kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Amaren eskuak / Karmele Jaio / Elkar, 2006

Bizitzako borroka Iñigo Roque / Gara, 2006-03-18

Ofizioa agertzen du Karmele Jaiok lehenbiziko eleberri honetan. Idaztankera sendoa darabil, kazetari-jardunean ondua. Irakurlea ia oharkabean eramaten du, perpaus laburrak erabiliz, dena elkarrizketaz eta bakarrizketaz zipriztinduz. Bai, ezbairik gabe, narratzaile iaioa dugu Jaio.

Liburuan, narratzaileak, orojakile, Nerea aurkezten digu: emakume gaztea, ingeles baten emaztea, alaba baten ama, burua galduta duen emakume baten alaba, kazetaria… Eta Nerea ezin izan daiteke hori guztiori aldi berean. Neke da, akiturik dago.

Karmele Jaiok bekoz beko paratzen ditu lana eta bizitza eta, ororen gainetik, ene ustez, horixe da liburuaren alderdirik jakingarriena: nola uztartu bizitza eta lan egin beharra. Nerearen ama ospitalean dago, burua nahasirik, eta Nereak haren aldamenean egon gura du, lagun egiteko, zer gertatu den ulertzeko, baina lanak ez dio tarterik uzten. Nerearen eta haren ugazabaren arteko tira-birak guztiz adierazgarriak dira, esan nahiz eta isildu beharrez josiak. Idazleak lortu egin du tentsio hori kutsatzea, irakurleak erredakzioburuari aiher izatea. Izan ere, morroia tarteko kargudun goranahien paradigma da. Nork ditu atsegin kofradia horretakoak? Nork ez ditu konprenitzen Nerearen damuak, frustazioa… haren ezina?

Eleberrian, iragana eta orainaldia gainazpikatzen dira. Narrazioaren hari nagusian lehenaldiko bristadak tartekatzen ditu Jaiok, amaren gaztetako izen baten peskizan. Nor da German hori? Aita Paulo zen eta. Jaiok erantzun egiten dio itaun horri, atal zinez laburretan. Horrenbestez, irakurlea jabetu egiten da Nerearen amaren gaztetako munduaz; familiaren jatetxea ezagutzen du, amaren farorako ihesaldiak, maitasuna… Ustekabe ederrak eskaintzen dizkigu, gainera, itsasoak era askotara gal baititzake pertsonak. Ama, ospitaleko ohean, mundu horri estekaturik dago. Bitartean, Nereak lehen-minez gogoratzen du bere umezaroa. Oso sentibera da Nerea, neba Xabierren aldean, esaterako. Hain da ona, hain tolesturarik gabea ze…

Idazleak ahaleginak eta bi egiten ditu lehengoa eta oraingoa lotzeko, batetik orduko gutunak, argazkiak eta esakuneak ekarriz eta bestetik ama-alaben bizitzen arteko paralelismoak eratuz (gaztaroko maitasun zorigaiztokoak). Konparantza horretan, kontzientziak atximurka egiten dio Nereari, zer ama klase ote den bera.

Liburua batzuetan perfektuegia begitantzen zait. Izenak berak oso adierazgarriak dira: Nerearen senarra Lewis da, eta “Alice” irakurtzen dio alabari gauero; ba al dute zerikusirik Luisa eta German izenek Jaioren aurreko liburuko “Hau ez da Hollywood” ipuineko pertsonaiekin? Den-dena dago lotuta. Nerearen ama jatetxeko errezetak idaztera zigortu bazuten, horra etxeko tiraderan orri horixkak.

Esana dugunez, Jaio narratzaile trebea da, baina errezeloa daukat liburuko irudiak batzuetan melengegiak ez ote diren. “Amaren eta munduaren artean eraikitako harrizko horman arrakala bat zabaldu da eta ziur da izeko Doloresen begien distirari esker izan dela”, dio narratzaileak. Gainerakoan, Jaio uraren eta itsasoaren inguruan eratutako diskurtsoaz baliatzen da, askatasunaz, esaterako, jarduteko. Azkenik, topikoegia iruditu zait atzerritarrak aurkezteko era. Andre galego batek “gaitaren soinuaren antzeko ahotsa” dauka. Eta Lewisen pertsonaia ere lauegia da, ez dugu haren sentimenduen berri, he is just an englishman in Gasteiz. Baina bada harbitxirik ere. Zer zerikusi dute ahazturak eta armairuen pintura-geruzek? Irakur 82. orrialdean.

Zein arin amaitzen den liburua!

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak