kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ametsen baratza / Askoren artean / Elea, 2005

Kaleidoskopio matxinoa Gotzon Hermosilla / Berria, 2006-02-07

Liburu batzuk kutun begitantzen zaizkigu. Kutun, berbaren bi adieretan. Barruan dakarrena maitagarri izateaz gain, objektu bera egiten zaigu erakargarri. Atsegin hartzen dugu esku artean eutsi eta orriak ferekatzean. Plazer fisikotik gertu dagoen zerbait sentitzen dugu azal biguna laztanduta. Horrelako zerbait gertatzen zait niri Ametsen baratza honekin.

Suposatzen dut Santutxuko (Bilbo) Sorgintxulo gaztetxearen eta, oro har, Euskal Herriko gaztetxe guztien alde argitaratutako liburua izateak baduela zerikusirik horretan. Edo egile askoren artean ekoitziriko lana izateak. Edo askoren arteko horretan gehien preziatzen ditudan idazleetako batzuk egoteak. Auskalo.

Liburu kolektiboek gurean duten batez besteko maila erraz eta erruz gainditzen du Ametsen baratza honek. Denetarik dago hemen: narrazio laburrak, poemak, bertsoak, eta prosaren eta poesiaren arteko mugak lausotzen saiatzen diren testuak ere. Euskal literaturaren gaur egungo panoramaren antologia moduko bat osatzen digutela esatea larregi esatea litzateke, baina idazle sorta polita bildu da Santutxuko gazteen ekimenaren inguruan, eta testu gogoangarriak, aurkikuntza esanguratsuak eta ezusteko atseginak ez dira falta hemen.

Bertsolarien antzera, gaia emanda jardun dute idazleek, eta iduri luke sormenerako zelanbaiteko muga dagoela hor. Kasu gehienetan ez da hala gertatu. Are gehiago, batzuek nahiago izan dute gaiari zuzenean ez oratzea eta, esaterako, gaztetxe berba ez da agertzen Pako Aristi, Felipe Juaristi, Ixiar Rozas edo Juanra Madariagaren testuetan. Hala ere, haien poema eta narrazioak ez daude lekuz kanpo, bat datoz liburuaren tonu nagusiarekin.

Idazleetako batzuk gazteak dira, eta, gune okupatuen apologia abstraktua egin beharrean, nahiago izan dute euren istorioak gaztetxeren batean naturaltasun osoz kokatzea, beharbada gaztetxeak haien eguneroko paisaiaren osagai direlako. Urtzi Urrutikoetxeak eta Bertol Arrietak amodio istorio bana kontatzen digute, eta bietan gaztetxea, dekoratu ez ezik, pertsonaia ere bilakatzen zaigu. Eider Rodriguezen narrazioan mamuak mendeku eske datozkigu, Xabi Bordak eta Mikel Peruarenak poema eder eta garratzak eskaintzen dizkigute, eta Uxue Alberdik gordin eta ozar laburbiltzen du belaunaldi gazte horren amorrua: “Oso egoki dakite bizitzen zaharrek, baina zaharrak, amigo, hil egiten dira”.

Deigarriagoa begitandu zait aurreko belaunaldiko zenbait idazlek erabilitako tonu eta gaiak. Hogeita hamabost urteak atzean utzi dituzten idazleen kasuan, askotan agertzen da zapuzturiko amets eta traizionatutako idealen gaia. Itxaro Bordaren ipuinaren pertsonaietako bat “gizon errespetatu baten moldean” ibiltzen da, aspaldiko amoranteari ez ikusiarena eginez. Luzarraga, Jaio, Cillero, Landabaso… Guztietan agertzen da behialako gaztetxeroen frustrazio samina. Juan Luis Zabalak ere eusten dio gaiari, eta eskertzekoa da bere buruaz barre apur bat egiteko ibiltzen duen ironia. Gaztetasuna denboraren poderioz sendatzen den gaixotasuna ote?

Agian, erantzuna idazle helduenen lumatik datorkigu, Joan Mari Irigoienen soneto ederrean, Gerardo Markuleta edo Felipe Juaristiren olerki sakonetan, edo “sekula gaztetxe batera sartu barik” dagoela aitortzen duen Xabier Mendiguren Elizegiren gogoetan. Eta aipatu gabe utzi ditut Cano, Zaldua, Zubizarreta edo Lujanbioren lan estimagarriak. Merezi du, bai, baratze honetan ametsen xerka abiatzea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak