kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kearen truke / Aritz Gorrotxategi / Alberdania, 2005

Ke usainak Josu Lartategi / Deia, 2006-01-10

Hasiera indartsua du Aritz Gorrotxategiren eleberri beltz honek, aski ohikoa film eta narrazio beltzetan bestalde, bai behintzat azken aldiko protagonista etsien istorioetan: itxura arrunteko kasua, ustel usain nabarmena ezkutatzen duena, handi-mandien presentzia, polizien kezka-falta susmagarria… eta guztiaren erdian, arazo pertsonalek eta profesionalek gainezka, korapiloa askatzeko gogoa erakusten duen pertsona bakarra.

Agure bakartia hil den ala hil duten ez dago garbi, baina kasu ezohikoa bihurtzen duen elementua liburu ezezagun eta misteriotsu baten presentzia da; edo ausentzia, nola begiratzen dugun. Horretaz berehala ohartu da gorago aipatu gure protagonista etsia, Samuel Elizalde ikertzaile ohia. Samuelek aspaldian utzi zion komisaldegiko buruen eta morroien begietara garrantzitsu izateari. Oraingoan, baina, haren beharra dutela dirudi, liburuzaleen kontuak tarteko. Izan ere, kasu itxuraz ezdeus horretan euskal letren printzea omen den Axular delako baten liburu bat barrundatzen da, hots, Gero izenburukoa ez den beste bat. Eta Samuel Elizalde da, itxuraz, polizien artean euskal literaturan jantzia den bakarra.

Filologoen artean zurrumurru asko dabiltza, batzuk aipamen jakin batzuetatik datozenak eta beste batzuk elezaharren mundukoak gehiago; horietako batzuk Axularri dagozkio. Gero-ren bigarren zatia idatzi ote zuen? Eta beste libururik? Eta zertan izan ziren bera eta Lancre inkisidorearen arteko harremanak? Eta euskal liburu zaharragorik ba al da, Etxeparerenaz gain? Lazarragaren aurkikuntza gertatu den bezala, gerta al liteke beste horrenbeste Axularren edo bestelako baten eskuizkriburen batekin?

Abiapuntu euskaltzalea du, estilo bereko beste istorio anitzek ez bezala. Horrek egiten desberdin, baina horrek bakarrik agian. Gainontzekoa edozein toki ustel, edozein protagonista etsi eta edozein film edo istorio beltz izan zitekeen; are gehiago, oso azaletik ageri da politikoen ustelkeriarena, polizien saldukeria, hiriaren dekadentzia, protagonistaren eta emazte ohi eta alabaren artekoa… baina akaso hala behar zuen, hamaika aldiz kontatu dizkigutelako halakoak. Axularren ingurukoak dira interesgarrienak, euskaltzaleentzako oparitxoa, ikertze trama harrigarria; izan ere, ba al da liburuzalerik euskal liburu bategatik inor hiltzeko prest dagoenik?

Amaiera ere indartsua da, hasiera nola, arinegia ausaz, baina erdian beheralditxoa sumatu dut, ekintzarik gabeko lapso astunagoa. Idazkerari dagokionez nolabait esateko onegia, garbiegia iruditu zait. Faltan hartu dut zikinkeria gehiago. Istorioaren ke usainari ondo baino hobeto zihoakion, gainera.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak