kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ezker hanka falta zuen / Lutxo Egia / Susa, 2005

Gerenaren ibili herrenak Gotzon Hermosilla / Berria, 2005-12-13

Ez dakit zergatik. Beharbada, Lutxo Egiak Ezker hanka falta zuen narrazio honetan ibiltzen dituen erreferentziak gertukoak ditudalako: Sestao, Galizia, River, itsasadarra. Agian, erreferentzia horien aitzakian gai unibertsalagoak jorratzen dituelako: traizioa, adiskidetasuna, heriotza, literatura. Apika, liburuak aldarte berezian harrapatu nauelako, Bilbotik Santurtzirako trenean irakurri dudalako, leihatilatik txokolate pozoitsuzko erreka eta ugerrak jandako garabiak ikusten nituela.

Ez dakit zergatik, baina Egiak narratibaren arloan egindako bigarren saio hau asko gustatu zait. Egilea ezagutzen dudalako, idazle eta lagun gisa estimatzen dudalako ote? Ez dakit, eta zalantza horrek ere barruak sano marruskatu dizkit liburu honetaz zerbait idaztea bururatu zitzaidanetik. Erabateko objektibotasunean ez dut sinesten, are gutxiago literatur kontuetan, baina ez nuke nahi iruzkintxo hau adiskidekeriaren ondoriotzat hartzea inork.

Eta, hala ere, azkenik, liburu honetaz idaztera deliberatu dut. Benetan pentsatzen dudalako narrazio honen balio literarioa arestian aipatu ditudan kontu guztien gainetik dagoela, eta Sestaoko kale kantoiak inoiz zapaldu ez dituztenek ere kalitatezko literatura onaren zantzuak aurkituko dituztela lan honetan.

Plano bi txirikordatzen ditu Egiak liburu honetan, Paperezko hegazkinak estreinako lan hartan bezalaxe. Horietako bat, interesgarriena nire ustez, iniziazio istorioa da. Hiru gaztetxok Gerena kirol kazetaria ezagutu dute, eta haren eskutik askoz gauza gehiago ezagutzeko parada izango dute: bi mundu kontrajarri banatzen dituen itsasadarra, Sestaoko auzune proletarioak, River futbol taldearen ibilera makurrak, gatazka politikoa. Eta adiskidetasuna. Eta amodioa. Eta bi sentimendu horiek zapuztu ditzakeen traizioa.

Baina Egiak ez digu berba egiten letra larriz idatzitako etoikeria zitalaz. Egunero, oharkabean ia, konturatu gabe eta inertziak eramanda egiten ditugun traizio txikiez ari zaigu idazlea.

Bidaia iniziatiko horretan, hiru gaztetxoek Gerena izango dute maisu eta gidari. Gerena baita liburu honetako protagonista, eta narrazio honetako aurkikuntzarik handienetakoa. Protagonista izanagatik ere, Gerenak ez digu zuzenean berbarik egiten. Narratzaileak kontatzen dizkigun zertzeladengatik, hiru lagunen galbahetik igaro ostean ezagutzen dugu Gerena. Eta, hala ere, kazetari herrena begiko eta gertuko suertatzen zaigu. Agirretarren kastakoa dugu Gerena, Koldo Izagirrek esango lukeen moduan. Metxarenak bezala, Gerenaren ibiliak ere herren samarrak dira. Eta haren purrustadek, haren izaera matxinoak Nikola ekartzen digute akordura.

Narrazioaren bigarren planoa Galizian gertatzen da, hara joan baita narratzailea, erantzun baten xerka. Baina han konturatuko da erantzunak baino garrantzitsuagoak direla galderak. Kontakizunaren bigarren hari honetan, Manuel Rivas idazlea protagonista bilakatu du Egiak, metaliteratura ariketa polita eginez.

Narrazio laburra da Ezker hanka falta zuen, eta Egiak egoki hartu dio neurria kontatu beharrekoari. Paperezko hegazkinak eleberrian erakutsitako estiloan aldaketa handirik egin gabe, hura findu eta aberastu egin du idazleak bigarren lan honetan. Denak ez dira loreak izango, eta pasarte batzuetan sartzen dituen koplak eta olerki zatiak bortxatuegiak begitandu zaizkidala esan behar dut. Baina horrek ez du lausotzen liburuak uzten digun zapore gozoa.

Elkar Fundazioak emandako Joseba Jaka literatur beka irabazi du Lutxo Egiak aurtengoan. Epeak betetzen badira, datorren urtean ikusiko dugu horren emaitza. Bitartean, Ezker hanka falta zuen irakurtzea ez da itxaronaldia samurtzeko modu txarra.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak