kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Lurtarra da begiratua / Xabier Etxabe / Elkar, 2004

Azkenetan den erromeria Aingeru Epaltza / Nabarra, 2005-11

Nor harritu kantari eta musika izarrei egiten zaien erreberentziaz? Negar egiteko arrazoiak inon falta ez direnean, zerbaiten poza behar izaten du jendeak. Hartara, inoiz ez dira nornahi izan, soinu eta kanta, besta egiten dakitenak. Horietariko batzuk beren gizarteen oroimen kolektiboan itsatsirik gelditu dira, mito eginik, urteen joan-etorrian.

Jauzi tikia dago hortik istorioen pertsonaia bihurtzera. Estatu Batuetan bluesman beltzak eta country kantari zuriak ditugu lehen road movie literarioetako protagonistak.

Gure herri muga estuko honetan halakorik ez dugu izan; bai, ordea, bidez bide ibiltzen ohitutako bertsolari eta soinujotzaileak. Berriki arte, Auspoa saileko liburuen gisakoak baizik ez zizkiguten erraten horien kontuak. Ezari-ezarian, bertzelakoetan ere egiten ari dira beren lekua.

“Norbaiten ahotik ateratako kontuak askotan entzuten direnean, azkenerako ez da jakiten epika non bukatzen den eta non hasten den lirika”, dio Xabier Etxabek Lurtarra da begiratua bere lehen literatur lanean. Zalantza bera pizten zaio irakurleari, liburuaren orrietan murgiltzen hasitakoan. Nahastuko pieza dakar kapitulu batean, gerla ondoko urte beltzetan lotuan dantzatzeagatik zigortutako erromeria baten aipua egitean. Dantza molde debekatua ez ezik liburu honen izanari ere ongi dagokion izena bera. Trikitiaren figura ahantzi baten errebindikazioa, garai bateko kronika, familiaren memoriak, nobela… horiek guztiak bereganatzen eta elkarbiltzen ditu Etxaberen begiak, horiek guztiak nahasten eta nahasketa —ez nahasmendu— horri zentzua ematen.

Egiazko gertakizunez eta hezur-haragizko pertsonaiez ari zaigu zarauztarra. Xabier izeneko idazlegai gaztea dantzan dabil liburuko orrietan barna, eta berdin Etxeberria delako idazle biki batzuk, herri berekoak, beren partea dutenak hau bezalako liburu baten mamitze prozesuan. Hondarreko jakinen dugu Elgeta ez zela bakarra izan soinu tikian, Jexux Zulaika izeneko bat —kasualki, Xabier Etxabe izeneko biloba duena— ere norbait izan zela mundu horretan. Eta orobat jakinen Txindurrita izeneko bazterrean faxistek hainbat lagun fusilatu zituztela 36an. Hori guztia hala da eta, hala izanagatik ere, azkenean irakurleari gailentzen zaion irakurketa fikziozkoarena da. Zer axola hau edo hura egiazki gertatu zen ala ez! Beregain bilakaturik, kontakizunaren logikak harrapatua irensten ditu kapituluak, misterio apal bat gidari azken ustekaberaino: egiazko omendua gizona baino areago haren inguruko emakume guztiak ziren. ldazleak gaztigatua zigun: bizitza metafora bat da.

Dena ez da urrea. Narrazioan, antzerkian ez bezala, mamirik ez duten hitzak edo esaldiak soberan daude elkarrizketatik. Bertzalde, atal ezberdinez osaturiko lanetan fin josi behar da, piezen arteko jostura latzegia izan ez dadin. Hurrengo batean ikastekoak.

Poetek ez bezala, prosagileek gorrotoz ekiten diote maiz lanari. Lurtarra da begiratuan amodioz idaztea hobetsi. Halakoetan, samurkeria zelatan egon ohi da, idazlea noiz harrapatuko. Etxabek jakin du arriskuari itzurtzen, gauzak edertu gabe, pertsonak jainkotu gabe. Azkenetan den erromeria baten ikusle pribilegiatua izanik, joaten ari den mundu baten testigantza eman nahi izan digu. Garaien aldaketa ikaragarriak aztertzean, momentuak zer guti aldatu diren berarekin batera ohar gintezen bilatzen zuen noski.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak