kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Note book / Pako Aristi / Erein, 2005

Kaiera bete ohar Aritz Galarraga / Gara, 2005-11-26

Badirudi bidea aurkitu duela Pako Aristik. Behintzat hori ondoriozta daiteke argitaratu dituen azken hiru liburuak esku artean hartuta. 2003tik hona ondorengo uzta utzi digu: “Libreta horiko poemak” (2003), “Gauza txikien liburua” (2004) eta orain gutxi iritsi zaigun “Note book” hauxe. Bidea aurkitu duela diogu, bide beretsutik baitoaz trilogia antzekoa osatzen duten hiru titulu hauek. Aristiren hasieretako fikziotik urrutiratuz, saiorako, iritzirako, esperientziarako joera duen bidea hartu dute azken liburuok. Idazleak jarraitzen du bere betiko ezaugarriak mantentzen, edozein motako esperimentalismo edota modatik urrun; jarraitzen du istorioak kontatzen dituzten istorioak kontatzen, aho bilorik gabe, harira zuzenean eta gauza bakoitzari bere izena jarriz. Eta badirudi, formari dagokionez ere, aurkitu duela modurik egokiena. Eroso nabari zaio, itxuran zein mamian, beti ere diskurtso propio eta konformagaitzari aterabidea ematen asmatu duelako. Libretaren, liburuaren, kaieraren erreibindikazioa eginez, e-book edo liburu digitalaren gailentzea iragartzen dutenen aurrean. Galtzen ari den kultura bat, gailentzen ari den beste baten aurrean jarriz.

Folioa dute komunean liburuko testu guztiek, neurri hori ezarri zaie liburuko 75 piezei. Ordenagailuak gizarteratu aurretik, folioa zen literaturaren neurria idazleentzat. Folioaren lilura aipatu du Aristik eta pentsamenduari neurria jartzea. Folioaren atzean ere usain daiteke garapenaren aurkako jarrera, kontsumo gizarteari aurre egin nahi dion azken mohikanoaren kantua. Eta ez bakarrik testuoi inposaturiko kortseagatik, ordenagailuak markatzen dituen neurrien aurrean folioarenak aukeratzeagatik; landutako gaiek, gaiei emandako trataerek, trataera horiek hartzen duten purrustada itxurak idazle antisistema bezala aurkezten digute Pako Aristi: ideologia ezkertiarraren Pepito Grillo baten modura, gizartearen aldaketak liseritu ezinik dabilenaren antzo. Horren adibide dira koherentzia hitzari eskaini dizkion zazpi atalak. Euskal letretan geratzen den frankotiratzaile bakanetarikoa da, meritua aitortu behar zaio, baina susmoa daukat geziak dituela arma bakar, jada oinarri sendoegiak dituen kanoi-bateria baten aurka egiteko: “horregatik bakarrik nahi nuke nire hitz hauek zalantzaren izua eragitea dirua daukatenengan, eta zalantza beraren itxaropena dirurik ez daukatenengan”, dioenean adibidez.

Genero aldetik sailkatzeko zaila den liburua da “Note book” Ipuin batzuetan, artikulu, saio, gogoeta besteetan, generoen nahasketa dela dudarik ez dago. Modan dagoen generoa da generorik eza, genero definiturik eza edo, nahiago bada, generoen nahasketa. Gauza bitxia moden aurka idazten duen idazle batengan. Zeren eta moden aurka idatzi nahi du Pako Aristik, koherente izan bere idealekin. Garai borrokalariagoen nostalgiarekin idatzitako testuak aurkituko ditugu, gizarteak, nora ongi ez dakigun arren, hartutako norabidearekin konforme ez dagoen idazleak idatziak. Horregatik testu batzuk egin zaizkigu kontzientziaren pizgarri. Horregatik testu batzuk egin zaizkigu aurrez galdutako borrokaren erakusgarri.

hots sozialak ez dakit zer esango duen “Note book” kortseteatu honi buruz, baina nire ahotsez hitz egin behar badut, freskotasunik ez estaltzeko, aipatuko dut gazia, aipatuko dut gozoa, hauxe baita liburuak utzitako zaporea. Kuriositate bat amaitu aurretik: “leize” hitza ugari erabiltzen da. Prentsan irakurri dugu “ermitau baten gisan egon ondoren” idatzitako liburua dela “Note book”. Hartu nahi duenarentzat.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak