kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Lekuak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2005

Leku bat ez ezik Miel A. Elustondo / Berria, 2006-01-31

“Gira, il mondo gira nello spazio senza fine…” Orkestraren soinua eta Jimmy Fontanaren ahotsa, batetik. Gure idazlea, artean gazte bizargabeko, bestetik: “Ari nintzen, 1965eko udan, abestia nire gelan entzuten, eta spazio senza fine hartan nenbilela iruditu zitzaidan, leku etereo batean flotatzen astronauta baten moduan, eta nire aurrean, iluntasuna zipriztinduz, milaka izpi argitsu zeudela, izarrak eta planetak, asteroideak eta kometak. Pentsamendu batzuk ere pentsamendu batzuen arrasto ahulak erne zitzaizkidan ikusmiraren eraginez”.

Eta mila urte igaro eta ura bere bidean. Lekuak eta pentsamenduak idazlea baitan baina, mila urte igaro eta, arrasto aspaldi sakonean.

Leku hainbat pentsu, pentsu hainbat leku gordetzen zituen Groenlandiako lezioak.

Leku hainbat pentsu, pentsu hainbat leku Horas extrasek, Lekuak honen aurrekarietako batek. Haren uberan dator hau, uhin handi eginik eta bi partetan bereizirik. Urteetan jaulki izan dituenak bildu, landu, hornitu eta eman dizkigu Bernardo Atxagak.

Lehenengo partean, Euskal Herria du ardatz, Obabatik Euskal Herrira bidean. Euzkadi, Euskadi… Euskal Hiria portu. Bertan ainguratu du ontzia egileak eta, 1965ean bezala, pentsamenduak erne zaizkio… ikusmiraren eraginez ez ezik, bizitzaren legean. Egileak hamaika ikusi du, bizi du, sufritu du herri honetan, herri honengatik, hemengo herritarrengatik, eta pentsamendu egin ditu sentimendutik datozkionak. Garia eta lastoa bahetu eta gogoeta mina eskaini digu. 2005ean beste soinu batek hartu du behialako orkestrarena. Ahotsa ez da Jimmy Fontanarena, Xabier Leterena baino. Euskalerri nerea ezin zaitut maite baina nun biziko naiz zugandik aparte.

Bestelakoa dugu bigarren partea. Lekua eta literatura ditugu bertako aitzakia eta arrazoiak. Idazlearen eskutik, Extremadura, Gaztela, Kanariak, Paris eta Marokon izango gara bidaian. Lekuak. Eta ibilerak, bizipenak, gogoetak. Tartean, fikzio magikoa elurrezko ipuinetan —Antonio de Murguiak esan zuena, Ametsak iparralde izoztuan, Lau aldiz elur—, eta, erremate, elkarrizketa distiragarria elurraren inguruan.

Bigarren zati honetan bertan, beste ipuin zoragarri bat, emigrazioaren lekuan: Declaración de Guillermo, eta, azken buruan, goia jotzen duen testua: Biografiaren lekua: Bilbografia: “Erabat galdua nenbilen 70eko hamarkadaren azken urte haietan, eta gainera ez neukan dirurik koltxoi bat erosteko ere…”.

Pentsamendu batzuen arrasto ahulak ziren 1965eko udan. Arrasto sakonak dira egun. Halaxe erakutsi digu Bernardo Atxagak urteen joan-etorrian han eta hemen argitaratu dituen kolaborazio ederretan barrena. Oraingo liburuan, bildu egin ditu horietarik zenbait, esker onean egituratu, argazki esanahidunak erantsi, eta erraz eskaini irakurleoi. Hemeroteka eta biblioteka-lanak arindu dizkio urre-bilatzaileari.

Liburu bat bi partetan, gureko galdetzaileen geozentrismotik aparte. Joseba Sarrionandia ohartarazle: “Geozentrismoa eta beste zentrismoak dira oraindik ere mendebaldeko pentsamenduaren oinarriak. (…) Zentroaren ideia hau ez da, bidenabar, naturala, ez bada kulturala, eta ideia horretatik sortzen den unibertsoaren imajina, gutienez, oker baten ondorioa da”.

Liburu bat, bi parte. Osorik irakurtzekoa.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak