kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Vredaman / Unai Elorriaga / Elkar, 2005

Iman-harriarekin istorioak biltzen Gema Lasarte / Berria, 2006-02-21

Unai Elorriagaren hirugarren nobela hau lau ixtorioz osatutako kontakizun irakurterraza dugu. Ume batek hartu du gidaritza istorioak kontatzeko tenorean, lehen pertsonan nahiz hirugarren pertsonan ageriko zaigu; baina nobela beti ere aulki paretik edota umeek duten garaieratik ikusiko dugu. Eta hori da nobelak duen gauzarik aipagarrienetakoa. Umeak hitz egiten du eta umearen dialektoa landu du Elorriagak, baina hori baino interesgarriago iruditu zait umearen begiradak narrazioetan zehar hartzen duen kokapena, lurraren pare beti eta misterioen gotorleku diren zirrikituetatik barna.

Heriotzaren eta inteligentziaren hartu-emanaz hitz egiten da nobelan, Elorriagak Xabier Mendigurenen blogean aitortzen duen bezala. Protagonistaren aitaren gaixotasuna izango da narrazioetan zehar denbora ziklikoa edota errepikapena sortuko duena heriotzarekin amaitzeko. Bitartean protagonista (Tomas) libelula urdinaren bila ibiliko da munduko pertsonaiarik inteligenteena bilakatzeko. Artean izekoen etxean egotea tokatuko zaio Tomasi, eta lotarako pijamak goma hautsia duela behin eta berriro errepikatuko digu eta izekok josiko diola, baina ez dio josten. Prakaren goma apurtuaren antzera, Tomasen bizitza hautsia dago, bere etxetik urrun eta ospitalean aita duelarik.

Ehundaka hitz, zenbaki eta istorio entzungo ditugu nobelan zehar, eta ezin izan bestela, emakume jostunen espazioa istorio oso baten kokalekua izanik. Espazio bilduak aukeran gehiago azaltzen dira leku irekiak baino. Azaltzen diren espazioetatik esanguratsuena dugu Izeko Rosaren jostundegia, bertan istorioak josten dira eta emakumeak dira istorio horien kosmosa sortzen dutenak. Tomasek lurrera erortzen diren jostorratzak jasoko ditu iman-harri magikoarekin kontu guztiak entzuten dituen bitartean.

Umeak bereak ditu misterioa eta magia eta nobela honek badu zerbait errealismo magikotik. Istorioak, fantasia, eta pertsonaien abaniko zabala eskaintzen digu Elorriagak bere azken lan honetan. Tomas baldin bada, narrazioetan zeharreko begirada gaztea, istorioetan azalduko zaizkigun pertsonaia batzuk aski helduak dira, eta hori ez da estreinakoa Elorriagaren poetikan, izan ere, bere lehen nobela geriatrikoan kokatu baitzuen. Unaik dioenez gauzak kontatzen dakiten pertsonak maite ditu, “zaharrek gazteek baino pazientzia handiagoa daukate kontatzen egoteko”.

Denbora linealean ume batek iradokitutako gidoiari jarraituz, polifonia ezin ederrean eta angelu ezberdinetatik ume batek kontatuko lituzkeen mila egia eta entzungo lituzkeen zientoka istorio idatzi ditu Elorriagak. Tomas libelula urdinaren bila dabilen mutikoaren istorioa; Simon osabarena, golf zelaian errugbi zelaia gauez marrazten ariko dena, Gur lagunak lagunduta; Mateo lehengusuarena, aittite Julian Europako ebanistarik hoberenaren istorioa osatzen ahaleginduko dena; eta jostunen bilgunean emakume andana azalduko zaigu denak ere Piedad anderearen misterioa jakin nahian.

Asko dira pertsonaiak nobela honetan azaltzen direnak eta bakoitzak badu zer kontatua, bakoitzak badu bere lekua eta denbora, baina denek dute tonu nahiz semantika berdina, ume batek eman dakiokeena. Esaldi motzak, hitz neurtuak, elkarrizketak isiltasunekin sujerituak, gutunak… denetarik agertzen zaigu kontakizunaren feria txiki honetan. Pertsonaiek, istorioek eta batez ere, umearen begiradak eskaintzen duen gardentasunak eta arintasunak ematen dio freskotasuna eta indarra Elorrigaren azken kontakizun laukoitzari edota hitz lauari.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak