kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Riomundo / Jon Maia / Txalaparta, 2005

Abuela eta abuelo Aritz Galarraga / Gara, 2006-02-25

Jon Maiak hegoaldetik etorritako familiari kantatu zizkion lerro hauek 1997an jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko final hartan: “Ama Extremadura aita Zamoratik / abuela ta abuelo haiek aurretik. / Herri hontan sustraitzen asmatzeagatik, / nik’e maita dezaket guztien gainetik. / Euskeraz badakit / bertsoz darabilkit / dena zuengatik / halaxe dagokit / denek kantatu dute nere ahotik”. Eta horiek dira, hain justu, nire ustean bai behintzat, liburu honek mahai gainean jartzen dituen bi eztabaidagai nagusiak: bertsolaritza eta maketoak (eta barkatu esamoldea).

Arrakastatsua izan omen zen iazko Durangoko azokan Jon Maiaren lehen eleberria, Riomundo. Txalapartakoek inprentara joan beharra izan zuten stand-ean zeuden aleak azkar asko agortu baitziren. Arrakasta hitza hemen entzunda barre egingo luke batek baino gehiagok, Amelie Nothomb edo Ruiz Zafonek esaterako, baina hala aurkeztu ziguten komunikabideetan bederen. Gatozen liburuaren balizko arrakasta horretara. Nola da posible opera prima batek, 2005eko abenduan bertan labetik atera berriak, hainbeste saldu izana? Kasu honetan ez baitute balio egilearen aurreko lanen erreferentziak edota ahoz ahoko propagandak. Baina noski, ahaztua geneukan Jon Maia bertsolaria ere badela, edota bertsolaria dela oroz gain. Eta horrek esan nahi du du gutxienez 13.000 lagunek ezagutzen dutela bertatik bertara bere sorkuntza lana. Eta lan hori atsegin dutela, txalotu behintzat egiten dute eta. Badakigu gainera, gurean bertsolariak etxekoak bezala direla ia, hainbeste momentu pasa ditugu eurekin. Datu honek, ordea, ez luke inor harritu behar, hitza langaitzat duten gainontzeko ofizioetako kideek ere idazten dituztelako liburuak, onak nahiz eskasak. Baita bertsolariek ere (Egaña, Iturriaga). Idazle ez den batek idatzitako lana txarra izango denik, beraz, ez da aurretik esan behar. Baina ezta bertsolaria izateagatik kontrakoa ere. Honaino liburuaren kanpo faktoreak.

Barne faktoreei dagokienez, bat aipatzekoa besteen gainetik: gaia. Abuela eta abuelo, eta neurri batean tio dira Riomundoko gaia. Jon Maiarenak, suposatzen da. Liburuaren azken zatian tio da narratzailea eta bere gurasoen ibilerak kontatzen ditu bera jaio zen unetik. Nire iritzirako hemen hasten da historia, edota liburuarekin kontatu nahi dena, benetako muina. Zeren irudipena daukat liburuaren ekarpenik handiena (eta barkatu esamoldeak) maketoaren, belarrimotzaren, mantxurrianoaren, eta azken batean 50-60ko hamarkadetan Euskal Herriratu zen hegoaldeko etorkinaren aitorpena egitea izan dela. Edo behintzat integratu zen etorkinarena. 125. orrialdean hasten da gaiaren benetako mamia, padre (Maiaren abuelo, suposatzen da) Vascongadetara iristen denean. Zorroan hirugiharra eta txorizoa dakartza, aberri bakartzat. Ordura artekoek, Extremadurako bizimoduak, gerra zibilak, gerra-osteak… aurrekarietan jartzeko balioko digute. Desterruan hasieratik bertatik sentituko du erbestearen hotza, hasieratik sentiarazten dute maketo. Honela adierazten da sentimendu hori: “makina zaratatsuak, salda goriak, galdara haiek eta hots, harrabots, danbateko ikaragarriek gorputza gaiztotu zioten… Txoriez gogoratu zen, mendiez…”.

Bukaera aldera, baina, Extremaduratik etorritako gurasoen bilobek ikastolan ikasten bukatzen dute, beren lekua egiten dute. Paralelismo baten bitartez atze-aurreak batzen ditu narratzaileak: tiaren senarra gerra zibilean eta hamarkada batzuk geroago Jon Paredes Manot Txiki hiltzeko erabili zituzten tiroak berberak izan ziren.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak