kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Auzoak / Urtzi Urrutikoetxea / Susa, 2005

Gertuko auzien gauzak Oier Guillan / Hegats, 2006-03

GERTUKO AUZOEN AUZIAK

Ez ohiko liburua kaleratu du Urtzi Urrutikoetxea idazleak “Auzoak” titulupean. Ez ohikoa narrazio aukera ezberdinen artean ibilki, betiko moldeez landa forma aldetik lotura interesgarriak erabiltzen dituelako. Ez ohikoa eguneroko kaletarren artean arakatzen duelako pertsonaien bila, gizarteko ingururik apalenak ekartzen dituelako lerrootara, errealitatean bilatuz literaturtasuna. Ez nuke esango liburuak hasieratik bukaerara irakurlea harrapatzen duenik, baina baditu irakurketa aberasgarria egiteko elementu franko.

Bilbon kokatu du Urtzi Urrutikoetxeak bere lehen narrazio liburua. Idazlea Bilboko kaleak bezain zuzen darabilzkien liburuko lerrootan sumatzen da kalez kale urte luzez ibilia denaren hatsa, idazlearen kokaleku naturala. Bilbo “hiri” hitzaren baliokidea izan liteke euskal herritar askorentzat. “Herri-hiri” bezalako dikotomia interesgarri bezain urrunetan sartu gabe, kaleko bidaztiaren oroimen gertuarentzat nahiz herri txiki edo handiagoetan hazi diren hainbat oinezkoentzat, Bilbo “hiria”ren pareko nabarmenena da inguru gertuetan. Metropoli kutsua izan dezaketen beste europar hirien aldean hiri txikia, edonola ere.

Ariketa interesgarria eskaintzen du Urrutikoetxeak liburu honetan. Batetik azpimarratzekoa da liburuan agertzen diren istorio guztiei testuinguru orokor bat emateko saioa. Egun bat Bilbon, bere berezitasunak dituen udazkeneko egun bat izanik ere, edozein egun izan zitekeen denbora tartea, egunik arruntena pertsonaiak bezain protagonista bilakatzen den Bilbo hirian. Egunaren lehen argiekin batera ekiten dio irakurleak liburuan barnako bidaiari, gauaren azken hatsekin amaitzeko. Istorioetan beste edozein bezain oparo suerta litekeen katebegia aukeratu du autoreak une batez xehetasunei arretaz begiratzeko.

Bestetik, irakurleoi erronka luzatzen zaigulakoan nago. Ez dut esango erraza denik irakurle gisa liburua osatzen duten hari guztiei arreta berarekin eustea. Ohiko egitura duten narrazio lanekin ohituta egon gaitezkeenaz lekora, denbora eta espazioak harilkatzen dituzten istorioek edo istorioen zertzeladek jauzi ugari ematen dituzte eduki nahiz forma aldetik: lehenengo pertsona tarteka, zenbait pertsonaiaren barne jarioa, jatorri nahiz adin ezberdineko protagonisten azalean sartzea, elkarrizketa zatiak? malgutasunarekin jolasten duten erregistroen kolax bat bilakatzen da liburua neurri batean. Testuinguruaz landa egitura aldetik mugak zabaltzen dituen lana da “Auzoak”, hiri baten izaerarekin bat egiten duen ezaugarria, agian. Generoen arteko mugetan kokatzeak hortaz ez ohiko bilakatzen du narrazio bilduma horrek dakarren aberastasunarekin, baina narrazioen multzoak oso katebegi ezberdinak ditu eta zenbaitetan ez da oreka mantentzea guztiz lortzen, horrek irakurlearengan eragin dezakeelarik liburuarekin bat egiteko orduan.

Ez da hor amaitzen, baina, irakurlearen erronka. Norberaren (edonoren) bizitzaren literaturtasuna ikusteko gai denarentzat suerta liteke erakargarri liburua. Ez da ihes egiteko liburu bat, ez da argudio ikusgarri baten bidez irakurlea harrapatuko duen lana, ez da ameskeriatan murgilduko gaituen pertsonaia erakargarririk tartean? ez badugu egunero inguratzen gaituzten istorioak modu horretan ikusteko gaitasunik bederen. “Auzoak” parke batean nahiz autobusean bertan irakurtzen doanak une batez begirada altxatu eta hortxe bertan topatuko du liburuaren jarraipena, borborka, bizirik. Liburua berez ohiko narrazioetan abiapuntu izango ez liratekeen istorioez osatzen da, horrek egiten du harrigarri, istorioek berauek baino gehiago.

Eleberri edo ipuin bilduma batena baino trebeziaz lotutako narrazio multzoaren antza har liezaioke batek baino gehiagok lan honi. Berez zati batzuk bere horretan ipuinaren egiturara gerturatzen direla esan liteke, narrazio hauek ematen diote hain zuzen ere liburuaren osotasunari gorputz gehien. Nabaria da pasarte hauen garrantzia narrazio txiki nahiz elkarrizketa hutsak diren zatiekin alderatzean. Azken hauek bere horretan berez aski adierazkorrak ez diren arren, formari dagokionez beste ate bat irekitzen dute eta hari orokorra osatzeaz gain, zenbait kasutan liburuaren osotasunaren zirkulua ixten laguntzen dute.

Bilbo ugari

Bilbo asko dira bertan aurki litezkeenak. Bilbo berez ezagutu ezean, pertsonaien mosaikoa aski erakargarri suertatzen ote den galdetzen diot neure buruari. Bilbo (edo Bilboen arteko Bilboren bat) ezagutzen duenarentzat idatzitako liburua ote da “Auzoak”? Euskal Herrian agian ez da, ez, oso zaila horretan erortzea, denetik aurkitu litekeen arren, nor ez da inoiz egon, behin besterik ez bada ere, euskal hiribururen batean? Bilbo sakonean ezagutzen ez dutenen zerrendan sar nezake neure burua. Pertsonaien bidez Bilboko zonalde ezberdinak zeharkatzen dira, lekuan lekuko xehetasunei erreparatuz. Ikuspegi horretatik oraindik Bilbora gerturatzen naizenean, sarri gertatu bezala, galduta sentitu naiz, ez dut neure burua ondo kokatzea lortu pertsonaien bildumatik erauzten diren kale, txoko, zubi guztiei buruzko informazioan. Zentzu horretan urruntasuna sentitu dut, erreferentzia eskasagoak izanagatik zer edo zer galtzen ari nintzen sentsazioa.

Baina pertsonaiena da, azken batean, hiriaren ikuspegia zentzuz betetzen duen elementu nagusia. Bilboko biztanlegoa ezagutzeko zertzelada aproposak ziurrenik, beti ere kalekoen, herri xehearen, langileen ikuspegitik. Instituzioetako buruak, negozio gizonak eta bestelakoak ere, agertu, agertzen dira, zeharka bada ere, kaletar askoren haserrearen jomugan. Azken urteotan ere aldaketa nabarmenak ezagutu dituen gizartea da bertakoa, esanguratsua da esaterako euskal idazkietan gero eta nabarmenagoa den munduko etorkinen gizataldea, sarritan paperik gabekoak. Globalizazioa Euskal Herriko uhartera ere iritsi denaren seinale, beste garai batean penintsulatik etorri zirenen afera batzuk zein besteak ahaztuta sarri.

Pertsonaien artean orainean harrapaturik bizi dira batzuk, itzala iraganean gatibu dutela besteak, gutxitan ageri dira etorkizunera begira. Hori izan liteke bertan agertzen diren beste Bilboetako bat, azken belaunaldiei loturiko oroimenarena. Zaila da egun kaleak bizi dituztenen begietatik oroitzea industrializatu aurreko Bilbo nolakoa zen, baina ez ordea industrializatu ondorengoa. Garai haren ondorioek biziki baldintzatu dute egungo Bilboren izaera, fisikoki eta batez ere, izaera aldetik. Garai hartan ezagutu zuen Bilbok, Euskal Herriko beste hainbat eskualdek bezala, penintsulatik etorritako hainbat etorkinen patua. Industrializazioak jendearen bizi baldintzak eta ohiturak guztiz baldintzatzeaz gain, Bilbok oraindik gainetik kendu ezin izan duen itxura hartu zuen, industria eta fabrika handien eskutik. Hiri berri horrek ezagututako gainbeherak ere biziki baldintzatu zituen bertako biztanleen oroitzapenak, besteak beste langile mugimenduari loturik heldutako borroken eskutik.

Bilbo horren oroitzapena gero eta urrunago egonik ere, artean bizirik darrai memoria kolektiboan, ia oharkabean sortzen ari diren Bilbo berriekin batera. Azken hamar urteotan, Europa gertuko beste hiri batzuetan gertatu izan den bezala, etorkinen presentzia gero eta nabarmenagoa da, injustiziaz gainezka egiten ari den mundu baten seinale. Etorkin askorentzat lanbide ez ezik elkargune bilakatu diren lokutorioek ere, bere presentzia dute hainbat narraziotan. Hiri batean elkar ukitu gabe mundu paraleloak osatzen dituzten guneen eredu izan litezke lokutorioak, baina era berean, elkar gurutzatzen hasten direneko zantzuak ere sumatzen ahal dira. Edonola ere, nabaria da artean euskaldun askoren nahiz garai bateko etorkinen eta haien ondorengoen mesfidantza etorkin berriekiko, eta baita ere maila “baxuko” arrazakeria ere.

Ezin utzi aipatu gabe, halaber, kontraesanez nahiz istorio arras ezberdinez osatutako amaraun horretan euskal esparruko aferei loturiko apunteak. Beste istorioetan gertatzen den bezala, pertsonaren ikuspegitik landuak dira, pertsonaren amets, samin, borroka, itxaropen eta oroitzapenetatik. Belaunaldi ezberdinen arteko loturak ere suma litezke, seme presoa bisitatzetik itzultzen den gurasoarekin hasi eta kalean garai berriotako zigor penalen mehatxupean, gauaren babesaz, pintadak egiten dabiltzan gazteengana iritsi arte.

Bilbo hiriak badu Bilbo herria izan zeneko oroitzapen zantzurik ere, agian nabarmenagoa zenbait auzotan. Espazio berean elkar bizitzen dute modernitatea, edo agian hobeto esanda, interes jakin batzuen araberako moderno izan nahia, eta egitura erraldoietatik at kaleko herritar izatearen sentimendua. Sentimendu hori nabaria da liburu osoan zehar.

Istorio labur eta laburragoen amaraunean ateak zabaltzen dira, hari nagusietatik aldentzen diren hari txikiek pertsonak gainditzen dituen erraldoitasun bat iradokitzen dute. Narrazioetan agertzen diren pertsonaien eskutik hari ugarik egiten dute salto liburutik at, dela aipuen bidez, dela hainbat oroitzapen eta pasadizoen erreferentziaren bidez. Bigarren maila batean, guztiz garatu gabe gelditzen diren hainbat istoriok zabaldu egiten dute Bilbo eta liburua bera hiri-amaraun bat izan litekeenaren sentsazioa.

Urrutikoetxea espazio eta denbora berean elkar bizitzen duten hainbat mundu biltzen saiatu da “Auzoak” liburuaren bidez. Ezin esan Bilbo metropoli handien ereduarekin guztiz bat egiten duenik, baina dexente gerturatzen da. Bilbok badu gainera beste hiri batzuek ez dutena, edo neurri handi batean galdu dutena: kultura batekiko lotura, jendearen nongotasun artean bizia. Hiri batek dakartzan kontraesan guztiekin batera, noski. Neurri batean herri izateari guztiz utzi ez dion hiria izan liteke, agian, Bilbo. Pertsonaiak iragana eta orainaren artean mugitzen dira, inguruan dutenaz ohartu gabe agian, baina tarteka elkar ukitzen hasita.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak