kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ametsen baratza / Askoren artean / Elea, 2005

Elkartasunaren aixolbetik Iñigo Roque / Gara, 2006-02-04

Azken urteotan ugaldu dira liburu kolektiboak. Askok pentsatuko dute liburu horietan gehiena galtzua izaten dela. Baina ez da hala.

Badira hamar urte Francis Fukuyamak “historiaren akabera” iragarri zuela… Guztiarekin ere, honelako lore batzuk aurkitzen ditugu simaurtegian, aldian-aldian, erresistentziako literaturak berezko dituen akatsak onarturik (idazleen izenak oker idatzita; errakuntzak; lerro batetik bestera izenez aldatzen diren futbol taldeak…)

Gaztetxea gaztaroko etxea da. Karmele Jaiok eta Fernando Morillok aurrez aurre paratzen dituzte behialako maitaleak, gaztetxeko lagunak. Ipuinak ia paraleloak dira: ustekabeko enkontrua; andrea eta gizona; andreak alaba bat izan du. Amaierak, ordea, zirt-zart bereizten ditu: batek lehen-minari kili-kili egiten dio; besteak, ordea, min horri ihes egiten. Ororen buruan, denbora galduaren bila ibiltzen dira pertsonaiak: “Gau batez bada ere, hemezortzi urteko neska izan daitekeela pentsatu du”, dio Jaiok. “Zer gertatu zen gero?”. Erantzunak ez du inor harrituko: “Bizitza suposatzen dut”. Izan ere, narrazio gehienak lehenaldikoak dira, pertsonaien oroitzapenetan oinarrituak. Orain bizitza aspergarria da, ez du xarmarik, Landabasoren pertsonaien ahotan. Helduaroko zubia pasatu dute gehienek, etsirik. Xabi Borda ere halatsu mintzo da: “aspertzeaz aspertu naiz”.

Atsegin izan ditut errima biribilegiko poemak. Amets Arzallusen bertso-alegiak, kasurako, Brecht-en poema batzuen durundia ekarri dit: “Beti ixteko, beti ixteko, baina ez da errenditu / gaztetxe honek katuak baino / bizitza gehiago ditu”. Bitxia da Arzallus eta Mikel Taberna bat etortzea animalien irudiak baliatzean. Felipe Juaristiren eta Markuletaren poemak ere ildo berekoak dira, egitura paraleloak eratzen dituzte, batak bakoitzari zer dagokion esanez (gazteei gaztetxea dagokiela esan barik, agerikoegia izango baitzen) eta besteak gaztetxeak eraistean zer gertatzen den adieraziz. Asier Serranok elkartasun ahaztua piztu du niregan: “Lagunok esadazue arren, zer egin dezakedan”, irakurgai zaharrak berrituz: “Makinista, otoi, anaia, / eraman nazak hara? / Nora?” (Nazim Hikmet). Lagunok, anaia.

Eta halako batean topo egin dut Ixiar Rozasen narrazioarekin. Pasarte laburretan kontinenteko hiri batetik bestera eraman nau, kapitalismoaren erakusleihoak bistaratuz. Hirietan argi gehiegi daudela salatzen du, anaia nagusia farola futuristez baliatzen baita gu barrandatzeko. Salatzen du langileen badaezpadako egoera: “(…) supermerkatu batean lanean ari zarela eskua zauritu, eta hurrengo goizean etxean geratzen bazara” kaleratu egiten zaituzte. Eta hitzen garrantzia doi berreskuratzen du: “orain gutxi Londresen poliziak erail zuen langilea (ez brasildarra)”.

Umorea ere txitean-pitean ageri da. Iban Zalduak gaztetxeko eskeletoa (Callejaren adierazpen delizios haiek) eta Poeren Amontillado upela uztartu ditu. Juan Luis Zabalak bere buruari barre egiten dio, Galdu arte liburuaren gaineko hitzaldiak direla kontu (Lutxo Egiaren arabera, gaztetxeroen Biblia). Eta, hobe ez, Julen Gabiria, Azkunaren “miresle” ezaguna, ateraldi xelebre batekin datorkigu: “Pues me alegro porque a mí el sonido de la trompeta me encanta”.

Beste idazle batzuk ere aipa litezke: Javi Cillero, Patxi Zubizarreta (espekulazioari buruzko ipuin beltxa), Uxue Alberdi (liburuko zinezko aurkikundea), Amaia Iturbe (gazteen eta aitona-amonen arteko koalizioa)… Eta beste gaztetxe batzuk ere bai.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak