatzea baino hobe da edozer gauza.

Onartuko didazue duela mende eta erdi idatzi izan balu pasarteak indarra izanen zuela, batez ere probokatzailea, baina Nietzsche bera, Freud eta abarren ondotik Segurolaren heterodoxia ximurtu xamar agertzen da. Ezer berririk esateko ez duenaren kontra egin nahia baino ez da.

Horretara jarrita homosexualez beteriko gela ilun batean pitoarekin pentsatzen da eta ez da horretaz bandera bat egiten erridikulua litzatekeelakoz. Aspaldi da sexuak galdu zuela indar probokatzailea gure gizartean. Pitoarekin pentsatzera zergatik ez erabaki pitoa nirea denez nirea dela pitoak ukitzen duena eta horretara egin dezakedala edozer berarekin, baita bortxatu ere. Hori idaztea bai litzatekeela probokatzailea, astakeria bat izateaz gainera, jakina. Non gelditzen da heterodoxia araurik ez dagoenean? Gure heterodoxia guztiek izan behar ote dute Mirande molde?

Sanidadea herrikoa da (ez xiudadekoa).

Hitz egiteko bi modu dira, pentsatzeko bi modu. Xiudadeetako umeak etxe-zuloan gehiago edukitzen dituzte, ezinbestean, herrietakoak baino; telebistaren (eta beste pantalla askotxoren) aurreko kontenplazioan guk baino ordu gehiago egin dituzte, eta pantalla horietako Egiak aiseago liluratzen ditu, eta horrenbestez, hobeki heziak eta eskolatuak daude (salbuespenak hirietako makarrak dira, begietakoak ez, besteak; harrigarria da bestalde, mendi-giroko zenbait basakristauk eta kale-zuloko zenbait makarrak elkarrekin duten antza, normaltasun estatistikotik kanpora eta libreago-egotetik heldu baitzaie). Edukazio gehiago dute xiudadekumeek (eta “duintasuna” gainezka: zenbat maite duten hitz txepel horren putza, laostia!) baina guk gehiago estimatzen dugu sanidadea, hain maite dugun herri-giroko sanidade hori, baina zoaz zu xiudadanoari sanidadea aipatzera: ministerio edo garbiketa zerbitzuren batekin zer ikusia duen zerbait delakoan geldituko da gaixoa.

Herrikoa izanik, pasartea irakurri nuenean berehala erabaki nuen nire burua xiudadekoa egitea badaezpada ere, ez bainago prest, inondik ere, sano izatearen truke Segurolak beste pasarte batean deskribatu tonto, baina tonto integratu izateko papera betetzera. Ikusten den bezala sanoa izateko, autentikoa, baina horrekin hurrengo puntuan sartuko gara, herrikoa izan beharra dago. Eta iraganari begira egon, izan ere, bere garaia eta garai hauek nahasten ditu Segurolak: gu eta herria batzen ditu, baina bere gu hori aspaldikoa da, hogeita hamar urte izanen dira haur izateari utzi ziola; Segurolak jakin beharko luke, nik ilobengandik egiten dut kontu (ez dira sanoak noski), kalean ziudadekoak baino gehiago ibiltzen badira ere, haiek ere pantallari itsatsita pasatzen dituztela hainbat ordu, jende askok, herri edo ziudadeko, bezala.

Herrikoa izateari dagokionez Segurolak sanidadeari egokitu dizkion hainbat ideia hirietan sortuak dira, laurogei hamarkadan, batez ere, baina ez soilik, herrietara ailegatutakoak. Herriak gainera gero eta gutxiago bereizten dira gaur egungo hirietatik. Ez ote da Segurola apaizek aurrerapenei egiten zieten arbuio bera egiten ari?

Sanidadea bazterrekoa da:

Testu analisia: “olakoxeak dira azpeitiarrak, Asarretu ezkero takarraldi batzuek badituzte, baiña jeneralean pake osoan alkarrekin pertsona onak dira bizi diranak. Tranpa-puxka bat badute apustuetan eta olako gauzetan, baiña bestela, leialak eta nobleak, bromotsuak eta triposuak; alegia, gizon umorezkoak eta jatun aundiak. Tabernan jaten eta edaten onenetatakoak, eta berriketan ere bai” Jose Manuel Arrizabalo. Baso-mutillak.”Onak, leialak, nobleak pake osoko pekosoak”. Hau dek lotsie. Hau da ezer ez izate tristea! Hau da kaka-izana! Baina lasai: horiek ez dira sinestekoak. Horiek aho betean baina derrigorrean bota beharreko kunplimendu ezdeusak dira, gezur zuriak, ezer ez esatea adinakoak.
“triposuak, bromosuak, berriketosuak”. Bueno izen letxekek. Bada zerbait esatea, baina gutxitxo da. Egia txepel xamarrak dira, erdipurdikoak askoz gorago iristen ez direnak, eta inoren izanik edo izan-nahirik behar den tamainan betetzen eta janzten ez dutenak.
Egiarik beteenak, gordinenak eta aintzakotzat hartzekoenak erdi-gordea edo ahopean bezala esanak daude testu goresle-usteko honetan, eta bi baiñaen aurrean ezkutaturik datoz, eta bi baiñaen ondorengo hitz eder hutsalez eztituak, hain zuzen: azpeitiarrak jendaje txakarra eta tranposoa dira. Hori bada zerbait esatea, eta kontua —ergel kontua— zerbait izatea denez gero (eta ez ez-izatea edo berdin-izate geza batean urtzea) hori bada zerbait izatea. Pufa! Hau dek lasaitue.

Onartuko didazue naif samarra ere badela Segurolaren gaizto izateko behar hau. Aspaldi da Rimbaudek mendebaldeko gizartearen oinarri ustela agerrarazi eta bukantza iragarri zuela. 20 urte zituen. Eta bere proiektua bukaturik Abisinian galdu zen.

Gerora gauza asko gertatu dira, Totalitarismoak esaterako, eta Totalitarismoen aurrean zaila da gaiztoarenak egitea, irribarrea baino eragin ezin digun haurkeria, gaur egunetik begiraturik punki mugimenduak irribarrea eragiten digun bezalaxe: nerabeentzako gaiztakeria.

Sanidadea berezkoa da. Naturala. Autentikoa. Egia da Segurolak itzuri egiten diola bi izenondo horiei baina testua irakurtzen jarrita argi dago izateko modu bat aldarrikatzen duen neurrian eta izateko modu hori herrietan jartzen duen neurrian benetako identitate bat badagoela erabakitzen duela: jende sanoa. Jende naturala. Hortara sanidadea naturala denez ezin da eskuratu.

jende informatuaren ondotik ihesi, hainbeste ideia, kontzeptu, esplikazio, informazio, abstrakzio kultural, jakite, jakitza, jakitate eta jakiundetatik ihesi… zinezko hitz apur batzuen bila, bataiatu gabeko ur pixkaten bila.

Baina zer da jende naturala? Jende naturalaren kontzeptua Rousseauk sortu zuen, Abarkismoak jotako beste Maisu Juan batek.

Isaiah Berlin: Rousseaurendako “Egia ezin da aurkitu hiri sofistikatuetako hiritar ustelen ideia eta portaeretan, baizik eta seguru aski nekazarien bihotz aratzetan, edo haur errugabeengan, iruzkinduko luke Tolstoik”.

Edo herriko jende sano (hiriko makarrak barne) bazterrekoengan, arrazoiak zikindu gabeengan, jakintzak jo gabeko benetako jakinengan esanen luke Segurolak. Eta inbuluzka biribil batean Rimbauden gaiztakeria, malditismoa, araztasun eta ontasun bihurtu digu Segurolak autentikotasuna bide. Euskal Herrian mendeetan agindu duten apaizen pentsamenduaren infrentzua baino ez da ideia hauxe.

La desaparición del sujeto, Burge: “Rousseauren pentsamenduaren eskandalua ez da Descartesen pentsamenduari atxikitzen zaiola baizik eta subjektu cartesiarraren autokonfidantzari nola atxikitzen zaion. Descartesen subjektuak bere burua unibertsaltzat du, arrazoiaren lekutzat. Rousseauk, aldiz, bere nia erabateko salbuespentzat dauka. Jiro honen bidez niaren autozertezak beste ezaugarri bat jasotzen du. Bere oinarria ez datza arrazoiaren unibertsaltasunean baizik eta norbanakoaren berezitasun nahastezinean. Norbanako honek halako unibertsaltasun bat du jomugatzat, alegia, zibilizazio ustel batean homme naturel izaten jarraitzea”.

Paragrafoak jende asko erretratatzen du, Segurola eta ni barne, jakina. Segurolak bere burua autentiko, natural, herriko, aldrebes eta bazterreko izendatzen duen neurrian euskaldunondako unibertsal izateko asmoek hartzen dute bere izate sano hori, bere burua arrazoi eta sustrai bakar.

Egia da aipua Rousseauren Aitorpenaki dagokiola, alegia, biografia batetik unibertsal izatera Rousseauk egindako jauziari, baina Segurolaren pentsamenduari ere egokitzen ahal zaio: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo biografia bat ez bada ere bertako arrazoitzean, edo ez arrazoitzean esan beharko genuke hobe, Segurolaren ideologia eta bizitza erabiltzen da arrazoiketa argudio nagusi gisa, Rousseauk Aitorpenaken egin bezalaxe.

Baudelairek ere, bestalde, Rousseauren subjektuaren izaera hori iruzkintzeko eta garatzeko asmoak izan zituen. Baudelairek ere salbuespentzat joko du bere burua, salbuespen hori izanen da unibertsal izateko arrazoi nagusia, baina ez du gizon naturalean oinarrituko baizik eta gizon artifizialean, dandyan, alegia. Dandya gizartearen bazterretan dago, Segurolaren herriko bazterreko gaiztoak bezala, baina bere izaera artifiziala erabiltzen du ikurtzat, gizarteko jende normalaren salaketatzat. Segurolaren bazterrekoak, aldiz, bazterreko dira baina haien izaerak jende normalak aldarrikatzen dituen oinarri berdinak ditu, naturaleza, berezkotasuna, artifizialtasun-eza, alegia. Bitxia da, beraz, Segurolak Rousseau eta Baudelaire nahastuz egiten duen sintesia, eta ezinezkoa berez malditismoa bazterreko gutxi batzuen kontua baita, malditismoa izanen bada. Dena dela, beharbada gure buruak zehaztu gabe ditugulako edo gure kultura gero eta ahulagoa delako, autentikotasunaren (berezkotasunaren) afera honek predikamendu handia du gure baitan. Autentikotasunak niarekiko batasun erabatekoa suposatzen du eta hori ezinezkoa da, Valeryk frogatu duen bezala: ez dago ezer egiazkorik niaren aferan. Autentikotasuna gizartera eramanik, sanidadeak, esan nahi du badela giza multzo bat bere buruarekin bat datorrena, ohitura eta lege iraunkorrak dituena, eta iraganetik datorkion humusarekin bat egiten duena, estatuak irauteko erabili duten trikimailua, Segurolak onartuko duen moduan, baina baita ere edozein giza taldek talde iraun nahi duen neurrian. Ez zaizue ezaguna egiten?

Askok aipatu dute (Wilde, Gombrowicz, Baudelaire) gizaki izatea artifizioa izatea dela, baina Hanna Arendt-en aipu bat ekarri nahi dut hona: “kontzentrazio eremuen esperientziak erakusten du giza jendea giza animalia bihur daitekeela. Beraz gizakiaren natura ‘gizakiarra’ren bidez soil-soilik, zerbait erabat innaturala bihurtzeko aukera eskaintzen diolakoz, izan daiteke gizaki gizakia”. Beraz autentikotasuna, eta sanidadea, ez dira existitzen berez, zera eraikiak dira, autentikoago eta sanoago, frogatzen saiatzen ari garen bezala, sortu dituen gizartearekin bat datozen neurrian. Eta ondorioz botere kategoriak dira.

Sanidadea ez-jakina da. Baina benetako jakintzaz jantzita dago. Segurola erabat antintelektuala da, batzuetan erridikuloraino. Adibidez:

hortxe dago tranpa, eta hargatik dira zahar jakintsu kontseilu-emaileak horren antojagarriak, eta maitagarria, aldiz, ez dakitela gozo-gozo aitortzen dakiten atso-agureen zuhurtzia ezjakintsua.

Edo

Pentsamendu galaraziaren aroan, munduak ezin bizizko putzu hiper-informatua bihurtzeko martxa daraman honetan, ezjakintasun jakintsua edo jakinduri ezjakina da pentsamenduaren eta adimenaren helduleku bakarra, eta inork erakutsi gabe ez jakiten ikasitako jende bakan haiek dira aintzakotzat hartzeko moduko maisu bakarrak.

Edo

Eta hargatik harrapatu dut boladatan neure burua tonto garbien konpainiari ederretsita, eta eskola gutxiko zahar-jendearengana edo zeharoko aldrebesengana ixuria; lehen ez beharbada, baina orain badakit zergatik zen: jende normalagandik ihesi nenbilen, hau da, jende informatuaren ondotik ihesi, hainbeste ideia, kontzeptu, esplikazio, informazio, abstrakzio kultural, jakite, jakintza, jakitate eta jakiundetatik ihesi… zinezko hitz apur batzuen bila, bataiatu gabeko ur pixkaten bila.

Hainbat kontu galdetzea bururatzen zait: liburu berean Segurola oso intelektual agertuko zaigu, hainbeste, filologia poesiaren pare jartzeraino. Edo zientziari buruz mintzatzen da egoki eta zertaz ari den erakutsiz. Zertara orduan antintelektualismo hori? Bitalismotik datorkio ala “salbaia onaren” ezaugarrietako bat litzateke? Lehendabizikoa ongi legoke, bigarrenak, aldiz, Mogel, Frai Bartolomeren pare paratuko luke Segurola.

Hala ere gehitu beharko litzateke Segurolaren sanidadeak osatzen duen ez-jakintza hau Maisu Juanen begietatik ikusirik dagoela: ematen zaizkigun ez-jakintza-benetako-jakintza horren adibideak boutadeak baino ez dira:

Azpeitiko Mauriko gizonaren argitasun edo zintzotasun intelektuala? ospitalean denbora-pasa egunkaria irakurtzea bururatu, eta esaten baitzuen: periodikua dana raka-raka letuít, baño entendiu batez!; ez gaur ulertzen dugulako irudipenak sekula baino hartuagoak gaude.

Honen harira Duvoisin Kapitainaren Laborantzako Liburuaz akordatu naiz; hor badago nekazaritzari buruzko benetako jakintza bat baina Segurolarenean ez; seguru aski bera eta baita ere bere garaiko azpeitiar-azkoitiar gehienak Maisu Juan zirelako “salbai gaiztoa” bizi zen garairako.

Beharbada, Segurola gure gizarte hiperinformatu baina ezjakintsu honi buruzko hainbat iritzirekin konforme egon ninteke baina ez zaidana ez egokia ez zilegia iruditzen hainbeste gorrotatzen dugun gizarte hau kritikatzeko lehengo garaietako balizko bazterreko batzuen boutadeak erabiltzea.

Sanidadea iraganekoa da. Ideien kritika egin nahi duen edozein komentaristak erabaki behar du non kokatzen den bere garaiarekiko. Edo bestela esanda nora so egiten du iraganera, etorkizunera, orainera. Segurolak dudarik gabe gaurkoa gustatzen ez, etorkizuneko proiektu mesianikotan sinetsi ez, iraganean paratzen du begirada, nostalgiatzat ulertzen dugunean, bere ia herrikide Pako Aristik batzuetan egin bezala, erori gabe, hori bere alde.

Seguru aski nostalgia eta zakarkeriak ezin dutelako bat egin baina hala ere Segurolaren jarrera balizko iragan horrekiko zera da: ez dela jakin eta bere ustez direnengana benetan direlakoan hurbiltzen denaren jarrera. Batzuetan ematen du herrian irudikatzen duen izateko modua eta Greziako V. mendea aztertu dutenenen antzekoa dela. Bertsioen arabera Izatea eta Pentsatzea bat zireneko garaia, Esatea eta Izatea bat zirenekoa, Izatea eta Iragatea. Adibidez Heideggerrentzat izatea eta pentsatzea egite berean manifestatzen dira Sofokleren Antigonan eta ondorioz garaiko gizartea Izatea eta Pentsatzea bat dira. Edo Lukács-ek Homero aztertzean gizartea eta heroien ekintzak bat datoz, hau da, sena berez gauzatzen da inguruarekin, armonian. Gauzak bat zireneko garaia, alegia. Batasun hau aspaldi da bukatu zela, noizbait izan bada; konforme nengoke bilatzearekin, alegia, konforme nengoke Heideggerrek, edo Lukácsek egindako azterketarekin baina ez nago batere konforme Segurolak sermoi tonuan, Modernitatearen kritika aitzakiatzat, ezarri nahi didan salbai gaiztoaren identitate horrekin. Ezaguna egiten zait, ezagunegia. Horrelako heterodoxietarako askoz hobe nago ortodoxia txuxenenean.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak