kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Bekatuak / Ana Urkiza / Elkar, 2005

“Je suis enceinte”… telefonoak bestaldean tu-tu-tu Gema Lasarte / Berria, 2006-01-10

Liburu honen inguruan hiru gauza azpimarratuko nituzke. Lehenik, liburuan zehar behin eta berriro sujeritzen diren gaiak: harrokeria, mendekua, desleialtasuna, inbidia, faltsukeria, lapurreta, traizioa… Azalean Borja Goitiaren diseinuan eta Juantxo Egañaren argazkietan bi sagar azaltzen dira eta larrubizirik dagoen gizonezko baten atzealdea. Sagarra izan zen Ebaren tentazioa, paradisua betiko galdu eta bekatubidean sartzeko zioa. Ana Urkizak ondo adierazten du, Garbitzailea narrazioan: “tentaziorik gabe ez dagoela bekaturik”.

Testuari dagozkion espazio, leku eta pertsonaiak ezin errealagoak ditugu: protagonista nagusiak, berriz, emakumeak. Ama: “gogoratzekotan, sukaldean gogoratzen dut, janaria prestatzen, isilean negarrez…”; emakumeak: “leihotik begira dagoen emakumea, etxetik kanpoko istorioak asmatzen, bakardadeak irudimenari hegoak jartzen dizkiolako”, “urtebetetze egunean senarrak oparia mahai gainean utzi eta egun guztirako bakarrik geratzen den emakumea”; alarguna: “alabaren etxera, kristalezko zapatak jantzita dantzaldietara joateko aukera guztiak galtzen dituen Errauskiñe…”; amona: “amantalarekin gogoratzen dut, amantalarekin sukaldean janaria prestatzen, amantalarekin kalean mandatuak egiten…”.

Emakume hauek gizonezkoekin dituzten hartu-emanen inguruan dezente dihardu Urkizak. Liburuan zehar etenik gabe azaltzen zaigu Itziarren kontakizuna, izan ere, Itziarrek, Josebarekin ezkontzekotan zenean, Almuhud-ekin harreman zirraragarria izan zuen eta bizitza guztirako “ni bekatari”. Nuria eta Rikardoren zoriona perfektua zen: hitzik gabea. Silviak Marco oporretan Italian ezagutu zuen, bueltan haurdun zegoela begiztandu eta telefonoz adierazten dio “Marco… Io bambino tui, Marco… Marco, Je suis enceinte”… eta telefonoak bestaldean betirako tu-tu-tu. Gari lasterketa aurreko egunean ezin da larrutan ari, baina, ezkonberria izaki, ezin ezetzik esan Aliziari, eta biharamunean lasterketarik irabazi ez. Burumakur heldu zen etxera, Aliziari promes egindako txapelik ez zekarrelako besazpian. Alizia mutututa harrapatu zuen: “Zer gertatzen da?”, galdetu zion Garik. “Zer gertatzen den?”, bota zion emazteak, lasterketagatik galdetzea ahaztuta. “Bart ere bakarrik ihes egin zenuela!”.

Esan behar da hemen azaltzen diren emakumeak ez direla denak Ebak, Aliziaren traza gehiago baitute errealitateari aurre egiteko tenorean. Bekatuen katalogo txiki honi umore handia sartu dio Urkizak, eta nik esan behar banu, gaiaren seriotasunak eta aldi berean darabilen ironiak bihurtzen du zinez erakargarria liburu hau.

Motzean, oso motzean eta fin idatzi du Urkizak. Albumean sartzeko argazkietan zoriona istant bat bezala gordetzen duen lez, narrazio hauek argazkiak ditugu. Hitz neurtuak, kontatuak. Gure literaturan hitzaren ekonomia maisutasunez erabili duenik bada lehendanik ere, bat aipatzearren Sarrionandia; Urkizaren lan honek dagokion ibilbidea egiten badu bederen, eremu horretantxe utziko du arrastoa.

Liburu polifonikoa dugu, ahotsak etenik gabeko aldaketan ditugu: lehen pertsona, hirugarrena eta bigarrena sarri erabiltzen ditu narratzaileak. Narrazio denborak ere aldatzen doaz, eta erlato bera perspektiba diferenteetatik kontatua aurki genezake. Bukaera diferenteekin ere jokatu du Urkizak liburuan zehar, eta aipaturiko guztia, lortu nahi duen erritmo bizi eta gardenaren mesedetan. Gure eguneroko bekatu txikien inguruan barre egin nahi baduzu edota norbaiti eginarazi nahi badiozu, Bekatuak berandu gabe irakurtzekoa duzu.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak